Oihane Larretxea
DONOSTIA

Emakumeen borrokak, memoria historikoa eta Ukraina, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian

Emakumeak eta haien borrokak izango dira Donostiako Giza Eskubideen XIX. Zinemaldiak tratatuko dituen askotariko gaietako bat, mundu zabalean ematen diren beste hamaika urraketei begirada zorrotz bat eskainiz. Afganistan, Sahara eta Ukraina ere izango dira hizpide.

Ostiral honetan aurkeztu dute Giza Eskubideen Zinemaldia, Donostian.
Ostiral honetan aurkeztu dute Giza Eskubideen Zinemaldia, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zinemak mugak ezabatu ditzake eta bortxaren aurrean egoten den itsutasuna gainditu. Tresna baliagarrienetakoa izan daiteke, eta bada, baliatzen duen hizkuntza unibertsala delako. Irudiena, soinuena. Afganistan, Sahara, Etiopia, El Salvador, eta azkenaldian etengabe entzuten dugun Ukraina, besteak beste. Herrialde horietatik ez bakarrik, askoz ere gertuago ditugun lurraldeetatik ere ekarriko dizkigu errealitate zailak Donostiako Giza Eskubideen XIX. Zinemaldiak.

Apirilaren 1ean hasi eta apirilaren 8an amaituko da ostiral honetan Victoria Eugenia Antzokian aurkeztua izan den edizio berria. Istorio indartsuak, argi propioa duten pertsonen bizitzak eta bizipenak, emakumeen aldarrikapen unibertsalak eta haien eskubideak errespetatuak izan daitezen abiatzen dituzten borrokak eta memoria historikoa bezalako gaiak ikusi ahal izango dira pantaila handian, aipatu antzokian gehienak.

Josemi Beltran Donostia Kulturako zinema programazioko arduradunak aurreratu duenez, 24 nazionalitateko 40 film eskainiko dira guztira, horietatik 24 film luzeak dira eta 16 laburrak. Sail Ofizialean, ordea, 18 luzemetrai lehiatuko dira, eta Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarrak zuzendutako ‘The man who sold his skin’ (2020) izenburuak emango dio hasiera jaialdiari eta Robert Guëdiguian marseillar beteranoaren ‘Mali Twist’-ek itxiko du.

Beltranek zehaztu duenez, edizio honetan emakumeek eta beren borrokek leku berezia izango dute; Etiopia eta Chad aipatu ditu, hala nola Estatu frantsesean zaintzaileek aldarrikatzen dituzten eskubideak. Pandemiak haien egoera larritu baino ez zuen egin eta hori jasota geditu da Giles Perret eta François Ruffin zuzendarien ‘Debout les femmes!’ dokumentalean.

Afrikan erditzea nolakoa den erakutsiko digu ‘Among us women’ (2021) lanak, ugalketa-osasunaz eta abortuaz mintzatuko da Mahamat-Saleh Haroun zinemagilea ‘Lingui, les liens sacrés’ (2021) izenburuan, eta haurdunaldia eteteko kriminalizazioa ekarriko du Celina Escher ‘Nuestra libertad’ (2021) filman.

Film laburren lehiaketari dagokionez hamabi lan izango dira, eta maratoi moduko batean eskainiko da Antzoki Zaharrean; beste batzuk ere Victoria Eugenian ikusi ahal izango dira.

Aukeraketa egiteko garaian, dokumentalen eta fikzioaren artean oreka bilatu dela baieztatu du Beltranek, eta bereziki dokumentalek duten indarra azpimarratu du. Zenbait lan Donostian ikusteko aukera baino ez da izango, «eta pantaila handian, gainera», erantsi du. «Zenbait lan dokumental gero zirkuituetan topatzea oso zaila izango da», eta Donostiak zentzu horretan zabaltzen duen lehioa oso baliotsua da. «Kalitate zinematografikoa duten lanak» direla esan du.

Afganistan, Sahara eta Ukraina. Gaurkotasunak programazioan duen islaz galdetuta, esan du zenbait errealitateen «emerjentziek» bai baldintzatu dutela agenda, baina erantsi duenez, beste zenbait egoera enkistatuta daude zoritxarrez eta beti dira hizpide, hala nola «emakumeen egoerak, Palestina eta Sahara». Azken honek programazioan beti duela presentzia gogorarazi du. «Gure betebeharra da begirada ezberdin batekin egoera horiek kontatzen dituzten lanak aukeratzea».

Saharako zinema eskolari saria

Sahara. Giza Eskubideen Zinemaldiaren sariak hain justu lurralde hartara garamatza, aurten Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak jasoko baitu. Saharan ia ez zegoen zinemarik 2003an FiSahara lurreartu zenean errefuxiatuen kanpamenduan, gogoratu dute. 35 mm-ko proiektoreekin, zinemagile, kazetari, eta bisitariez betetako bi hegazkinekin heldu ziren «ia ezinezkoa zirudien amets batekin»: 1975etik erbestean bizi diren sahararrei zinema eramatea.

Orain, errealitate bihurtu den Abidin Kaid Saleh prestakuntza eskolaktik, Bojadorreko kanpamenduan, hainbat film labur atera dira. «Saharako zinemagile gazteek ikuspegi propio batekin« kontatu dituzte istorioak, berezbiziko garrantzia duten gaiak tratatuz. Gazteriaren langabezia, osasunaren prekarietatea, edertasun kanonak, depresioa edo interneterako adikzioa.

Sariaren baitan, zinema eskola honetatik sortu diren hiru lan ikusi ahal izango dira: ‘The price of beauty’ (Ahmed Moh Lamin), ‘Searching for Turfas’ (Lafdal Mohamed Salem) eta ‘Toufa’ (Brahim Chafag), denak Mendebaldeko Saharatik.

Solasaldiak eta emanaldi bereziak

Programazioak, proiekzioez gain, beste proposamen batzuk ere luzatuko ditu, hala nola sei erakusketa hiriko areto ezberdinetan, eta jarduera gehigarriak: Giza Eskubideen aldeko pedagogia-Baliabideen IV. Azoka eta Begira TÚ giza eskubideei buruzko on line jolasaren edizio berria.

Era berean, pelikula batzuen emanaldien ondotik gaiari lotutako solasaldiak eskainiko dira. ‘Behind the Headlines’ filmaren ondoren kontrol kazetaritzaz arituko dira Ana Tudela eta Joaquin Castellon; Afganistanetik heldu den ‘The breadwinner’ lanaren ostean saio berezia izango da Nilofar Bayat saskibaloi jokalariarekin, hain justu berak jarri dio aurtengo edizioaren kartelari aurpegia. Gentifrikazioaz mintzatzuko dira ‘Les insulaires’ ondoren, erbesteaz eta erresilientziaz ‘Matrioskas. Las niñas de la guerra’ filmaren harira eta Matxitxako-ko guduaz ‘Matxitxako’ ondoren.

Ukraina eta Errusiaren arteko gaztazkaren sustraiez (‘Trenches’ filmaren ondoren), eta bioetikaz (‘Cow’) ere mintzatuko dira. Solasaldien sorta ‘Norte salvaje’ lanak itxiko du, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak Donostian aurkeztuko duena eta bi muga eta bi une historiko dituena hizpide: Mexiko eta Euskal Herria, zehazki, Irun.

Javier Galparsoro elkarteko kideak aurreratu duenez, 36ko Gerran Irundik ihes egin eta gaur egun Mexikotik Estatu Batuetara hanka egiten dutenen artean paralelismoak bilatu dituzte. «Erbestea bilatu genuen, eta gaur babesa gara. Ezin dugu perspektiba hori galdu», eskatu du, eta gogoratu du otsaileko datuen arabera, munduan 82,5 milioi errefuxiatu daudela.

Emanaldi guztiak Victoria Eugenian izango dira, baina hauei saio berezi batzuk eransten zaizkie. Martuteneko kartzelan, esaterako, film laburrak ikusi ahal izango dituzte presoek, eta eskoletan ere on line ikusi ahal izango dituzte ‘Zutik!’ eta ‘Tximinoen izarra’, eta Victoria Eugenian eskainiko da ikasleentzat ‘Maixabel’.

Sarrerak ostiral honetan bertan jarri dira salgai, baita ere emanaldi batzuetarako gonbidapenak ere; horiek Victoria Eugeniako antzokiko lehiatilean jaso ahal izango dira martxoaren 25 honetatik aurrera. Programazioaren zein ekimen osagarrien gaineko informazioa Giza Eskubideen Zinema jaialdiaren web gunean dago eskuragarri.