NAIZ

6 milioi ume daude Ukrainan harrapatuta eta beste 3,5 milioi desplazatu dira

Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) kalkulatu duenez, 6 milioi ume «oso egoera kezkagarrian» bizi dira Ukrainan eta beste 3,5 milioik beraien etxeetatik alde egin behar izan dute.

Emakume errefuxiatu bat Medykan, Ukraina eta Poloniaren arteko mugan, haurtxo bat besoetan daramala.
Emakume errefuxiatu bat Medykan, Ukraina eta Poloniaren arteko mugan, haurtxo bat besoetan daramala. ( Angelos TZORTZINIS | AFP)

Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) ostegun honetan jakinarazi duenez, Ukrainako gerra hasi denetik hilabete pasa den honetan, 6 milioi umek herrialde horretan jarraitzen dute «egoera oso kezkagarrian». GKE honen kalkuluen arabera, oraingoz, 3,5 milioi haur desplazatu dira eta bostetik batek (1,5 milioi baino gehiagok) herrialdea utzi du.

Haur errefuxiatu gehienek Polonia, Errumania eta Moldaviara egin dute ihes. Era berean, Save the Childrenek baieztatu du, gutxienez, 100 ume hil direla gerra hasi zenetik. Bestalde, 450 ikasketa zentro erasotu dituzte eta horietatik 72 erabat suntsitu diren. Gainera, gerra honetan beste 68 osasun zentro kaltetu dituzte. «Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak dioen bezala, eskolek bonbardaketarik gabeko gunea izan beharko lukete, umeentzat espazio seguru bat izan daitezen», gaitzetsi du Save the Childreneko zuzendaria den Peter Walshek prentsaurreko batean.

Walshek gehitu du Ukraina barruan jarraitzen duten umeek ez dietela «eraso eta bonbardaketei soilik aurre egin behar», baita «trauma psikologiko larriei eta elikagai zein ur faltari». Ildo beretik, Mariupol hiriaren egoera «kritikoa» dela ohartarazi du Walshek: «Uste dugu hiri honetan dauden milaka umeek ez dutela aukerarik elikagaiak eta ura eskuratzeko. Eta egoera honek okerrera baino ezin dezake egin».

Adin txikiko desplazatuen kasuan, Walshek umeen salerosketa sareen arriskuaz ohartarazi du: «Badakigu umeak desplazatzen direnean, gatazka honetan ikusten ari garen bezala, salerosketaren biktima izateko aukera gehiago dituztela».

Testuinguru honetan, erakundeko zuzendariak adierazi du «ahal den guztia» egin behar dela haurrak beraien senideengandik banatzea ekiditeko eta banaketa gertatzen baldin bada familia berehala lokalizatu eta elkartu ahal izateko.

Ukrainari eskainitako laguntza

Gobernuz Kanpoko Erakundeak gogora ekarri du 2014an hasi zela Ukrainan lanean, Donbas inguruan batez ere, eta orain, zentro berri bat irekitzeko asmoa duela Dnipron, herrialdearen ekialdean.

Horretaz gain, Save the Childrenek azpimarratu du diru-transferentzia programa bat martxan jarri duela, honen bidez herrialdetik ihes egin nahian dabiltzan familia zaurgarrienek gutxieneko baliabideak izan ditzaten urgentzaizko elikadura eta ostatu beharrak estaltzeko.

Bestalde, desplazatuen artean zauritu larrientzako osasun materiala duten 60.000 kit eta higiene produktuekin 40.000 kit banatzen ari dela jakinarazi du, eta errefuxiatuen helmuga bihurtzen ari diren herrialdeetan, Lituanian, Polonian eta Errumanian kasu, erakundea laguntza humanitarioa eskaintzen ari da.

Hamar umetik bi gerra guneetan bizi dira

Gerra berri honekin, Save the Childrenek munduan gatazka lekuetan bizi diren umeen kopurua igo egingo dela aurreikusten du. 2020an, mundu osoko haurren %20 bizi ziren gerra guneetan, hau da, ia 200 milioi ume. Zifra hau azken hamar urteetan erregistratutako altuena izan zen.