Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Korrika badator: Euskararen askotariko paisaiak batzearen indarra eta hunkidura

Korrikak badu zerbait pozgarria. Aldi berean irriz eta negarrez jartzen gaituen indar eta hunkidura bat. Oporretan bezala, prestaketak ere plazera dira. Badatorrela jakitea, eta berriro izanen dugula aukera jendetzan bat gehiago sentitzeko, mundua, kalea den bezalako aniztasunean, euskarak batuta.

Bakoitzak bere errealitate geografiko, linguistiko eta emozionaletik bizi du Korrika. Irudian, Iruñea, 2019an.
Bakoitzak bere errealitate geografiko, linguistiko eta emozionaletik bizi du Korrika. Irudian, Iruñea, 2019an. (Idoia ZABALETA | FOKU)

22. Korrika hasteko sei egunen faltan, ongi doaz antolakuntza lanak, baina gezurra dirudien arren, ohi baino urtebete gehiago izan dutelako, azken momentuko presa eta kontuekin dabiltza. Bizi ditugun grebek ere eragin diete. Erraterako, markagailuak inprentatik herrialdeetara eramateko garraioa ezin bermatu ibili dira.

Osasun egoerak hobera egin duenez, legeak malgutu dira, baina ezin da pandemia guztiz begiz galdu eta protokoloak prest dituzte. Gainerakoan, Aitziber Balantzategi AEK-ko kideak adierazi digunez, «betiko azken orduko nerbioekin eta lan pilaketarekin» dabiltza, «gogotsu jada abiatzeko».

Auzo eta herrietan batzordeak martxan daude. Haiei guztiei esker, herriari esker, antolatzen da Korrika. Ez da errate hutsa; errealitatea da. Batzordeek beraiek antolatzen dituzte hainbat ekimen, poliki-poliki osotasun bat hartzen dutenak. Bi urtean ez dagoen bizitza edo mugimendu bat pizten da zer eta euskararen inguruan. Kultur ekitaldiak, ume jolasak… denetarik ikusten dugu inguruan.

 

Kulturala
Korrika erratean beti lasterketa bera etortzen zaigu burura, baina hori baino gehiago da. Korrika Kulturala opari bat da, herritarrei eman duten laguntza kultura gisa itzultzen diena. Webguneko «Menua» atalean dago eskaintza katalogoa.


Korrika Laguntzailea

Aurkezpen sozialak ere egin dituzte; joan den astean, Iruñean, eta ostegun honetan, Bilbon. Bertan nabarmendu zuten Korrika Laguntzailea. 11.000 atxikimendu gainditzeko erronka jarria dute. Korrikak bi helburu ditu: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta AEK-k eguneroko lana aurrera eramateko behar duen dirua biltzea. Eta Korrika Laguntzaileak zuzenean egiten dio 12 euroko ekarpena. Bi urterako laguntza garrantzitsua da.

 

Euskara doan
«Denok euskara doan» dinamika aurkeztu zuen atzo AEK-k, euskara doan ikasteko aukera aldarrikatzeko sortua. Ekimenaren baitan, ELA eta LABekin elkarlanean, debaldeko ikastaroak antolatuko dituzte lantokietan.

‘Hitzekin’ leloak ekitera animatzen gaitu, 22 tantoetara ailegatzeko. «Alarma gorri batzuk piztuta dauzkagu eta bada garaia aktibatzeko eta partida hau irabazteko. Hitzekin komunikatzen gara, hitzek osatzen dute komunitate bateko hizkuntza. Baina alde egotetik egitera, eragitera, eginaraztera salto egin behar dugu; parte hartzera, ekimen zuzenera, ekimenek egiten dutelako komunitatea. Ezin da gehiago itxaron; konpromiso horiek orain hartu behar dira, bakoitzak dagoen lekutik», aldarrikatu du Balantzategik.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek bikain betetzen dute lema hori: hitzekin eta euskaraz osatu dute euren ibilbide oparo eta luzea, 34 urte dagoeneko, transmisioa umeengandik helduengana eta helduengandik umeengana eginez. Zerikusi handia izan dute aunitzek euskararen aldeko aukera egiteko. Haiek ere behar izan zutenean euskaltegian aritu ziren. «Guztia zeukaten omenaldia jasotzeko», eta Gure Zirkuan egin zuten ekitaldia aparta izan zen.

 

Korrika.eus
Korrika.eus-en, Txakur Gorriaren «Uhinak» dokumentalaz goza daiteke. Abestiaz eta bideoklipaz ere bai. Denda, argazkiak... dena biltzen da. Aplikazioari esker une oro jakinen dugu Korrika non den.

Bide polita da Korrika haur eta gaztetxoei euskara transmititzeko eta lehen aipatu dugun indar hori ikusteko. Horretarako unitate didaktikoak sortzen dituzte. Ariketa-jolas batzuk dira ikastetxeetan dezente erabiltzen direnak. Aurten Ziburuko ikastolan aurkeztu dituzte.

AEK-ko kideak agertu duenez, «batzuek euskara bakardade handian bizi dute. Kontaktu bakarra eskola izaten da, edo etxea zorteko bazara. Korrikak talde indarra du: ‘Ez nago hain bakarrik, bagara herri bat, amets batekin, errealitate eder batekin eta horren parte naiz’. Euskara izan dadila zerbait handia batzen gaituena».

Heldu den ostegunean, martxoaren 31n, abiatuko da Korrika Amurriotik, eta Euskal Herriko arteria eta zainetan barrena askotariko errealitate geografiko, linguistiko eta emozionalak bilduko ditu. Mundura ere hedatuko da, bertze hizkuntza gutxituei lekua eginez, mezu bat itzultzeko erronkarekin.