Igandean, martxoak 27, usansolotarren iritzia jasotzeko galdeketa egingo du Galdakaoko Udalak. «Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?», galdetuko die Usansolon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrei.
Zehazki, 3.771 herritarrek izango dute botoa emateko aukera igandeko galdeketan. Emaitza ez da loteslea izango, baina, segregazio kasuetarako indarrean dagoen Bizkaiko foru arauak hartarako aukera jasotzen du. Arau horrek adierazten duena jarraituta, emaitzak Bizkaiko Aldundira igorriko ditu Udalak. Gero, Bizkaiko Batzar Nagusien eskuetara igaroko da auzia, eta bertan hartuko da Usansoloren geroari buruzko erabakia.
Goizeko bederatzietatik
Unkinako herri ikastetxean jarriko dira hautetsontziak igandean, abizenen arabera banatutako lau mahaitan. 9.00etan zabalduko dira, eta 20.00etan itxi. Ondoren, kontaketa egin ostean, 21.00-21.30 aldera emaitzak prest egongo direla aurreikusten da. Galdakaoko Udalak jakinaraziko ditu emaitzak, izan bezain laster. Aurrez, 14.00etan, parte hartzeari buruzko datuak emango dira.
Galdakao udalerritik banatzeko eskaria luzarotik dago indarrean Usansolon. Igandean egingo den galdeketak aldarrikapen honentzako bidea egiteko urratsen artean kokatu behar da.