NAIZ

«EHUren errepresio politikoa» salatzeko manifestazioa egin dute Ikasle Abertzaleek

Pasa den astean Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko EHUren campusetan Ikasle Abertzaleek hezkuntza erreformaren aurka deitutako greban 34 pertsona atxilotu zituzten. Hori salatzeko manifestazioa egin dute gaur Gasteizko campusean.

Gasteizko campusean egindako manifestazioa.
Gasteizko campusean egindako manifestazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

‘EHUren errepresio politikoa gelditu’ lelopean manifestazioa egin du Ikasle Abertzaleak erakundeak Gasteizko campusean. Ikasketa eremu horretan bertan, pasa den astean, 34 pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak Hego Euskal Herriko campusetan deituta zegoen ikasle grebaren baitan izan ziren kalteak leporatuta, eta gertatutakoa salatu nahi izan dute.

IAk adierazi duenez, EHUri 34 atxilotuen erabateko absoluzioa, balizko isunak bertan behera uztea eta unibertsitatean Poliziaren presentziaz hitz egiteko mahai bat osatzea exijitzen diote. Era berean, gaurko ekitaldira ere Polizia bertaratu izana salatu du: «EHUk berriro ere erakutsi du Polizia instrimentalizatzen duela gatazka politikoei aurre egiteko, elkarrizketaren ordez errepresioaren bidea hartuta», zabaldu du sare sozialetan.

Hala, esan dutenez, 50 ertzain baino gehiagoren «presentzia itogarria» jasan dute manifestazioan zehar.

EHUk, bere aldetik, ohar batean adierazi du martxoaren 24ko greban 55.000 euroko kalteak eragin zituztela gazteek Gasteizko campusean. «Gazte gutxi batzuek campusetako zentro desberdinetan sartu eta pintadak eta altzarietan kalteak eragin zituzten», adierazi du erakunde akademikoak.