Alaia Sierra

«Osakidetzako Langile Ahaztuen Plaza» inauguratu dute sindikatuek Bilbon

Osasun arloko sindikatuetako ordezkariak Bilboko Osasun Langileen Plazan mobilizatu dira astearte honetan. Azaldu dutenez, Osakidetzak bere langileak «ahaztuta dauzka» aldarrikapenak kontuan hartu gabe. «Osakidetzako Langile Ahaztuen Plaza» gisa berrizendatu dute.

Osakidetzako langileak Bilboko plaza berrizendatzeko egindako mobilizazioan.
Osakidetzako langileak Bilboko plaza berrizendatzeko egindako mobilizazioan. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Benetazko negoziazio» baten alde mobilizatu dira Osakidetzako langileak berriz ere Bilbon. Oraingoan Osasun Langileen Plaza berriz izendatu dute behargin guztiak kontuan hartzeko eskatzeko eta «ahaztuta» daudela salatzeko.

Martxoaren 9an Bilboko Udalak eta Osasun Sailak Osasun Langileen Plaza izendatu zuten Intermodal geltoki berriaren sarreran dagoen plaza. Adierazi zutenez, osasun alorreko profesionalek pandemia garaian egindako lana «aitortu eta eskertzeko» omenaldi gisa jaso zuen izen hori.

ELA, Satse, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek babestutako mobilizazioa izan da astearte honetakoa. Esther Saavedra, ELAko Osakidetzako arduradunak adierazi duenez, «ez dugu propagandarik behar, lan baldintza duinak baizik».

Saavedrak azpimarratu duenez, plaza honen inaugurazio ekitaldia Lan Harremanen Kontseilurako bilera deitu zen egun berean izan zen. «Osakidetzak ez dauka negoziatzeko borondaterik, aurreko ostiralean izandako mahai sektorialaren bilera edukirik gabekoa izan zen», gehitu du.

LABeko ordezkaria den Eneko Pascualek nabarmendu duenez, «osasun arloko langile guztion plaza behar dugu». Izan ere, martxoaren hasieran inauguratutakoak ez ditu osasun arlokoak ez diren Osakidetzako langileak kontuan hartzen. Gainera, martxoan egindako ekitaldian ez zituztela gonbidatu salatu dute bozeramaileek.

Bestalde, Iñigo Garduño, CCOO-Euskadi sindikatuko Osasuneko Idazkari Nagusiak, Osakidetzak «bere jarrera guztiz alda dezan» exijitu du. Bide batez, «egiturazko arazoak konpontzeko neurriak» hartu behar dituela ohartarazi du.

Amaia Mayor Bizkaian Satse sindikatuaren bozeramaileak Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren langileen egoera jarri du «Osakidetzaren jarreraren adibide argi» gisa. Bere esanetan, Osasun Sailak langile hauek «mespretxatzen ditu Arreta Espezializatukoak ez direla argudiatuz eta haien eskaintzak aho batez baztertu ditu». Horren aurrean, greba deitu dute apirilaren 19tik 22ra, biak barne.

UGTko ordezkariak, Marifeli Camposek, «langileok kontuan ez hartzea tristea» dela adierazi du eta, beste sindikatuekin ados, «lan baldintza duinak» eta «benetako negoziaketa» aldarrikatu ditu.

Datozen mobilizazioak

Osakidetzako negoziazio mahaiaren «borondaterik ezaren» aurrean, sindikatuen ordezkariek mobilizazioekin jarraituko dutela azpimarratu dute. LABeko ordezkariaren hitzetan, «negoziazio erreal bat martxan jartzen duten arte».

Gogorarazi dutenez, datorren ostiralerako, apirilaren 8rako Osakidetzako Lehen Arretako langileak grebara deituta daude. Maiatzaren 16an, aldiz, Arreta Espezializatuan deitu zuten greba, ospitaleetan eta osasun mentaleko arloan.