Maite Ubiria

Teo Salomon errugabe jo du Parisko Zigor Auzitegiak

2015ean Itsasuko etxe baten kontrako eraso baten harira atzeman zuten Teo Salomon errugabetzat jo du, ostiral arratsalde honetan, Parisko Zigor Epaitegiak.

Itsasuko herrian 2015ean gertaturiko eraso baten harira epaitu dute Salomon.
Itsasuko herrian 2015ean gertaturiko eraso baten harira epaitu dute Salomon. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Teo Salomon errugabetzat jo du ostiral arratsalde honetan Parisko Zigor Auzitegiak, Xantiana Cachenaut abokatuak NAIZi jakinarazi dionez.

‘Euskal Herria ez da Salgai’ kanpainaren baitan Itsasun gertaturiko eraso baten harira atzeman zuen frantses Poliziak Salomon.

Defentsak hasieratik gezurtatu bazuen ere, 2015ean gertaturiko ekintza horretan Salomonek parte hartu zueneko ustearengatik bost urtez kontrol judizialpean igaro zuen gazteak.

2021ko apirilean, instrukzioa amaituta, auzia Parisko Zigor Epaitegiaren esku utzi zuen epaileak. «Guk eginiko eskaerari jarraituz, terrorismoaren kalifikazioa kendu zion aferari, horrendako Teo Salomon Baionan epaitzea galdegin genuen», oroitarazi du Cachenauek.

Izan ere, Terrorismoaren aurkako Fiskaltzak auzia Parisen gelditzeko eskua sartu zuen.

Finean, ostiralean Parisko Zigor Epaitegian iragan den auzian, fiskalak bi urteko kartzela zigorra, galdetu du Salomonen kontra.

Fiskalak onartu du denbora gehiegi pasatu dela eta gazteak bere bizitza proiektua aurrera atera duela. Hala eta guztiz ere, Salomon zigortzearen alde azaldu da. Defentsak, berriz, Salomon xuritzea eskatu du. Finean, epaileak Salomon errugabetzea erabaki du.

Erabakiak «bereziki luzea eta gogorra izan den auzia»ren amaiera ekarri behar luke, defentsaren esanetan.

Izan ere, fiskalak hamar eguneko epea duenez helegitea jartzeko, zuhurtziaz hartu du deliberoa Cachenaut abokatuak.