Entrevue
Ainhoa Tirapu
Emakumezkoen liga profesionaleko lehendakari izateko hautagaia

«Emakumeen futbolaren identitate propioa baliatu behar dugu»

Euskal futbolaren aurpegi ezagunenetakoa da Ainhoa Tirapu (Barañain, 1984), eta ez bakarrik soropilean ia bi hamarkadetan zehar egindako lan apartagatik. Emakumezko futbolarien ahots errespetatua, orain sortzear den liga profesionalaren lehen urratsak gidatzeko lanean ari da.

Ainhoa Tirapu, emakumezkoen liga profesionaleko lehendakari izateko hautagaietako bat.
Ainhoa Tirapu, emakumezkoen liga profesionaleko lehendakari izateko hautagaietako bat. (A.T.)

​Lehen lerrotik urrunduta eman ditu azken bi urteak, baina agenda bete-beteta dauka berriro Ainhoa Tirapuk. Dei batzuk jaso, Dolores Martellirekin proiektu bat garatu eta jaiotzear den Emakumezkoen Futbol Liga Profesionalaren presidentetzarako aurrehautagaitza aurkeztu du. «Emakumezkoen futbolaren inguruan lan egiteko aukera izanez gero, nik beti ematen dut urratsa. Ez dakit ona izango den niretzat, baina argi daukat gure proiektua ona dela emakumezkoen futbolarentzat eta horregatik aurkeztu dugu».

«Herriari» kasu eginez gero, aho batez irabaziko zenituzke hauteskundeak. Baina, aldiz, klubek bozkatuko dute...

​Banaketa bat egon da kluben artean, baina gu ez gara “alde batekoak”, independenteak gara. Izan ere, gure helburua denak batzea da, aurrera egiteko aukera bakarra baita.

​Boto «herritarrak» ez du balio, baina, babesa emateaz gain, presioa sor dezake klubengan?

Batez ere bultzakada bat eman digu. Zalantza askorekin sartzen zara horrelako proiektu batean, ez baita zure ohiko ingurua, baina hasieratik nabaritu dugun babes horrek asko indartzen gaitu eta prozesuan ausartagoak izaten laguntzen digu. Baina bai, gero klubek erabakiko dute.

​Aurkeztu bazarete, irabazteko aukeraren bat ikusiko duzuela izango da. Edo zuhaitza astintzeko besterik ez da izan? 

Irabazi nahi dugu, noski. Baina egia da mugimendua bera ona dela emakumezkoen futbolarentzat. Ohituta gaude betiko jendea ikustera; mugimendu gutxi, aukera gutxi, proposamen gutxi... betikoa. Hori saihesteko ona da aukera desberdinak egotea, aurrehautagaiak, proiektu desberdinak, ideia berriak... Guztion onerako izango da mugimendua.

«Ardatzak kohesioa, inklusioa, identitatea eta jasangarritasuna dira. Eta gizonen futbolaren itzaletik irten behar dugu, jasangarriak izan babes hori barik»

​Askotan ari zara «proiektua» aipatzen. Zeintzuk dira zuenaren ardatz nagusiak?

Kohesioa, inklusioa, identitatea eta jasangarritasuna. Eta denok eskutik lan egitea, azken bi urteotan lortu ez dena. Oso garrantzitsua izango da gizonezkoen futbolaren itzaletik irtetea, jasangarriak izatea babes hori barik, gure kabuz. Eta horren oinarrian gure identitate propioa egon behar da. Emakumeen futbolaren identitate propioa baliatu behar dugu. Emakumeen futbolak oso aprobetxagarriak diren ezaugarriak ditu, marka bat sortzeko eta markak erakartzeko oso baliagarriak. Horretan lan egin behar dugu, gure merkatua sortuz, gizonezkoen taldearen babeslearen ehuneko txiki batekin bizi behar ez izateko.

​Profesionalizazioak arriskuak ere ekar ditzake? Adibidez, ezaugarri berezi horiek lausotzea emakumezkoen futbola maskulinizatuz?

Horren inguruan erabakigarria izango da kluben lana. Eta batasuna. Adibidez, desberdintasun nabaria da klub independenteak ere badaudela, gizonezkoen talde profesionalak ez dituztenak, eta horiek babestu egin behar ditugu. Orain Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak dirua emango du azpiegituretarako, baina subentzioak amaitu egingo dira. Soilik neskenak diren klubek diru sarrerak behar dituzte soldatak ziurtatzeko eta ez luke zentzurik klub historiko batzuk soilik horregatik alde batera utzita abiatzea liga profesionala. Eskutik joan behar dugu.

Futbolariak dira futbolaren bihotza, baina liga klubena izango da. Eta askotan talka egin dute bi aldeek.

Gainera berandu gabiltza datorren denboraldirako aldaketa sakonak egiteko. Oso-oso berandu, oraindik ez baita hauteskunde prozesua martxan jarri ere, hitzarmena sinatu behar da Federazioarekin eta badakigu gogorra izango dela... Seguruenik lehen urratsak oso txikiak izango dira jokalarien begietara, baina egoerak oso baldintzatuta dago guztia denbora faltagatik.

​Futbolarien kolektiboaren ahots garrantzitsua izan zara. Zure kontra joka dezake klubak konbentzitzeko orduan?

Baliteke. Baina, egia esan, hitzarmenaren negoziaketa prozesuak esperientzia eta ikasketa mordoa utzi zizkidan eta, gainera, ez dut uste nire integritatea zalantzan denik. Zalantzan jartzen nauenak edo nire hitzean konfiantza gutxi daukanak, segurenik, ez nau ezagutuko; bestela jakingo luke ehuneko ehunean arituko naizela lanean. Ni lasai nago eta, gainera, oso argi daukat kasu honetan ere eskutik joan behar dugula, klubentzat ona dena, ona izango baita jokalarientzat ere.

«Olatu hau pasatzen uzten badugu, galduta gaude. Ulertu behar dugu batentzat ona dena besteentzat ere ona izan daitekeela eta denok eskutik joan behar dugula»

​Klubak, federazioak, jokalariak... Azken urteotan gertatutakoa ikusita ezinezkoa dirudi proiektu komun bat eraikitzea, adibidez Ingalaterran hain modu arrakastatsuan egin bezala.

Ezinezkoa ez, oso zaila bai. Interes batzuk egon dira, baina argi izan behar dugu inflexio puntu batean gaudela; olatu hau pasatzen uzten badugu, galduta gaude. Ulertu behar dugu batentzat ona dena besteentzat ere ona izan daitekeela. Txapeldunen Ligaren adibidea dugu: talde batek irabazten du, baina bere liga osorako da ona, hirugarren talde bat joan daitekeelako hurrengo urtean, arreta pizten duelako... Denbora guztian ika-mikaka bagabiltza, edozein erabaki hartzeko bi hilabete eman behar baditugu negoziatzen, ezinezkoa izango da ezer egitea.

​Jokalarien kolektiboan ere nolabaiteko banaketa eman da, sindikatu berri baten agerpen indartsuarekin. Aniztasuna ona da edo ahots bakarra ez izatea kaltegarria izan daiteke?

​Jokalariek erabaki bat hartu eta botatzen dutenean zerbaitengatik da. Bai daukadala sentsazioa alde batetik daudela azpiegitura sendoagoak dituzten klubetako jokalariak eta bestetik baldintza txarragoak dituztenetakoak, baina sentsazio bat besterik ez da. Sindikatuen artean adostu behar dituzte posizioak gero hitzarmenaren mahaian defendatzeko. Edozein kasutan, nik aniztasuna ona dela uste dut, gauzak hobetzeko balio duela.

Aniztasuna egongo da hauteskundeetan ere. Momentuz bi aurrehautagaitza daude: Ainhoa Tirapu eta Dolores Martelli batetik eta Maria Teixidor eta Reyes Bellver bestetik. Abalekin gertatzen denaren zain, hirugarren bat ere izan daiteke azkenean....

Kasu honetan ere positiboa da aniztasuna. “Lehiakideak” izateak hobetzera bultzatzen zaitu. Eta kasu honetan niretzat positiboena prestatuta gauden emakumezkoak aurrerapausoa ematen ikustea da, oso garrantzitsua iruditzen zait. Orain arte emakumezkoen futbola gizonezkoek zuzenduta egon da eta orain emakumez osatutako bi aurrehautagaitza daude.

«Garrantzitsua da denak emakumeak izatea, baina ez emakumeak izateagatik bakarrik, prestatuta gauden emakumeak garelako baizik»

Egungo aurrehautagaitzak ikusita, liga profesionalaren lehen presidentea emakumea izango da. Garrantzitsua? Sinbolikoa? Anekdotikoa besterik ez?

Emakumezkoen futbola eta oro har gizartea nola dagoen islatzen du pixka bat: emakumeok espazio berriak okupatzen ari gara. Hasieran bertigoa eman zidan, emakumeoi kostatzen zaigu horrelako urratsak egitea. Eta horregatik are azpimarragarriagoa iruditzen zait bi hautagai egotea. Baina ez emakumeak izateagatik bakarrik, baizik eta prestatuta gauden emakumeak garelako, proiektu onak ditugunak. Hori da garrantzitsuena, ez dela kuota bat betetzeagatik, aukera ona delako baizik.

Irabazlea edozein dela ere, zein izan beharko da bere lehen urratsa nahi eta nahi ez?

Telebista eskubideak berreskuratu eta berriro emakumezkoen futbola ikusi ahal izatea, dudarik ez. Ikusten ez dena ez da gertatzen eta, ikusten ez bada, “gertatzen” ez bada, ez dago diru sarrerarik, babesleentzat ez baitago ezer bueltan. Azken bi urteotan futbolari min handiena egin diona hori da, gainera, pandemia garaian zelaira ere ezin zen joan... Ez dugu aprobetxatu emakumezkoen futbolarekiko interesean mundu mailan emandako jauzi handia.