Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Bera Berak eta Zuazok ondo borrokatuta garaitu dituzte Granollers eta Zonzamas

Bera Berak lidertza sendotzen duten garaipen horietako bat eskuratu du Granollers mendean hartuta (28-25). Estua izan da dema eta azken minutuak hobe kudeatuz, etxean geratu da garaipena. Zuazok ere irabazi egin du sailkapeneko azkenaren aurka, Zonzamasen aurka, alegia (31-33). 

Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzailea bere jokalariei aginduak ematen.
Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzailea bere jokalariei aginduak ematen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Honelako garaipenek liga erdi balio dutela esatea agian exagerazio bat izan daiteke baina Granollersen aurkako partida irabazita, lidertza are gehiago sendotu du Bera Berak. Asteburuz asteburu ari gara berdina esaten, Malagan galduta sendotasun hori apur bat desagerrarazi bazen, berriro errekuperatu duela argi geratu dadin. Oraindik ez dago lana burututa baina azken txanpa falta da eta gainera, Xixongo La Calzadak beste behin huts egin du –A Guardan berdindu egin du–. Egun, bigarren sailkatua sei puntura dago eta 12 puntu geratzen dira jokoan. 

Eta azken txanpa honetan, Granollersen aurka etxean irabaztea funtsezkoa izan da, are gehiago partida hain estu joan ostean. Oso parekatuta egon da dema baina egiari zor, etxekoek ez dute lortu berdinketaren gola 22. minutura arte. Ordura arte, atzetik joan dira markagailuan –inoiz ez bi goleko diferentzia baino gehiagorekin–. 

Granollers, gol bateko aldearekin izan bada ere, aurretik joan da atsedenaldira eta aldageletatik bueltan, partida hasieran gertatu bezala, ezustean harrapatu du Bera Bera. Hiru minutuan lau goleko errenta atera dute katalanek (14-18), Ana Gonzalez, Plerchi eta Julia Guarieiro Bera Berako jokalari ohiaren bitartez. 

Baina Bera Berarekin ez da inoiz fidatu behar, are gutxiago kasik bigarren zati osoa geratzen bada. Donostiarrek, Eli Cesareo buru, 6-0ko partziala ezarri dute markagailua berdindu ez ezik, aurrea ere hartzeko. 

18 golera berdintzean, hutsartea eskatu du Salvador Puig entrenatzaileak eta apur bat gehiago kontrolatu ahal izan du Bera Beraren erasana. Erabat parekatu da lehia baina, beti ere, Bera Beraren alde jausi da errenta txikiena. Hala, azken minutuetan, gol bateko aldea zena hirukoa izatera pasa da Hernandez, Fernandes eta Cesareoren bitartez. Nabarmentzeko da talde donostiarrean oso banatuta dagoela golegiaren figura. Larunbat arratsalde honetan lau izan dira taldeko golegile nagusienak, guztiak bosna gol eginda: Arrojeria, Fernandes, Cesareo eta Hernandez. 

Partidaren hasieran minutu bateko isilunea gorde da berriki zendu den Mirene Moreno Bera Berako jokalariaren aitaren omenez. 

Zuazo zortzigarren postura hurbiltzen

Zuazok ere ez zuen hutsik egin txapelketako azken sailkatuaren etxean (31-33). Pentsa baino gehiago borrokatu behar izan zuten bizkaitarrek garaipena eskuratzeko, atsedenaldira soilik gol bateko aldearekin iritsi baitziren. 

Parekatua izan zen lehia baina Joseba Rodriguez "Haito" teknikariak zuzendutako taldeak berak nahi zuen lekuan eduki du partida. Inoiz ez dio utzi ezustekorik ematen arerioari, badaezpada ere, eta bigarren zatian bi goleko errenta hori une oro mantendu ahal izan du, Maddi Bengoetxea, Mada Fernandez-Agusti eta Anne Erauskin fin aritu baitira ate aurrean. Ermuarra izan da golegile nagusia 7 golekin eta aurten egiten ari den denboraldi txukuna agerian geratu da beste behin. Baita Maddi Bengoetxea hartzen ari den protagonismoa edota Fernandez-Agustiren erregulartasuna. 

Garaipen honekin, zortzigarren postutik puntu bakarrera jarri da talde bizkaitarra eta beraz, ez dagokio jaitsierarengatik hitz egitea –11 puntura dauka–. Orain, geratzen diren sei partidetan gora begiratzeko arrazoiak dituzte bizkaitarrek.