NAIZ

Bera Berak distantziak mantendu edo handitu nahi ditu eta ZEV Zuazok gutxitu

Liderra den talde donostiarrak 13 puntu gutxiago dituen Granollersen bisita jasoko du larunbat honetan. Zortzigarren postua helburutzat jarri duten bizkaitarrek, aldiz, denboraldiko bidaiarik luzeena egin behar dute Lanzaroteraino, sailkapeneko azken sailkatuari bisita egiteko.

Bera Berako eta Zuazoko jokalariak prest dira euren helburuetarako.
Bera Berako eta Zuazoko jokalariak prest dira euren helburuetarako. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ohorezko Mailako hiru jardunaldi geratzen dira Kopako azken fasea Donostian jokatu aurretik. Tartean Aste Santua egonda, Ligak geldialdia hilaren 16tik aurrera egingo du, ondoren Kopa jokatu eta Ligako azken lau jardunaldiei aurre egiteko.

Super Amara Bera Berak lidertza indartu eta Liga ia erabakita utziko nahiko luke ‘etxeko’ Kopan aritu baino lehen. 14 puntu daude oraindik jokoan, eta momentu honetan bosteko aldea ateratzen dio bigarren den Unicaja banco Gijoni.

Larunbat honetan Granollersen bisita jasoko dute gipuzkoarrek (18.00). Katalanak, Kopan ere arituko direnak, zazpigarren dira sailkapen nagusian, donostiarrek baino 13 puntu gutxiagorekin. Liga jokoan izanda, motibazioa ez zaie faltako Bera Berako jokalari lehiakorrei.

Baina beste aitzakia polit bat dute biharkoan garaipena lortzeko. Izan ere, gaur bertan, apirilak 1, Bera Beraren lehen titulua lortu zuela hamabost urte bete dira. 2007an L’Elianan antolaturiko Kopan izan zen. Gipuzkoarrak 16. Azken Faseari ekin zioten eta azken urteetan erregina zen Ribarrojari 22-25 irabazi zioten finalean.

L’Elianak emakumezkoen eskubaloi talde onenen artean kokatu zuen Bera Bera, ibilbide liluragarria osatuz 20 tituluekin: zazpi Liga (2013, 2014, 2015, 2016, 2018, 2020 eta 2021), sei Kopa (2007, 2009, 2013, 2014, 2016 eta 2019an) eta zazpi Superkopa (2008, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016 eta 2018an), aurten ere jarraipena eman nahi diona.

Zuazo, zortzigarren postua helburu

Zubileta Evolution Zuazok beste erronka ezberdin bat du. Ez du Liga irabazteko aukerarik, baina horrek ez du esan nahi ilusioa galduko dutenik bizkaitarrek denboraldia amaitu bitartean. Behin jaitsiera postuak urrundu dituztela dirudiela, eta horrek ematen duen lasaitasunarekin, zortzigarren postua jarri dute helburutzat Barakaldokoek.

Ez da ezinezko erronka. Hiru puntura besterik ez dago. Gainera, momentu honetan postu horretan dagoen Valladolidek hirugarren sailkatua den Malagaren etxean jokatu behar du jardunaldi honetan –datorren asteazkenean, 20.00etan–. Beraz, bihar azken postuan dagoen Lanzaroteren pistan gailenduta (20.30), bizkaitarrek presioa pasako liokete Valladolidi.

Hala ere, tranpa duen partida horietako bat izan liteke. Nahiz eta aurkaria azkena izan sailkapenean –oraindik ez du garaipenik erdietsi–, Zuazoko jokalariek bidaia luzea izango dute aurretik eta faborito bezala aterako dira, denboraldian zehar gutxitan ematen den fenomenoa izanda.

Faboritoaren txartelak, ordea, ez die mesede egiten Zuazokoei. Eta hala azaldu da Joseba Rodriguez atarikoan: «Gure aurkaria mailaz jaisteko oso gertu dago, baina seguru nago bere etxean jokatuta lehenengo garaipena lortu nahiko dutela Liga honetatik garaipenik gabe ez joateko. Zaila jarriko digute bere kantxan, non zaleek aurkariei eta epaileei asko estutzen dieten».

Horretarako, Zuazoko entrenatzaileak Lanzaroteren azken partidak gogoratu ditu. Elxen kontra gol bakar batengatik galdu zuten eta Malagan partidan sartuta egon ziren ia amaiera arte. «Partidak ahalik eta kontzentrazio handiena exijituko digu eta momentu honetan sailkapena nola dagoen ahaztu behar dugu», aipatu du.

Zuazoren helburua zortzigarren postura gerturatzea da, edo behintzat ez urruntzea: «Hori da gure helburua eta hortan sinisten dugu. Presioa dugu Zonzamasi (Lanzarote) irabazteko, baina faktore hori eta zaleen presioa gestionatu behar ditugu. Guk badakigu zer egin behar dugun irabazteko: orain arte bezala jarraitu behar dugu, defentsa sendoarekin eta erlaxaziorik gabe».