Arnaitz Gorriti

Koparik gabe eta Euroligatik at, Baskoniak ACBko play-offetarako sailkatu behar du

Joan den igandean Kanaria Handiaren aurka galdu eta gero, zortzigarren postuan daude gasteiztarrak ACB Ligako Fase Erregularra amaitzeko zortzi jardunaldiren faltan. Bost neurketa etxean jokatu beharko dituzte Spahijarenek, baina aurkari oso zailen kontra.

«Baskoniak Baskonia izan behar du», dio Vanja Marinkovicek.
«Baskoniak Baskonia izan behar du», dio Vanja Marinkovicek. (Aritz LOIOLA / FOKU)

«Hau ACB Liga da. Partida guztiak zailak dira, badakigu hala dela, baina gure helburuak betetzeko neurketak irabazi egin behar dira, aitzakiarik bilatu gabe». Neven Spahijak erabili ohi duen diskurtsoa erabili du Vanja Marinkovicek Saski Baskoniaren webguneari eskaini dion elkarrizketa laburrean. Izan ere, gasteiztarrek amaitu dute Euroligako ibilbidea 2021/22 denboraldi honetan eta orain ez dauka besterik ACB Liga baino. Eta beste urte batzuetan ez bezala, «erregulartasunaren txapelketa» honetako azken txanpara play-offetan lekurik izango duen bermatzeke iritsi da. Zortzi neurketa falta dira aipatu Fase Erregularra amaitzeko eta talde arabarrak badu zereginik.

«Kanaria Handiaren aurka ongi hasi ginen baina gero pasa zitzaiguna... bada, ez dakit zer pasa zitzaigun». Horra Vanja Marinkovicen aitortza zintzoa. «Hemen nagoenetik jokatu ditugun 20 minuturik txarrenak izan dira», bota zuen igandean Neven Spahijak berak Kanaria Handiaren aurka Zurbaon 70-86 galdu ostean. Alperrik ekin zieten gasteiztarrek partidari suziriaren pare; Kanaria Handiak nola edo hala eutsi zien Spahijarenei aurreneko txinparta hori desagertu arte, eta hirugarren laurdenaz geroztik, akabo. Las Palmaseko taldeak oso joko orekatua eginez –Albicy antolatzailearengandik hasi eta Pustovyi erraldoiarekin amaitu arte, tartean AJ Slaughter edo Khalifa Diop oso fin aritu zirelarik– markagailuan hanka egin zuten eta Baskonia ezinean geratu zen, hirukoak bota eta kale eginez, beste errekurtsorik erakutsi gabe. Hori gutxi ez eta, Matt Costellok orkatilan min hartu zuen, nahiz eta badirudien ez duela ezer larririk. Gogoan izan behar da ere Wade Baldwinek sorbaldako minez jokatu zuela eta erasoari begira New Jerseyko antolatzailea ez zegoela bere onenean joan den igandean, jokatzeko ahalegina egin arren.

Oraingoz ez da larriegia Saski Baskoniaren egoera, baina bai kezkatzeko modukoa, hanka sartzeko tartea gero eta estuagoa baita. Kanaria Handiaren aurka galdu ostean 14-12ko balantzearekin ACB Ligako zortzigarren postuan dago talde gasteiztarra, UCAM Murtzia zazpigarrenaren eta Kanaria Handia bederatzigarrenarekin berdinduta. Eta pozik, oraingoz ACB Ligak puntu alde orokorra darabilelako berdinketa hausteko irizpide nagusitzat. Bestela, gogoan izan behar da Kanaria Handiaren aurka Fase Erregularreko partida biak galdu dituela Baskoniak eta baita aurreneko itzulian Murtzian jokatu zuena ere.

Alegia, Fase Erregularra dagoen moduan amaituko balitz, arabarrak ozta-ozta play-offetan sartuko liratekeela, baina Bartzelona izango lukete aurkari final-laurdenetan eta hori nolabait saihestea da gasteiztarren xedea.

«Baskoniak Baskonia izan behar du»

Tira, hasiera batean Baskoniaren helburua serie-buru izateraino iristea zen; hau da, gutxienez laugarren posturaino igotzea eta final-laurdenetako kanporaketan bederen kantxa faktorea alde eduki ahal izatea. Alabaina, uneotan Valentzia Basket dago laugarren postuan eta talde gasteiztarrak baino lau garaipen gehiago pilatu ditu. Kosta behar zaio, bada, ACB Ligako laugarrenaren lau garaipeneko aldea ateratzea zortzi jardunalditan, eta bere aurretik diren beste guztiek ere kale egitea.

«Baskoniak Baskonia izan behar du. Horrek esan nahi du partida guztietan defendatu, korrika egin eta borrokatu behar dugula gure helburuak betetzeko», dio Marinkovicek, are gehiago falta diren zortzi jardunaldi hauetan bost partida etxean jokatu behar dituela aintzat hartuta.

UCAM Murtzia hilaren 13an, Valentzia Basket 17an, Manresa 24an, Basket Zaragoza maiatzaren 7an eta, azkenik, Joventut, maiatzaren 15eko azkenengo jardunaldian. Zaragoza izan ezik, beste guztiak zortzi onenen artean daude, eta gogoan izan behar da aurreneko itzulian gasteiztarrek bost horietatik Valentziari bakarrik irabazi ziela.

«Top 8ko taldeak dira Gasteizera etorriko diren gehienak, baina gure onena emateko prestatu behar dugu. Besterik gabe», iritzi dio Marinkovicek bisitari arriskutsuei buruz galdetu diotenean.

Kanpoan, bestalde Burgos igande honetan, Ibon Navarroren Unicaja hilaren 30ean eta Txus Vidorretaren Lenovo Tenerife maiatzaren 11an izango dira gasteiztarren arerioak. Aurreneko itzulian Burgos eta Unicajari irabazteko gai izan zen Baskonia; ez ordea Teneriferi.

Denbora bere alde

«Martxo oso arraroa izan dugu. Zazpi herrialde ezberdin zapaldu ditugu eta orain, berriz, aste osoa daukagu partida bat prestatzeko», onartu du Marinkovicek. «Taldeak astia dauka orain neurketa prestatu eta talde-kimikan sakontzen joateko», gaineratu du hegaleko serbiarrak.

Otsailaren erdialdera, Kopan egon ez zelako eta "FIBA Leihoen" etenaz gain, Errusia eta Ukrainiaren arteko gatazka dela-eta ia hiru aste partidarik jokatzeke egon zen Saski Baskonia, eta ezustean, mesede egin zion horrek talde gasteiztarrari. Hala, Euroligan jokaturiko azken sei neurketetatik bost eraman ahal izan zituen Neven Spahijaren taldeak eta askoz itxura txukunagoa eman du oro har, nahiz eta ez den nahikoa izan Euroligako Top 8an sartzeko.

«Arriskua dauka hiru egunetik behin jokatzetik astean behin jokatzera pasatzeak», ohartarazi zuen Neven Spahijak Kanaria Handiaren aurka galdu ostean. «Ez dut pentsatu ere egin nahi taldeak erlaxatzeko intentziorik izan dezakeenik. Eskarmentu handia daukat taldeak eramaten eta nire ardura da taldea partida bakoitzera behar den moduan iristea», erantsi zuen Sibenikeko entrenatzaileak.

Ez baita aurreneko aldia Euroligatik at amaitu ostean, berau jokatzen duten taldeek nolabaiteko «tentsio falta» nozitzea, play-offak hasi bitartean behintzat. Baina hasieran ikusi den moduan, Baskoniak ez dauka hanka sartzeko tarterik –puntu aldea galduta dauka bai Kanaria Handiarekiko eta baita garaipen bat gutxiago baino ez duen Breoganekiko ere–, are gutxiago denboraldi berean Kopatik kanpo eta Euroligako final-laurdenetako kanpoketatik at geratu delarik.

«Baskonia izaera» famatuaren barruan gutxieneko betebehar batzuk daude; oro har, Kopako eta ACB Ligako finalerdiak jokatzea eta Euroligan final-laurdenetako play-offetara iristea. Sarritan, helburuak lortuta ere ez da nahikoa izaten entrenatzailea denboraldia amaitzeaz bat aldatzeko –galdetu bestela Neven Spahijari, 2007/08 denboraldian ACB Liga irabazi, Kopako finala galdu eta Euroligako Lauko Finala jokatu arren, entrenatzaileak bere jokalariak «gobernatu ezinik» izan zituen arazoen erruz, Josean Kerejetak ez baitzion taldean jarraitzen utzi–.

Hala ere, ikuspuntu ezkorra bakarrik begiratzea ez da zilegi. Saski Baskoniak erakutsi du neurketak prestatzeko astia izan duenean baduela nahikoa talentu edozein aurkariri irabazteko; arazoak, egia esan, partidak pilatu ahala handitu zaizkio.

Horrez gain, aintzat hartu behar da Baskoniaren hurrengo aurkarietako hainbatek Eurocupari –Valentzia eta Joventut– zein FIBAren Txapeldunen Ligari –Manresa, Unicaja eta Lenovo Tenerife– dagozkion partidak eta kanporaketak jokatu behar dituztela; hau da, play-offetako txartela eskuan eta Europan lehiaketa bat irabazteko benetako aukerak dituztela, akaso Zurbaotik pasatzen direnean burua ez dutela Liga Erregularreko partidan izango eta Saski Baskonia horretaz ere baliatu liteke. Nola salbatu lezake, bestela, Baskoniak aurtengo denboraldia play-offetan sailkatzerik ere lortuko ez balu?