NAIZ

Behar denak ase ez arren, une honetarako egoki ikusten dute ikastolek EAEko hezkuntza akordioa

EAEko hezkuntza akordioak dituzten behar eta nahi guztiak asetzen ez baditu ere, epe luzeko ikuspuntuari eutsiz, bizi dugun momenturako egokia dela deritzo Ikastolen Elkarteak. «Denbora izango dugu denon artean zehaztapen eta ekarpenak egiteko, bakoitza ere lubakitik aterata», adierazi du.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta JoseLUuis Sukia zuzendari nagusia, hezkuntza akordioa adosteko batzorde batean, joan den azaroan, Gasteizko Legebiltzarrean.
Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta JoseLUuis Sukia zuzendari nagusia, hezkuntza akordioa adosteko batzorde batean, joan den azaroan, Gasteizko Legebiltzarrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrean adostu den hezkuntza itunerako akordioan egiten den proposamenak ez ditu ikastolen behar eta nahi guztiak asetzen; epe luzeko ikuspuntua mantenduz, bizi dugun momenturako egoki ikusten dute, ordea. «Hurrengo hilabeteetan garatu beharko da orain arte esandakoa, eta denbora izango dugu denon artean behar diren zehaztapen eta ekarpenak egiteko. Bitartean, jarrai diezaiogun hasitako bideari, adostu dezagun gure hezkuntza sistemaren norabidea, bakoitza bere lubakitik aterata eta elkarlanari lehentasun osoa emanez», defendatu du Ikastolen Elkarteak.

Bere balorazioan nabarmendu duenez, Euskal Herri osorako hezkuntza sistema propio bat eraikitzea da ikastolen xedea, eta bide horretan urratsak egiten jarraitzeko egokia da Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren ideia.

Euskararen alorrean, norabide onean doazen neurriak jaso direla egiaztatu dute: besteak beste, ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza gaitasun maila zehazten da; Lehen Hezkuntza amaitzerakoan ikasleek B1 maila izango dutela gutxieneko helmuga bi hizkuntza ofizialetan, eta B2 maila DBH amaitzerakoan. «Guretzat neurri garrantzitsua da, eta ikastolen aldarri historikoa ere bada. Euskara ardatz izango duen eredu eleaniztun inklusibo orokortu baten aldeko apustua egiten da. Azken hau, eredu inklusibo orokortua, jaso izana urrats berria da».

Hala ere, hitzarmenean behin baino gehiagotan hiru hizkuntzen tratamendu integratua emango dela edo hiru hizkuntzek ikaskuntzak bideratuko dituztela jasota egotea kezkaz ikusten dute. «Ondorioz, euskara ardatz duen sistema horretan, ardatz izatearen ezaugarriak zehaztu beharko dira, baita etorkizuneko eredu inklusiboaren oinarria ere; alegia, euskarak izan behar du ikas-irakaskuntza prozesuetako hizkuntza eta horrek legean bere isla behar du eta hizkuntza gaitasunak lortzeko zehaztapenak definitu behar dira».

Aurrerapena iruditzen zaie Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren sorrera eta bertan sartzeko, ikastetxeek, administrazio-titularitatekoak izan ala ez, bete behar dituzten konpromisoak eta baldintzak hitzarmenean jasota egotea. Ados daude segregazioa ekiditeko egiten diren proposamenekin ere.

Kezkatzen dituzten gaiak

Badira ikastolak kezkatzen dituzten gaiak: batetik, 0-3 etaparako proposamena eta, bestetik, herriko informazio bulegoak. Lehenengo kasuan, haur hezkuntzari ziklo egitura aitortzen zaio; beraz, ez dute ulertzen etapa hau zergatik banatu behar den. Bigarren kasuan, herriko informazio bulegoen osaera eta betebeharra oso ondo zehaztu beharko litzatekeela uste dute.

Ikastolen ikuspegitik hutsune handi bat dago hitzarmenean: «Euskal Herriaren aipamena falta zaio».