NAIZ

Velazquez: «Sufritu egingo dugu, gogorra izango da baina elkarrekin lortuko dugu»

Alaveseko entrenatzaile berriaren ustez, «denok bat eginda» talde babazorroak lortu lezake salbazioa. Sailkapeneko azkenak dira eta salbazioa zazpi puntura dago zortzi jardunaldiren faltan. Azken sei urtetan, aulki babazorroan eseritzen den hamaikagarren entrenatzailea da Velazquez. 

Julio Velazquez Mendizorrotzan.
Julio Velazquez Mendizorrotzan. (@ALAVES)

Mendilibarrek soilik 12 partidatan zuzendu ditu Alaves. 36 puntu posibletik zazpi batzea balantze pobrea izan da talde babazorroarentzat eta hori argudio hartuta, Zaldibarko entrenatzailea kargugabetzea erabakirik onena izan zitekeela pentsatu du zuzendaritza taldeak. Iaz ere, bi entrenatzaile kargugabetu zituen Alavesek eta aurten bide beretik doa. 

Nolanahi ere, aurtengoan, salbazioaren helburua inoizko zailen dago. Zortzi partiden faltan, zazpi puntura baitago salbazioa. Julio Velazquez salamancarra iritsi da erronka hori aurrera eramateko asmo tinkoz eta asteazken honetan eginiko aurkezpenean ziurtatu du, «sufrituta» baina salbazioa lortuko dutela. «Sufritu egingo du, gogorra izango da, eta azken egunera arte arraun egin beharko dugu salbazioaz konbentzituta».

Onartu du gogotsu iritsi dela Alavesera, «klub handia» dela adierazi du eta kanpotik sufritu eta gozatu egin duela «zale zoragarriekin». 

«Zorionez edo zoritxarrez, ez da horrelako egoera batean aurkitzen naizen lehen aldia», azaldu du prestatzaileak, eta adierazi du aurretik ondo prestatutako eta konpromiso-maila handiko aldagela bat aurkitu duela.

«Denok gara partaide eta denok ekarpena egiten badugu, lortuko dugu», nabarmendu du entrenatzaile gazteak, zeinak asteburu honetan Osasunaren aurka debuta egingo duen. Sadarreko partida prestatzeko denbora murritzak ez duela kezkatzen ere adierazi du. 

Hitzaldi luze eta oso tekniko batekin, emozioak garrantzia duela adierazi du, baina baita futbolak ere. Osotasun bat da, baina aitortu du alderdi psikologikoa azpimarratu beharko dutela, gizakiak direlako.

Taldearen indargunean zentratuko dela aurreratu du, beti ere helburu garbi batekin: «Irabaztea, lehiatzea eta erasoan aukerak sortzea, unean uneko egoerara eta areriora moldatuta». 

«Gaur egun mendiak oso altua dirudi baina edozein momentuan txikiagoa eman dezake», hausnartu du teknikariak. 

Denboraldia amaitu arteko egutegia aztertuta, ohartarazi du behar bezala lehiatzen ez badira partida guztiak gal ditzaketela, aurkaria kontuan hartu gabe. Hala eta guztiz ere, aste honetan igandeko partida buru-belarri prestatuko dutela gehitu du: «Eskarmentuz esan dezaket aste batetik bestera aldatzen dela hau». 

Mendilibarren kaleratzea, «une egokian»

Atletico Madrilen aurka galdu eta bi egunera iritsi zen Mendilibarren kargugabetzea. Granadaren aurka etxean galdu ostean, erabaki hori iritsi zitekeenaren susmoa zabaldu zen baina Sergio Fernandez Alaveseko kirol zuzendariak hori gezurtatu egin du asteazken honetan. 

Ildo horretan, Fernandezek erantzun du erabakiak une egokia dela uste denean hartzen direla, eta gaineratu du unea orain izan dela.

Era berean, gezurtatu egin du Zaldibarko entrenatzailearekin kontratua hausteko aukera zehazten zuen klausularik zegoenik, baldin eta taldea sailkapeneko azken postuan bazegoen. Egoera hori lehen aldiz gertatu da jardunaldi honen ondoren, euskal teknikaria iritsi zenetik.

Arabako idazkaritza teknikoaren arduradunak azaldu zuenez, Jose Luis Mendilibar kargutik kentzeko erabakia erantzukizun-ariketa batean hartu behar izan zuten. 

Bestalde, Alaveseko presidente Alfonso Fernandez de Troconizek ez zuen orain arteko balantzerik egin nahi, nahiago baitu denboraldi bukaeran egin. Hala, nabarmendu du Lehen Mailan mantentzea oso zaila dela eta azken sei urteetan jarraian mantendu dela gorengo mailan, «eta hau egun Lehen Mailan dauden 11 taldek bakarrik lortu dute». 

Sei urte hauetan, baina, 11 entrenatzaile berri aurkeztu du Alavesek –bi aldiz Abelardo Fernandez– eta balantze hori ere zinez erakusgarria da.