Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Maddi Torrek eta Iraia Iparragirrek beste urtebeterako luzatu dute kontratua Realarekin

Maddi Torre eta Iraia Iparragirrek 2023ra arte luzatu dute kontratua Realarekin. Bi atzelarien kontratua aurtengo ekainean iraungiten zen eta biak ala biak bat etorri dira klubarekin beste urte baterako hitzarmena luzatzeko. Lasartearra eskuin orkatileko maleoloaren lesiotik operatua izan da. 

Iraia Iparragirre eta Maddi Torre, kontratua berritu ostean ateratako argazkian.
Iraia Iparragirre eta Maddi Torre, kontratua berritu ostean ateratako argazkian. (REAL SOCIEDAD)

Realak bulegoko lanekin aurrera jarraitzen du. Duela aste bete Sanni Franssi aurrelariaren kontratuaren luzapena iragarri bazuen –honen aurretik, Nerea Eizagirre, Gema Gili, Amaiur Sarriegi eta Natalia Arroyo entrenatzaileak berritu zuten kontratua–, astelehen honetan Maddi Torre eta Iraia Iparragirrek ere taldean jarraituko dutela ziurtatu du klub txuri-urdinak. 

Beste urtebeterako luzatu dute kontratua bi atzelariek eta biak ala biak bat etorri dira albistea «pozgarria» dela adieraziz. «Txikitako ametsa» betetzen dagoela esan du Iparragirrek eta kapitainaren besokoa «harrotasunez» eta erantzukizunez daraman zerbait dela atxiki du. 

Izan ere, Eizagirrerekin batera, Iparragirre eta Maddi Torre ere taldeko kapitainak dira, erreferenteak, eta hauen jarraipen ziurtatu izana garrantzitsutzat jotzen dute bi jokalariek. «Gure esperientzia helarazten saiatzen gara, batez ere gazteei. Taldean erreferenteak izatea garrantzitsua da, taldearentzat onuragarria da etxeko jendea edukitzea, euskaldunak eta pozik gaude gure rolarekin», nabarmendu du donostiarrak. 

Iraia Iparragirre 2015etan iritsi zen Realera, Añorgatik. Ordutik, etengabe hazten joan da Lasarteko jokalaria eta klubak eskuratu zuen lehendabiziko Kopako denboraldi hartan –2018-2019an– pieza garrantzitsua bilakatu zen taldearentzat. Azken bi urteetan, oro har, partida gutxiago jokatu ditu baina taldearen izaeraren isla argia bilakatu da. Otsailaren bukaeran eskuin orkatileko maleoloa hautsi eta kirofanotik pasa behar izan zen. Azken hau ere baloratzeko modukoa iruditzen zaio Lasartekoari, «min hartuta egon eta klubak niregan konfiantzeak, asko esan nahi du». 

Torre, bestalde, 2018an iritsi zen talde txuri-urdinera, Athleticetik Santa Teresa joan eta ondoren Betisen denboraldi bana eman ostean. Lehen bi denboralditan 20 partidatik gora jokatu zituen, azken bietan, aldiz, lehen jokoan zeukan garrantzia murrizten joan da. Nolanahi ere, aurten iaz baino minutu gehiago eman dizkio Natalia Arroyok, nahiz eta tarteka arazo fisikoek jarraikortasuna izatea oztopatu dioten. 

Donostiarraren ustetan, taldea «prest» dago denboraldiko azken txanparako. Bost partidaren faltan, bigarren dago Reala eta Txapeldunen Liga jokatzetik oso gertu dago –pasa den igandean garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Huelvan–: «Presiopean jokatu behar dugu, gustatzen zaigu, prest gaude; gainera, momentu ezinhobean harrapatzen gaitu azken txanpa honek».