NAIZ

Murgiltze ereduaren defentsan, Matignonen zein EEPren egoitzaren barruan, Baionan

Seaskako presidente Peio Jorajuria Hizkuntzen Kontseilua eratzeko Matignonen deituriko bilkurara joan den bitartean, Baionan, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute hamarnaka ikasle eta irakaslek Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan sartuz.

«Baxoa euskaraz» aldarrikapena, egoitza ofizialaren barruan.
«Baxoa euskaraz» aldarrikapena, egoitza ofizialaren barruan. (Guillaume Fauveau)

Seaska federazioak murgiltze ereduaren garapena bermatzeko xede bi hitzordu garrantzitsu eman ditu gaur. Horietarik bat martxan da, Baionan. Hamarnaka ikasle eta irakasle Euskararen Erakunde Publikoak (EP) Lapurdiko hiruburuan duen egoitzan sartu baitira, protestaka, azterketak euskaraz egiteko eskubidea ozenki aldarrikatzeko. 

 

Prentsa ohar batean Seaskak baieztatu duenez, bere lehendakari den Peio Jorajuria arratsalde honetan Matignongo jauregian izanen da Jean Castex frantses lehen ministroak gonbidaturik.

Gobernuaren egoitzaren baitan, Parisen, frantses Estatuko Hizkuntzen Kontseiluaren osatze bilkura eginen dute. Seaska, La Bressola, Diwan, Calandreta, ABCM eta Scola Corsa biltzen dituen Eskolim erakundearen izenean jardunen du Jorajuriak aipaturiko bilkuran.

Seaskak jakitera eman duenez, Jorajuriak «murgiltze eredua garatzeko ahal gehiago galdeginen ditu, hizkuntzen koofizialtasunari buruzko urratsak galdeginen ditu, eta aurtendanik Baxoa eta Brebeta hizkuntz minorizatuetan egiteko eskubidea aldarrikatuko du».

Bitartean, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bere biltzar nagusia 14.00etatik goiti deitua zuenez, bertara joan dira Seaskako irakasle eta ikasleak. Eraikin barrura sartu dira, gainera.

Bordeleko Akademiako errektoreak, Anne Bisagni-Faurek kargu horretan bere aurretik izan zen ordezkariak Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Seaskarekin izenpetu zuen hitzarmena «ez duela bete nahi» salatzea erabaki du Seaskak, protesta ekintza azkar horren bidez.

EEPren egoitzan sartuz Seaskaren Bernat Etxepare lizeoko eta bertze hainbat kolegioetako ordezkariek Bisagni-Faure Baxokoko Ahozko Handiaren parte bat euskaraz egitearen kontra dela salatu dute.

Jakin behar da Parisko Hezkuntza Ministerioak Bordeleko Errektoretzareen esku utzi duela, bestalde, Brebetako zientzietako froga euskaraz egiteko azken erabakia.

Horretan ere jokabide itxia agertu du Akademiako ordezkariak. Are, Seaskak eskatutako bilkurari erantzunik ez dio eman. Horrendako, «gure kexa agertu nahi izan dugu gaur EEPren aitzinean», azaldu du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak.

Protesta martxan zelarik, EEPren egoitzaren korridorean Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Hezkuntza ikuskaria den François Xavier Pestel Seaskako kolegioetako ordezkariekin mintzatu da. Minutu batzuk luzatu da elkarrizketa hori.

Hitzordu formal baten esperoan, heldu den maiatzean eginen den Baxoa frogari begira zein ekainean aurreikusita den Brebet azterketari so eginez murgiltze ereduan jarduten duten ikasleek eta irakasleek sentitzen duten kezkak helarazi dizkietela ikuskariari azaldu dute Seaskako ordezkariek.

Larrainen murgiltze eredua ezartzeko eskaera

Seaskako ikasle eta irakasleak soilik ez, EPPren bilkura dela eta Baionara ere bertaratu dira Larraineko gurasoak.

Iaz Idauze-Mendi, Ortzaize eta Aiherrako herriek bezala murgiltze eredura igarotzeko eskaera aurkeztu zuten Larraineko gurasoek. Eskolaren sostengua izateaz gain Herriko Etxeak ere eskaera babestu zuen.

Lehenengo hiru herriek, kostata bada, ere murgiltze eredua plantan eman ahal izan zuten.

Aitzitik, Larraineko eskaera ez aurrera ez atzera gelditu dela salatu dute Ikas Bi eta Baga Biga elkarteek. Iragan otsailaren 10ean berriz ere «buraso guztiek izenpeturiko» gutuna igorri zuten.

Hainbat erakundetara jo badute ere, geroztik erantzunik ez dutela jaso salatzeko eta, oroz gainetik, Larraineko eskola publikoko ikasleek euskaraz ikasteko eskubidea dutela agerian jartzeko protesta egin dute Baionan. Ikasgela irudikatu dute, mahai eta aulkiak ezarriz EEPren egoitzaren sarreran. ‘Larraineko eskola. Arrapostu bat!’ idatzi dute, berriz, karrikan ezarri duten arbela handi batean.