Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Erriberan ere hitz eginez ikasten da euskara

Euskara hitz egiten ikasten dela diote. Horretarako, euskara ikasten ari direnak maiz elkartu egiten dira hizkuntza praktikara eramateko. Horrela gertatzen da ere Tuteran, Erriberan. Mintzakide programan aritzen diren lau lagunekin elkartu gara.

Tuterako Mintzakide ekimenean aritzen diren kideak.
Tuterako Mintzakide ekimenean aritzen diren kideak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Euskaraz ikasteako ahalik eta gehien hitz egitea komeni dela diote. Batzuetan, ordea, egitea esatea baino zailagoa izaten ohi da. Lotsa kontua izan daiteke. Besteen aurrean euskara maila nahikorik lortu ez dela ustea ere oztopoa bilakatu daiteke. Toki batzuetan, berriz, kalera ateratzearekin nahikoa izaten ohi da euskaraz entzuteko eta hitz egiten hasteko animoak biltzeko. Beste batzuetan, berriz, zailagoa da euskaraz aritzen den jendea topatzea euskaraz aritu ahal izateko.

Tuterako alkate Alejandro Toqueroren arabera, Erriberako hiri honetan ez da euskal hiztunik. Hori esan zion behintzat Madrilgo komunikabide bati. Honetan ere egiatik urrun ibili zen Toquero jauna. Ze Tuteran badaude euskaraz aritzen diren hiritarrak.

Horietako batzuekin elkartu gara. AEK-k antolatzen dituen Mintzakide ekimeneko partaideengana jo dugu eta saio batera sartu gara. Herrerias kaleko Letras a la Taza kafetegia-liburudendan elkartzen dira astero elkarrekin euskaraz aritzeko. Jose Mari, Silvia, Aitor eta Esti dira gure mintzakideak. Kafetxoa edo garagardoa hartu eta mahai baten inguruan elkartzen dira. Argazkilaria eta biok gertutik ahalik eta trabarik gutxien egiten saiatzen gara.

Lau kideetatik hiru irakasleak dira, laugarrena baratzetan aritzen den jubilatua. Gauzak horrela, aurki Nafarroako Gobernuak egingo dituen Hezkuntza arloko oposizioak mintzaldiaren gai bat bihurtzen dira. Taldeetako kide bati epaimahaiko kide izatea tokatu zaio. Beste bati, berriz, azterketa egitea. Kontatzen dutenez, oposizioan azterketa egitea ez da lan makala. Epaimahikide izatea ere ez da erraza. Hainbat astetan Tutera utzi eta Iruñera joan behar izango du gure lagunak hori dela eta. Iruñean gelditzeko pisu edo logela baten bila izan da, baina garestiak dira. Gasolinaren prezioak –nola ez– mintzaldian bere tokia hartzen du. Azken gorakadekin are eta garestiago da Tuteratik Iruñera bidaiatzea. Eta egunean joan etorria egitea luze egiten da lanegun baten hasieran eta amaieran. Erabaki gogorra. «Zerbait gauza Tuteratik egitea komentatu diegu baina ezetz esan digute». Iruñezentrismoaren kontrako kexak azaltzen dira.

Taberna bateko solasaldi gehienetan gertatzen den bezala futbola jorratzen den gaietako bat. Batzuk Realaren zaleak direla azaltzen dute, beste batzuk Athletic-en alde egiten dutela onartzen dute. Eta badira ere Osasunaren zaleak direnak. Anoetara bidai bat egin zutela gogoratzen du Realaren zale batek, aurretik sagardotegi batean bapo bazkaldu zutelarik.

Pandemia dela eta aspaldi ez direla sagardotegi batera joan komentatzen dute, eta berriro itzultzeko gogoak dituztela nabarmentzen dute. Onartzen dutenez, garagardo bat hartzen dutenean euskara errazago ateratzen zaie. Halere, neurriz hartu behar dela azpimarratzen dute.

Mendira ateratzea ere euskaraz aritzeko aukera izaten ohi da. Horrelako txangoak antolatzen ditu AEK-k. Aurrekoan Bardeak aldean izan ziren. Hurrengorako ere prestaketak hasi dituzte ere. Fiteroko Roscas eremua izan daiteke norabidea.

Taldeak Tuteran eta Erriberan

AEK-ko kide Aristoteles Fuentesek azaltzen duenez gisa honetako sei talde daude Tuteran eta bana Alesbes, Cascante eta Murchanten. Mintzapraktika berebiziko garrantzia du ikasitako euskara mantentzeko euskaraz bizitzea zaila den eskualde batean. «Inguru euskaldunak izan badira, baina hau ez da ikasle eta euskaldun askoren errealitatea. Zaila da ogia erostera joatea eta euskaraz egin ahal izatea. Euskara aritzeko guneak bilatu behar dira», azaltzen du.

Euskaraz aritzeko aukerak ez izateak ikasitakoa galtzeko arriskua ekartzen du. Euskara maila pobretzen doa. Horregatik ematen diote hainbeste garrantzia tankera honetako ekimenei. Aintzinean egin izan dira antzeko saiakerak, baina modu informalago batean.