Oihane Larretxea

‘Uda betea’ poema liburuarekin itzuli da Aritz Gorrotxategi, pozaren sakontasunari begirada bat

‘Uda betea’ poesia liburuarekin itzuli da Aritz Gorrotxategi, ‘Amua’ aurreko obrarekin nolabaiteko segida duena. Azken lan honekin amaitutzat eman du garai bat; maleta egin eta beste norabide bati begira jartzeko ordua dela iragarri du. Itsasoa protagonista, obrak alaitasunaren bokazioa du.

Aritz Gorrotxategik ostegun honetan aurkeztu du, Donostian, ‘Uda betea’.
Aritz Gorrotxategik ostegun honetan aurkeztu du, Donostian, ‘Uda betea’. (Jon URBE | FOKU)

2022. urte honetan bete ditu Aritz Gorrotxategi idazleak (Donostia, 1975) literaturan 22 urte. Zenbaki bikiak eman dio efemeride biribila. Kapikua. Bata bestearen atzetik, bata besteari lotuta. Argitaratu dituen azken bi obrak bezala. Anaiak dira, edo ahizpak. Ez bixkiak, baina elkarren artean duten lotura ukaezina da.

‘Uda betea’ poesia liburua aurkeztu du Elkar argitaletxearen eskutik ostegun honetan Donostian. Eta ‘Amua’ (2020) aurreko lanari egindako erreferentzia berehala aipatu du egileak berak. «Bizkiaren sindromeak jota nagoela ez dut ukatuko», esan du, irribarrez. «Gauzak binaka egiteko prestatu ninduen genetikak. Bi bizki pare daukat, liburuak ere zerbaitengatik ateratzen zaizkit horrela». 

Nolabait aurreko obrarekin hasitakoa amaitu du honekin, eta garai berri bat zabalduko duela iragarri du. Zeren ‘Uda betea’, aitortu duenez, «deskubrimendu bati agur esatea da», ‘Amua’-rekin hasitakoa bukatzea, kanpamendua jasotzea. «Lur horretatik ustiatu beharrekoa ustiatu dut, eta hasi naiz maleta egiten beste lurralde batera joateko».

«‘Amua’-rekiko lorratza hor dago, liburu berri hau fase horren bigarren zati bat ere badelako, bai sentitu dudalako itxiera bat behar zuela. Poema batzuk bai daude ‘Amua’-ren harian, beste batzuk berriz urrundu ditut, baina lotura estua dute. Cesare Pavesek azaltzen zuen bezala epigonoa eta pioneroaz aritzen zenean, poesian dagoen arriskuetako bat da behin tonua hartu duzula replika bilakatzea. Uste dut iritsi zaitela beste norabide batean ibiltzeko ordua».

Alaitasunaren bokazioa

‘Uda betea’-n itsasoa da protagonista, eta izenburuak berak iradokitzen du poemen melodia, perfumea… Zeruarekin batera itsasoa ei da, Gorrotxategiren hitzetan, mugagabera gehien gerturatzen gaituen elementua, itxialdiaren antonimoa dena gainera. «Itsasoak ez du ixten, gonbidatu egiten du».

Mugagabetasunarenak badu zentzu zehatza, zeren obra idazten ari zela gertatu zen itxialdia, eta ondoren pandemia. Baina ez gaitezen nahastu, eskatu du, ez baita horrek eragindako ezta ere bultatzutako lan bat, nahiz eta, jakina, eragina izan duen. «Idazketari dagokionez, pandemia egon da tartean. Eta hartaz hitz erdirik esaten ez bada ere, eragina izan du prozesuan. Ez da izan pandemian hasitakoa, baina egia da itxialdi hartan babesleku moduko bat topatu nuela, itsasargi bat, itxialdiaren aurkako argi bat, kontatu du.

Itxialdia amaitutakoan lehen gauza itsasoa ikustera joan zen Gorrotxategi, eta pandemiaren bigarren fasean udalerrietatik mugitu ezinik ginela, etxetik hurbil duen Jaizkibelera igotzen zen «7. eta 8. kilometroetan malda leunagoa den puntu horretatik itsasoa ikusi ahal izateko».

Hiru ataletan atondu du edukia, eta guztira 26 poema idatzi ditu. Lehenengoan nahasketa dago: itsasoa, omenaldiak, uda… Bigarrena adiskidetasunaren atala da, eta beste omenaldi batzuenak. Zeharka batzuk, agerian besteak, kuttunak dituenak ekarri ditu; besteak beste, iazko maiatzean zendu zen Franco Battiato, Xabier Lete, Chillida, Sofia de Mello portugaldarra, Maria Zambrano, Ana Moura fadista. Hirugarren atalak ixten du, pozaren aldarrikapenak.

Bere barruari begiratu dio Aritz Gorrotxategik, eta urtaro bat ikusi du. Eta ez edozein. «Itxialdian irakurtzeko aprobetsatu nuen, Camus irakurri nuen. ‘Neguaren erdian, azkenean ikasi nuen nire baitan uda garaiezina zegoela. Eta horrek zoriontsu egiten nau’, zioen berak. Nik nire barruan bilatu nuen konfinamendua bukatzeko urtaroa, eta urtaro hori uda zen. Udako oporrak, argia, ardoa, igeriketa, maitasunak, adiskideak…».

Bizipoza kutsatzen duen liburu bat dela esan du egileak, «sentsuala» ere badela, nahiz «heriotzaren itzala edo momentu dramatikoren edo beste badagoen». Hori da ezberdintasun nagusia beste liburuarekiko, kontatu duenez. ‘Uda betea’-k ordea alaitasun bokazioa du, eta pozaren sakontasunean azpimarra jarri du. «Poza arina eta hegakorra izan daiteke, heldu egin behar zaio, zukua atera. Mahai bat eta aulki batzuk poza izan daiteke, maite duzunaren ahotsa, zure buruarekin egotea…».

Formaren arintasuna eta edukiaren sakontasunaren orekan dabil ‘Uda betea’ liburua. Bereziki saiatu da horretan idazlea. «Lanketa bat badago musika eta erritmo aldetik, geroz eta garrantzitsuagoa iruditzen zait hori. Geure buruari galdetzen diogu zer den poesia eta mila erantzun izaten ditugu, eta erantzuna irekia izan arren, nik bai eskatzen dizkiot musika eta melodia». Hori da zailena, alegia, poesia jarioa izatea, naturala eta goxoa. Udako haizea bezala irakurlea zeharkatzea.