Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Formatu txikiko istorio handiak biltzen dituen ‘Pikotxean’ bildumari hiru ekarpen berri

Haur literaturari eskainitako bilduma da Erein argitaletxearen ‘Pikotxean’, baina horrek ez du esan nahi istorio xaloak direnik. Izan ere, haurrentzako aproposak diren lanak helduentzat ere badirela uste du Anjel Lertxundi, liburuetako baten egileak.

Inazio Mujika, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga.
Inazio Mujika, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga. (Iñigo URIZ | FOKU)

Erein argitaletxeko ‘Pikotxean’ sailak zazpi liburu gehitu ditu jada gaur goizean aurkeztu diren hiru berriak zenbatzen baditugu. ‘Botoitxo’, ‘Irakurtzen ez zekien zakurra’ eta ‘Marrakatxarra’. Idazleen eta ilustratzaileen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia izan dute hiruretan, egileek kontatu bezala.

‘Botoitxo’ da Anjel Lertxudik idatzi eta Antton Olariagak elkarrekin sinatzen duten saileko hirugarren liburua. Aurrekoak, ‘Zakarruko’ eta ‘Donostian elefanteak ikusi zirenekoa’ «erreskateak» ziren, aspaldiko ipuinak berriro idatziak, baina ‘Botoitxo’ berria da.

Lertxundik azpimarratu duenez, «haur literatura, literatura da. Bere ezaugarri propioekin, baina artea izateari utzi gabe». Izan ere, irakurle txikientzako aproposa izateak ez du esan nahi helduentzat aproposa ez denik. Kontrakoa, idazlearen ustez, «haurrentzat egokia dena helduentzat ere bada», nahiz eta gehienetan ahaztu egiten zaigun.

Azaldu duenez, literatura kontakizunarekin egiten da baina baita hitz baten lilurarekin ere. Hori gertatu zitzaion berari baserritar bati entzun zionean «halako gizon botoitxoa» esaera. «Ez nuen galdetu, baina ulertu nuen gizona txapala zela. Hitz horrekin liluratu nintzen», aitortu du.

Ipuin berri bat idazteko eskatu ziotenean «botoitxo» hitzari bueltak ematen hasi zen, eta burura etorri zitzaion mertzeria batean lana egiten duen eta kaxoia botoiez beteta duen emakumea. Istorioa emakume horren eta jostea gustatzen zaion ume baten arteko harremanari buruzkoa da. Dendan badago sekretu bat, giltzapetuta dagoen kaxoi bakarrean.

Olariagarekin batera egindako lanari buruz esan du aspalditik aritu direla elkarlanean eta eskertu behar diola ez bakarrik egindako marrazkiak, baizik eta literaturai buruz ikasi duen guztia ere bai.

Olariagak, bere aldetik, esan du testua oinarrian izanik, aukera izan duela bere fikzio propioa sortzeko «sentimenduen eta emozioen giroan» murgilduz. «Pertsonaiak grafikoki sortzean lizentzia fantastikoak hartu ditut eta, bide batez, aukera izan dut ni ere emozionatzeko», adierazi du.

Liburuak ez beste gauzak irakurtzen

Koldo Izagirrerek idatzi du ‘Irakurtzen ez zekien zakurra’, eta Irrimarrako kide diren Karmele Gorroño eta Irene Irureta izan ditu bidelagun. Liburu honetan bi protaagonista daude, Naroa neskatila eta zakurra, baina protagonismo ezkutua dute liburuek, haiek gabe ez litzatekeelako istoriorik egongo.

«Naroaren ideia da irakurtzea eta liburuak irakurtzea bi gauza desberdin direla. Helduek beti esaten dute irakurri egin behar dela, liburuak erosi eta leku estrategiko batean kokatu», aipatu du idazleak. Baina liburuak ez diren beste euskarri batzuetan ere irakurri daiteke, eta hain zuzen ere Naroa irakurzalea da… baina kaleko kartelak irakurtzea gustatzen zaio.

Halako batean, zakur bat galdu dela dioen kartela irakurtzen du, eta konturatzen da galdu baino, jabeengandik ihes egin duela, berak gurasoengandik ihes egiten duen bezala, eta zakurra bilatzen hasten da hura topatu arte. «Talka bat dago gurasoen eta Naroaren artean, derrigorrezko irakurketa eta haurrari irakurtzea gustatzen zaionaren artean», esan du tramari buruz gehiago azaldu gabe.

Izuak uxatu

Hirugarren lana, ‘Marrakatxarra’, Ereineko editore Inazio Mujikarena da, zeinek maite Gurrutxagarekin batera egin duen lan. «Saio bat da beldurraren hazia non dagoen azaltzeko», argitu du, eta kontatu du nola bere seme-alabak txikiak zirela, beldurra zutenean hortzak estutu eta askatu gabe «marrakatxarra» behin eta berriz esateko eskatzen zien, izua pasatu arte; egun, oraindik famililan erabiltzen duten trikimailua omen da.

Baina «marrakatxarra» ez da berak asmatutako hitza, Donostiako Alde Zaharrean bizi zen Ander Arzelus idazleak baizik. ‘Luzear’ ezizenez sinatzen zuen egunkari eta aldizkarietan. 36ko gerran atxilotu eta kartzelan zela haurrentzako antzerki bat idatzi zuen. «Bertan aipatzen zen ‘marrakatxarra’, kartzelako ateak irekitzeko ‘abrakadabra’ magiko baten moduan», esan du. Bere liburuko haur protagonistak Ander du izena, ‘Luzear’-en omenez.