Kaleko Afari Solidarioak Egia Taldeak lehen urtebetetzea ospatu du igande honetan, Zigarrogileen plazan, Tabakaleraren aurrean emandako prentsaurreko-hamaiketakoan. Etxerik gabeko pertsonei afari bero bat eskaini die boluntario talde honek, 365 gauetan, hutsik egin gabe.
Urte honetan bizitako momentu gehienak goxo eta beroak izan direla kontatu dute, pertsonen arteko maitasun, elkartasun eta elkarrekintzatik sortutakoak izan direlako. Gutxiengoak izan dira une hotz eta gogorrak, muturreko egoeran dauden pertsonen ezintasun eta minak eragindakoak. Helmuga arrakastatsura iritsi ez izanak tristura sortzen diela aitortu dute, baina ibilitako bidearen poza dute eta «garai zail, gogor eta gizatasun gabeko hauetan arrakastak eta porrotak partekatu» nahi izan dituzte.
Arrakasta, 365 egunetan, etenik gabe, kalean bizi diren pertsonei afari bero bat eskaintzea lortu izana da. Porrota, berriz, 365 egunetan afaldu ondorenean kale gorrian gelditu behar izana.
Arrakasta, 365 egunetan pertsona orok behar duen maitasun eta hurbiltasuna ahal izan duten neurri eta mailan hartu eta eman izana. Porrota, eguneko beste momentuetan gorrotoa eta urruntasuna jaso izana.
Arrakasta, 365 egunetan KAS Egia ekimenera boluntarioak gehitu izana. Porrota, afaltzera hurbildu diren pertsonak ere ugaritu izana.
Arrakasta, KAS partaide eta afaltzera hurbildu diren pertsonen arteko harremanak sendotu izana. Porrotak, batzuetan hartu-emanak bortitzak izatea.
Arrakasta, hiriko kaleetan elkar gurutzatzean irria ahoan agurtzea. Porrota, askotan begietan mina ikustea.
Arrakasta, sare sozial fisiko eta birtualak sortu izana. Porrota, nahiko luketen eragina ez lortu izana.
Arrakastarako bidea pertsona anonimo askoren ekarpenek osatu dute eta eskerrak eman nahi izan dizkiete denei: sukaldari, laguntzaile, banatzaile, babesle, hornitzaile eta afaltzera etortzen diren guztiei.
Donostiako Udalari eskaera
Eskaera egin diote Donostiako Udalari, «asmo oneko adierazpenak lehenbailehen egi bihurtzeko borondate politikoa izan dezan. Negu aldian behintzat gaua pasatzeko La Sirenita aterpea ireki dezan». Jaio zirenetik ari dira jantoki sozial bat edo baliabideren bat galdegiten ere.
Prentsaurrekoan esan dutenez, Udalak ikerketa bat eskatu dio enpresa bati elkartasunezko afarion inguruan.
Eneko Goia alkatearen hitzak oroitu dituzte boluntarioek: «Etorkizuneko Donostia eraikitzeko gakoa hiritar guztiak inplikatzea izango da». Egunen batean errealitate bihurtzea nahiko lukete. «Gure misioa aldi batera zela ulertu genuen, oraindik badugulako konfiantza Udalak entzun eta gure eskaerari erantzutekoa. Azkar izatea espero dugu».
Parte Zaharrean sortu eta hazten doan proiektua
2020ko azaroan, Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk Plaza Berriko arkupeetara hurbildu ziren bertan gaua pasatzen ari ziren pertsonei zer behar zuten galdetzera. Erantzuna xumea izan zen: zerbait beroa arratseko hotzari aurre egiteko. Hala jaio zen Kaleko Afari Solidarioak, etxerik gabeko pertsonei gauero afari eta kontaktu goxoa eskaintzeko laguntza eta zaintza taldea.
Beharra handitu ahala gehitu ziren boluntarioak. Larrialdi deia ere egin zieten Udalari eta beste auzoei. Azaldu dutenez, Udalak bere ekintza planetatik kanpo uzten ditu pertsona ugari. Baina Egiako auzotarrek deia entzun eta 2021eko martxoan taldea sortu zuten 70 boluntariok.
Sukaldari, banatzaile eta bestek osatutako taldea dabil kalean, lehen lerroan, Donostiako errealitate latz eta gordin bati aurre egiten: 150 pertsona baino gehiago kale gorrian bizi dira, bakarrik.
Ezinbesteko atzeguardian, emozionalki eta ekonomikoki babesten, elkarteak, okindegiak, merkatariak, tabernak, txokoak, farmazia bat eta norbanakoak dituzte. «Eskerrik asko, zoragarriak zarete!», esan diete.
Auzotik harago, hiru hezkuntza zentrok parte hartzen dute, sukaldaritza tailerrekin.
Esperientzia «ikaragarria, oso ederra»
«Badakigu ez gaudela prestatuta aurrean ditugun zailtasunetarako: bizi ibilbide gogorrak, kontsumoak, osasun arazoak… Baina esperientziak erakutsi digu laguntzeko gai garela», adierazi dute Egiako KAS Taldeko kideek.
Elkarrekin lan egin eta elkar babesteko esperientzia «ikaragarria izan da, oso ederra». «Bistaz ezagutzen ginen pertsonak, edo elkar ezagutzen ez genuenak erosketak egiteko gelditu gara, errezetak konpartitu ditugu, aliantzak bilatu, irri eta negar egin, besarkatu».
Laguntza sare eraginkor eta oso sendo bat josi, antolatu eta egonkortzea lortu dute. Eta ez diote egun batean ere utzi afari beroa banatzeari. Afaltzera etorri diren pertsonetako askok ere laguntzen diete afariak banatzen.
«Gure etxeko beroan prestatutako afariak dira. Jaki hauen zaporea partekatu nahi dugu tamalez horren falta dutenekin. Dauden egoera aldi baterako izatea espero dugu eta bihotzez, osasuna eta zortea opa diegu».
208.040 euro denera
Giza eskubideen aldeko borrokak aurrera darrai eta Amaran osatu da Kaleko Afari Solidarioak ekimenaren Donostiako hirugarren taldea.
Egian, 378 egunetan 22.895 afari banatu dira (45.790 euro, dena boluntarioek jarria). Parte Zaharrean, 495 egunetan, 16.095 afari eman dira (32.190 euro) eta Amaran, 59 egunetan, 1.055 afari (2.110 euro). Orotara, hortaz, 40.045 afari eskaini dituzte. Gastu orokorra 80.090 eurokoa izan da (pertsonako eguneko 2 euroko estimazioa eginda, oso behetik jota). Denera 8.530 ordu (hemen ere behetik jota) eta 208.040 euro inbertitu dira.
Honengatik guztiagatik topa egin dute igande honetan, baina zera galdetuz euren buruari: «Ospatzeko arrazoia al da?».