NAIZ

Taldeen kudeaketa, amatasuna, babesletza eta abar kontu, aztergai Koparen atarikoan

Apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean Donostian jokatuko da Kopako azken fasea. Txapelketa jasotzeaz gain, Bera Berak zein Gipuzkoako Aldundiak egitarau zabalagoa antolatu dute eta horren barnean dago bezperan landuko den foroa, emakumezkoen kirola ardatz izango duena. 

Bera Berako arduradun Tati Garmendia, Kultura eta Kiroleko diputatu Harkaitz Millan eta Kiroleko zuzendari Goizane Alvarez egon dira prentsaurrekoan.
Bera Berako arduradun Tati Garmendia, Kultura eta Kiroleko diputatu Harkaitz Millan eta Kiroleko zuzendari Goizane Alvarez egon dira prentsaurrekoan. (BERA BERA)

Kopako azken faserako atzera kontaketa hasia da dagoeneko. Hiru aste pasatxo falta dira apirilaren 29an lehendabiziko final laurdena jokatzeko eta Kopak sortzen duen zirraran murgiltzeko. Donostiako Illunben jokatuko da txapelketa osoa. 

Gipuzkoak horrelako txapelketa bat jasotzen duen hirugarren aldia izango da, bigarrena Donostiaren kasuan. Berez, 2021ean jaso behar zukeen baina pandemiak eragindako egoera eta baldintzak zirela eta, Gipuzkoako antolaketa urtebete atzeratzea adostu zen Espainiako eskubaloi Federazioarekin. 

Kontuak kontu, goi-mailako eskubaloi partidez haragoko hitzordua jasoko du Donostiak apirileko azken astean. Txapelketaren aurkezpenean iragarri zuten bezperan, hilaren 28an, emakumezkoen kirolaren inguruko mahai-inguru edo jardunaldiak prestatzen zebiltzala eta azkenean, asteazken goiz honetan egin dute honen aurkezpen ofiziala. 

Erreferenteak diren eta izan diren kirolariak batuko ditu foroak, Bera Bera, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundiaren artean antolatua. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta eztabaidak jasoko ditu. «Kirolean emakumeak daukan rola landuko da perspektiba anitzetatik», adierazi du Tati Garmendiak, Bera Bera klubeko eskubaloi taldeko arduradunak. 

Garmendia, hain zuzen ere, mahai-inguru horietako batean izango da hizlari moduan, Aintzane Encinas Realeko jokalari ohia eta Patricia Rodriguez Eibarko kudeatzaile ohiarekin batera. Eli Pinedok gidatuko du saioa eta taldeen kudeaketa izango dute hizpide. 

Taldeen kudeaketz gain, amatasuna, erakundeen zeregina eta hartu beharreko erronkak, kirolaren profesionaltasuna, babesleak, kirol-ekitaldien eragina edo talentuen kudeaketa izango izango dira gai nagusiak, besteak beste. 

Aipatu protagonistez gain, aurreratu dute Lucia Ybarra belar-hockeyko jokalaria, Max Caldas belar-hockeyko entrenatzailea, Iñigo Olaizola Donosti Cup-eko zuzendaria eta Nancy Johnson jaurtitzaile olinpikoa ere bertaratuko direla. 

Ordainpekoa

Foro hau ordainpekoa izango dela ere iragarri dute. Pertsonako prezioa 15 eurokoa izango, eta bertan sartzen da egun osoko eduki guztietarako sarbidea, baita luncha eta networkinga ere. Sarrera www.copadelareina2022.com webgunean dago eskuragarri.

Bestalde, edukiak Gipuzkoako kirolarekin lotutako klub eta enpresentzat eskuragarri jartzeko, Aldundiak datozen egunetan gonbidapenak banatuko ditu. Kluba bazara edo enpresa babesle gisa Gipuzkoako kirol-eragile edo -programaren bati lotuta bazaude, zure gonbidapena eska dezakezu kirolak@gipuzkoa.eus helbidean.

Kopa hasi baino astebete lehenago, klub ezberdinetan teknifikazio jardunaldiak ere egingo dituzte, gazteenetan eskubaloia sustatu asmoz.