«Erronkarik handiena sareak sortzea da, herrietakoak autonomoak izan daitezen»
Arabako zenbait eskualdetako euskara eskolak Gasteiztik kudeatzen ditu AEK-k, tartean euskara egoerarik ahulenean dagoen hainbat herritakoak, hala nola Añana, Mendialde eta Trebiñukoak, azken hauek Gaztelaren administraziopean. Orain dela gutxi arte Ana Fernandez AEK-ko irakaslea arduratu da kudeaketa horretaz.
«Gero eta jende gehiago joaten da Gasteiztik eskualde horietara bizitzera, eta joaten direnak euskaldunak dira, baina hango biztanle gehienak erdaldunak dira. Oso herri txikiak dira, oso isolatuak, eta hor taldeak osatzea benetako erronka da».
Badago beste arazo bat, ordea: taldeak osatzeko HABEk ezarritako baldintzak. «Egia esan, ez digute laguntzen, zeren taldeak gutxieneko ordu kopurua eta gutxieneko ikasle kopurua izan behar ditu. Herri horietako taldeetan sei lagun behar ditugu, maila berekoak eta ordutegi bera dutenak; beraz, ez da erraza. Pandemia garaian bostera murriztu zuten ikasle kopurua, baina dagoeneko pandemia gainditutzat eman dute eta normalean sei lagun behar dira taldea osatu eta diruz lagundu ahal izateko. Ratioa biztanle kopuruaren araberakoa da, eta sei ikaslekoa da 1.000 biztanle baino gutxiagoko lekuetan. Herri txikietan taldeak nahiko heterogeneoak izaten dira, baita maila aldetik ere; orduan, batzuetan, edo talde horretan sartzen zara edo talde barik geratzen zara, ez dago beste aukerarik. Gainera, ez dira herri berekoak izaten, eta mutur batetik bestera mugitu behar dute. Maila berekoak ez izatea ere ez da eramaten erraza, ez eurentzat, ez irakaslearentzat, zeren ikasturtea luzea da, urritik ekainera arte. Hasieran igual ez zaizu inporta, baina zure denbora da, eta talde batean egotea ezer ez ikasteko besteek zuk baino maila baxuagoa dutelako, gero ez da pentsatu bezain bideragarria. Eta bajaren bat badago, hurrengo urtean arazoak izango dira talde horrekin jarraitzeko, talde horren ezaugarriak dituen pertsona bat behar duzulako, eta taldea osatzen ez bada, ordu arte egindako inbertsioa galtzen duzu, bai gurea, bai beraiena. Nire ustez, hori arazo larria da».
Garai batean bazegoen HABEren ebazpen bat, birmatrikulatutako ikasleak izanez gero, nahiz eta gutxieneko kopurura ez heldu, jarraitzeko eskubidea zeukatela xedatzen zuena, baina aurten aukera hori kendu dute. «Azkenean, dirua da kontua, atzean beti dago dirua. Trebiñun talde bat dago hirugarren urtean ikasle baten faltan geratu zena eta euskara teknikariari esker lortu genuen jarraitzea. Baina halakorik gertatu ezean, orain arteko ahalegina pikutara doa. Talde barik gelditzen dira eta auskalo noiz osatu ahal den berriro taldea.
AEKren erronka hiztunak sortzea da; «hala ere, zintzoak izan behar dugu. Herrietan modulazio edo ordu kopuru ezberdinak daude. Gutxienekoa 165 ordukoa da, astean bi ordu eta erdi. Horrelako modulazioarekin hiztunak sortzea ez da erraza. Gasteizen horren bikoitza egiten dugu, 330 ordukoa. Beraz, gure lehenengo erronka euskarara hurbiltzea da. Gainera, jendeak ez du titulurik atera nahi, nahiz eta denetarik dagoen, baina hori ez da profilik zabalduena. Erritmoa lasaiagoa da eta jendeak beste modu batean bizitzen du egoera».
Motibazioa euskararen ezagutza eta transmisioa dira. «Batzuk aitona-amonak dira eta ilobekin ahal dutena egin nahi dute, kantak...». Batzuek harremanak egiteko ere baliatzen dute euskara, eta horrek ere euskara sareak egitea errazten du. «Gure ustez, horixe da erronka, sarea osatzea. Taldeek jarraitzea ez da erraza; orduan, sare horiek lortzen baditugu, azkenean gu ez gara beharrezkoak. Hori da erronkarik handiena, sareak sortzea beraiek, nolabait esatearren, autonomoak izan daitezen, mintza taldeen bidez-edo. Adibidez, Argantzonen sortu genuen eta gero elkarte bat sortu zuten. Badaude beren kabuz euskaraz egiten duten elkarteak... Hori lortu nahi dugu, nolabait esan, gu eragileak izan, baina gero beraiek dinamika hartzea».
Online ere saiatu dira, baldintzak malguagoak baitira, «baina onartu behar dugu jendeari ez zaiola asko gustatzen. Nik pentsatu nuen online irakaskuntza herrietarako irtenbidea izan zitekeela, baina jendeak ez du nahi. Eta herri txiki horietan hurbiltasunak eta sareak garrantzi handia daukate; jendeak besteekiko harremanak balioesten ditu, eta horretarako, taldea, aurrez aurre egotea, beharrezkoa da. Harremanak euskaraz... tira, harremanak, zeren hainbat herritan negua oso gogorra da, eta euskarazko harreman horiek etxetik ateratzeko bide bat dira».
Talde heterogeneoak dira, eta nabari da gazte gehienek D ereduan ikasten dutela, horregatik ez dira asko, Gasteizen bezala. «Trebiñun bertan, Argantzonen, badaukagu ikastola. Esango nuke normalean berrogei urtetik gorako jendea joaten dela, salbuespenak salbuespen». Eta gehienak, «argi eta garbi», emakumezkoak dira talde guztietan.
Korrikari begira, herri guztietan herri batzordea dago. «Araban herri txiki pila bat dago, eta Korrika ezin da guztietatik igaro, baina igarotzen ez bada ere, ekitaldiren bat egiten dute, edo besterik ez bada ere txokolatada bat, kilometroren bat erosten dute...».