Arnaitz Gorriti

Zailena egin eta gero, porrot oso latza jasan du Bilbao Basketek Fuenlabradan (87-82)

Aurreneko erdian 38-25 galtzen izan dira bizkaitarrak, baina Inglisen eskutik partida lehiatzera itzuli dira. Are gehiago, 75-78 aurreratu dira partida amaitu baino minutu bat lehenago, baina Ziga Samar gaztearen talentuak eta bilbotarren akatsek madrildarrei eman die garaipena.

Zergatik ez du Andrew Goudelockek baloirik izan azken jokaldietan?
Zergatik ez du Andrew Goudelockek baloirik izan azken jokaldietan? (ACB PHOTO)

URBAS FUENLABRADA 87 - SURNE BILBAO BASKET 82

Zailena egin eta gero, Fuenlabradan irabazi eta denboraldiko hamabigarren garaipena erdiesteko aukera alperrik galtzen utzi du Surne Bilbao Basketek. Fuenlabradan Ziga Samar antolatzaile esloveniarra azaldu da bilbotarrak 75-78 aurreratu diren unean, neurketa amaitzeko minutu eskas falta zela, eta 21 urteko gaztearen talentuak neurri handi batean, etxekoen alde irauli du Fernando Martin pabilioiko partida.

Alabaina, bere pekatuen penitentzia ordaindu du Bilbao Basketek ere. Neurketa 75-78 zihoala, defentsan bakar bakarrik laga dute bilbotarrek Samar antolatzailea, blokeoa egin ostean zeinek zein erasotzaile jarraitu erabakitzeko orduan ez direlako ados jarri beltzezko gizonak. Markagailua 78na dela, berriz, Alex Reyesen eskuetan laga du Alex Mumbruk Bilbao Basketen erasoa, baina hegalekoak erasoko falta egin du hiru metrotatik bakarrik botatzeko aukera izan duenean. Hurrengo erasoan, Reyesek berak hiruko oso zaila kale egin du eta Fuenlabradak, Obi Emeganoren eskutik, jaurtiketa libreen marratik etorri zaizkion aukerak baliatzea nahikoa izan du neurketa eramateko.

Bilbao Basketek ez du gaizki jokatu, baina markagailuan aurrea hartu eta ihes egiteko abaguneak pasatzen laga ditu eta amaiera hain estuan, are gehiago Goudelock ez erabiltzea deliberatu ostean –alegia, kantxa erdira atera eta «mini mambari» erabakitzen laga– atzekoz aurera atera zaio dena Bilbao Basketi.

Larrituko zen baten bat dagoeneko, bilbotarrek lau partida segidan galdu dituztelako eta datorren zapatuan Valentzia Basket etorriko delako Bilbao Arenara. Ba Valentzia Basketen aurka beharko du hamabigarrenak.

Hondamenditik bizirik

Jaurtiketa libreetako ohiko kalbarioa ez ezik, defentsan ere latz sufritu behar izan dute bilbotarrek, kanpoko jokalariekin zein barrukoekin. Bilbon aurreneko itzulian egin zuen moduan, sekulako mina eman zuen Ristic Fuenlabradako pibotak, Angel Delgado eta Jeff Withey ez baitira kapaz serbiarra bezalako jokalari bat geratzeko, alegia, uztaipetik bezala hiruko marraz atzetik ere saskira erraz aurkitzen duen pibot bat geratzeko.

Risticen erasana geratu nahian, Alex Mumbrurenek defentsan laguntza gehiago eta luzeagoak egin behar izan dituzte, eta horrek Samar, Cheatham eta Emegano bezalako jaurtitzaileak askeago laga ditu. Horiek hala, Fuenlabradak ia akordatzerako hanka egin du markagailuan, 25-18 amaitu baita aurreneko laurdena. Are gehiago, bilbotarren hankasartzeak baliatuz, partida ia mila puskatan hautsi du Madrilgo taldeak, atsedenaldira bidean 38-25 aurreratu delako. Hori gutxi balitz, Roussellek, tamalez hain ohikoa duen eran, hiru falta egin ditu atsedenaldira iritsi aurretik.

Hamaika aldaketa egin behar izan ditu Alex Mumbruk partidan sartu eta jokoa neurri batean berdintzeko. Hala, Masiulis hegaleko postuan jarri eta Inglis eta Delgado barrutik jarrita. Damien Inglis hegal-pibot frantsesak defentsa eman dio egokiera berri horri eta Masiulisen bost puntuk arnasa erasoan. Horri esker, Andrew Goudelock ere halakoren batean esnatu da. Arazoak arazo –7tik 2 jaurtiketa libreen marratik, esaterako– aukerak berreskuratuta iritsi dira bilbotarrak atsedenaldira: 44-39, 6-14ko partzial bati esker.

Pekatuen ordaina

Reyesen hiruko batekin hasi da hirugarren laurdena eta, egiari zor, handik amaierara arte Fuenlabrada eta Bilbao Basketen artean ez da bost puntu baino alde handiagorik egon, ia beti etxekoen alde, hori bai.

Alabaina, aurreneko erdian Fuenlabradak barkatu baldin badu, bigarrenean talde bizkaitarra izan da arerioarekiko eskuzabalena. Uztaipean kale egindako jaurtiketa errazak –ia orkatila bertan laga du Angel Delgadok jokaldi xelebre batean; ez du askoz gehiago jokatu, baina itxura baten ez dago lesionatuta–, ia opari emandako baloiak, defentsa eskasa tarteka –Ristic berriz ere etxeko egongelan bezain eroso– edo errebotea zaintzen, berriz, sekulako lanak.

Hala ere, hain justu erasoko errebotean egindako lanari esker eta Roussellek jarraian sartu dituen zortzi punturekin azken laurdenera 61-60 atzetik direla iritsi dira Alex Mumbrurenak.

Are gehiago, azken laurdenean bota dituzten lau jaurtiketa libreak sartu egin ditu talde bilbotarrak –12tik 6, orotara–, baina orduan ere sekulakoak eta bi egin behar izan ditu halakoren batean markagailuan aurretik jartzeko.

Andrew Goudelockek sei puntu ia jarraian sartu ditu, Jeff Withey ere noizbait esnatu da eta Rafa Luzek, partidaren azken txanpari ekiteko, 75-78koa ezarri du hiruko bati esker.

Baina Fuenlabradak Ziga Samar gaztea aurkitu du erantzuteko –Euroligako taldeak ez ditu urruti izango gazte esloveniarrak– eta Bilbao Basketek bere erabaki okerrekin, zailena egin eta gero beste porrot bat irentsi behar izan du. Eta hauek izan ohi dira irensteko zailenak.

PARTIDAKO FITXA

URBAS FUENLABRADA: Samar (16), Cheatham (11), Emegano (17), Meindl (4) eta Ristic (23) –hasierako bostekoa–, Alexander (10), Milosavljevic (5), Eyenga (1) eta Novak.

SURNE BILBAO BASKET: Rafa Luz (13), Andrew Goudelock (13), David Walker (3), Gytis Masiulis (5) eta Angel Delgado (3) –hasierako bostekoa–, Damien Inglis (11), Jonathan Rousselle (10), Ludde Hakanson (7), Jeff Withey (9), Alex Reyes (8), Tomeu Rigo eta Stefan Peno.

Epaileak: Calatrava, Sanchez Mohedas eta Gonzalez. Damien Inglis bilbotarra egotzi dute bost falatarekin.

Partzialak: 25-18, 17-21, 17-21, 26-22.

Gorabeherak: 4.937 ikusle Fuenlabradako Fernando Martin kiroldegian. David Walkerrek bere lesioa gainditu eta jokatu ahal izan du. Minutuko isilunea gorde da hil berri den Javier Imbroda entrenatzaile ohiaren omenez.