Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Hezkuntza Plazarak norabide egokian ikusten ditu Gasteizko Legebiltzarrean onartutako oinarriak

Hezkuntza Plazara dinamikak, Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza Hitzarmenaren bidean adostutako oinarriak «norabide egokian» kokatuta daudela uste du, baina akordio horretan jasotakoak zehaztapenak eta bermeak behar dituela uste du, eta anbizio falta ikusten du hezkuntza-burujabetza aldarrikatzeko.

Hezkuntza Plazara ekimeneko kideek martxoaren 5ean egin zuten lehenengo agerraldia, Hernanin.
Hezkuntza Plazara ekimeneko kideek martxoaren 5ean egin zuten lehenengo agerraldia, Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Hezkuntza Plazara ekimenak «berri pozgarri» gisa baloratu du Gasteizko Parlamentuak, gehiengo oso zabal batez, Hezkuntza Hitzarmen berri baterako oinarriak adostu izana, eta akordioa bera bide onean doala uste du, nahiz eta, besteren artean, zehaztapena eskatzen dion.

Gaur goizean Bilbon egindako prentsaurrean, ekimeneko talde eragilearen ordezkaritza batek gogora ekarri du Hezkuntza Plazarak, 250 herritarren babesarekin, zazpi puntuko adierazpena plazaratu zuela Hernanin martxoaren 5ean, «egoeraren irakurketa propioa eginez ta hezkuntzan eskubideetatik konpromisoetara pasatzeko unea dela adieraziz».

Horren ostean, eta Legebiltzarrean egindako akordioaren harira, bigarren topaketa egin zuten apirilaren 2an, Gasteizen hitzartutakoaren inguruan hausnartzeko, betiere, nabarmendu dutenez, Hernanin jasotako eskakizun edo ardatzen begiradatik, eta gaur topaketa horren ondorio nagusiak jakinarazi dituzte.

Aukera bat ireki du

Ildo honetan, gogora ekarri dute Hezkuntza Plazara dinamikak «Euskal Herrirako hezkuntza-sistema propioa eta bakarra» duela helburu, eta bide horretan, «itu hori egingarriagoa bilaka dezakeen erronka» gisa baloratzen dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza-Lege berria osatzeko prozesua.

Hau esanda, Parlamentuko lau talde nagusiek egindako akordioak Euskal Herriaren zati honetan «aukera bat ireki» duela uste dute, «hezkuntza sisteman behar dugun errotiko eraldaketaren norabidean jauzi bat eman ahal izateko, eta 1993ko legeak eragindako zatiketa gainditu eta garai berri bati hasiera emateko».

Bide horretan, Hitzarmena lortzeko fasean jarraitutako prozedura bera «aipagarria» dela irizten diote, azpimarratu dutenez, «ehundik gora eragileren ekarpenak jaso baitira prozesuaren une ezberdinetan», eta gaineratu dute espero dutela aurrerantzean ere, hitzarmenaren oinarrietatik Hezkuntza Legea zehazteko bidean, «bai Hezkuntza-Komunitateak zein eragile sozial askotarikoen parte hartzea bermatzeko mekanismoak» jarriko direla.

Anbiziorik ez burujabetzan

Edukiari erreparatuta, eta apirilaren 2ko topaketan aterarako ondorioei helduz, «positiboki» baloratu dute Hernaniko Adierazpenean funtsezkotzat jo zituzten zazpi ardatzetatik lehenengo seiretan –Hezkuntzarako eskubidea, Inklusiorako eskubidea, Euskalduntzea, Eraldaketa pedagogikoa eta metodologikoa, Autonomia eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa– «norabide egokian kokatutako neurriak planteatzea». Edonola ere, Legeari begira, beharrezkotzat jotzen dute Hitzarmenean jasotakoaren «zehaztapena, baliabideak eta bermeak» ziurtatzea.

Honekin batera, Bilboko agerraldian adierazi dute ez dutela «anbiziorik ikusi hezkuntza-burujabetza aldarrikatzeko». «Eskumen osoa behar dugu hezkuntzan, horren faltan beti mugatua egongo baita egin dezakegun oro», nabarmendu dute zentzu horretan, eta gaineratu dute aurrerapausuak eman ahal izateko «oinarri egokiak jarri badira ere», burujabetza faltak «mugatu» egiten duela «urrats guztien irismena, eta, ondorioz, Hezkuntza Sistema burujabe baten eraikuntza».

Horiek hala, «sistemaren eraldaketarako urrats kualitatiboak ematen hasteko» aukera probestu behar dela esan dute, eta, horrekin batera, «hezkuntza-burujabetzaren aldeko aldarri ozena egiteko». Laburbildu dutenez, «Hezkuntza-Sistema Propioa behar dugu eta Euskal Herri osoan behar dugu».

Euskalduntzea eta segregazioa

Parlamentuan hitzartutako akordiora itzulita, bi gai aipatu dituzte bereziki kezkatzen dituztenak eta «berehalako erantzun bat behar dutenak»: euskalduntzea eta segregazioa.

Hezkuntza Plazararen aburuz, «gaurdanik, lehena ziurtatzeko eta bestea ezabatzeko urratsak ematea ezinbestekoa da», eta, horretarako, ezinbesteko jo dute «herri-hitzarmen bana landu eta neurri eraginkorrak zehaztea».

Segregazioaren arloan Hezkuntza Hitzarmenean 2023rako itun bat lantzea aurreikusi dela aipatu dute, eta, adierazi dutenez, aurkeztu den borondateak «sinesgarritasuna izango badu, egokia litzateke neurri zehatzak berehala martxan jarri eta ituna ere Legearen onarpenaren aurretik egitea».

Euskalduntzeari dagokionez, garrantzitsutzak jo dute «beranduegi izan aurretik hitzarmenak aipatzen dituen tresnak erabiltzen hastea», hala nola, «institutua, materialgintza sortzeko baliabide ekonomikoak bideratzea, ebaluazio iraunkorra eta irakasleen perfilen egokitzea». «Are gehiago, euskalduntzeaz ari garela, hizkuntzatik harago, Euskal Curriculumak bermatuko du kulturaz jabetzeko ahalegina», gaineratu dute.

Epeak eta aurrekontua

Honekin guztiarekin batera, eta neurriak zehazteaz aparte, Hezkuntza Plazara dinamikako kideek uste dute «helburuen lorpenerako epeak aurreikusi» beharko liratekeela, eta, «hartutako konpromisoak betetzeko», hezkuntzara bideratutako aurrekontua «berrikusi eta, gutxienez, BPGren %6 ziurtatu».

Laburpen gisa, azpimarratu dute «Hezkuntza Sistema antolatzeko landuko den Legeak eskubideak bermatu eta ikasleen beharrak jarri eta aseko baditu», ezinbestekoa izango dela hurrengo hilabeteetan «hezkuntza-komunitatearekin eta eragile sozial zein sindikalekin prozesu zabala irekitzea, akordio sozial zabala» lortzeko xedearekin.

«Elkarrekin pentsatu eta herri gisa jarduteko unea» dela esan dute gaur Bilbon, eta nabarmendu dute Hezkuntza Plazarak konpromisoa hartzen duela «eztabaidarako aukera zein elkarrizketa orotan parte hartzeko», eta «baita bere izenean antolatzeko ere».