NAIZ
Irun

Protesta egin dute Irunen, «Bidasoa izenik gabekoen ibaia izan ez dadin»

Bidasoako uretan Ibrahima Diallo gaztearen gorpua agertu ostean, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egin du, heriotza hura ekidin zitekeela gogoratu eta migrazio politikak salatzeko.

Irungo Harrera Sarearen elkarretaratzea.
Irungo Harrera Sarearen elkarretaratzea. (Maialen ANDRES | FOKU)

Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea egin du larunbat honetan herriko San Juan plazan, Bidasoako uretan zendu den azken migratzailea, Ibrahima Diallo, gogoratzeko. Asteazkenean topatu zuten haren gorpua, desagertu eta hiru astera. 

‘Korridore humanitarioak denontzat’ lelopean egin duten protesta honekin eskatu nahi izan dute Bidasoa ez dadila izan «izenik gabeken ibaia».

Iaz, apirilaren 19an, Tessfiten heriotzaren berri izan genuela gogoratu dute. Hori izan zen zonaldean migrazioaren aurkako politikek eragindako lehen biktima. Zazpi gehiago gertatu dira gero mugan edo mugatik gertu. Orduan, Harrera Sareak argi adierazi zuen ez zuela inor «mamu» bilakatzen utziko. «Bidasoan, Mediterraneoan bezala, gertatzen ari diren heriotzak ekiditeaz gain, igerian gurutzatzeko ideiak bere horretan jarraitzen duen bitartean, izen eta abizenak nahi ditugu haien familien eta lagunen eskubideen defentsan, haien duintasunarengatik eta dolua pasa ahal dezaten», esan du elkarteak.

Hiru aste desagertuta zeraman Ibrahimen gorpuaren agertzearekin batera, aspalditik ohartarazten ari diren arazoa agerian gelditu da berriro.

«Ekidin zitekeen heriotza da –azpimarratu du taldeak–. Irungo Harrera Sareak denbora luze darama horrelako drama bat gertatuko zela ohartaraziz, eta horregatik giza korridoreak eta bide seguruak denentzat eskatuz dagokien Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei».

Horren harira, txalotu nahi dute euskal erakundeek azken aldian erakutsi duten errefuxiatuei baliabideak jartzeko azkartasuna, eta jarrera horri eustea nahiko lukete. Baina era berean, adierazi dute «erakundeen arteko mahaia Ukrainako herriari bai eta Afrikatik datozen pertsonei ematen ari zaien harrera duina» emateko balio behar durela.

Irun eta Hendaia arteko poliziaren «kontrol arrazistekin» amaitzea beharrezkoa dela iritzi dute, hori baita bide ez seguruak hartzeko arrazoi nagusienetako bat.