Baionako, Donapauleko ea Donibane Lohizuneko Hezkuntza Ikuskaritzak dituen egoitzetan okupazioa abiatu dute 16.00ak aldera Seaskako irakasle eta gurasoek. 20.00ak aldera, berriz, protesta horiekin amaitzeko ezarritako baldintza bete denez, gaurko protesta bukatutzat eman dute.
Brebet eta Baxoa azterketak euskaraz egiteko aldarrikapenari bultzada emateko protesta martxan eman dute, denbora berean, aipaturiko hiru egoitzetan. Borroka horrek emaitza eman du: Errektoretzak hitzordua eman die Seaskako arduradunei heldu den asteazkenean biltzeko.
«Seaska azteazkenean 14.00tan biltzen da erreektorearekin. Hitzordu hori emankora izan dadin mobilizatzen segitu beharko dugu», azaldu du elkarteak sare sozialen bidez helarazitako mezu baten bidez. Era berean gaur mobilizatu diren ehunka lagunentzat esker oneko hitzak izan dituzte Ipar Euskal Herriko ikastoletako arduradunek.
«Gure aldarrikapenak igoaraztea nahi genuen», azaldu dio protesta oraindik abian zelarik NAIZ atariari Piarres Larzabal kolegioko lehendakariak. Donibane Lohizunen Ikuskaritzak duen egoitzan eginiko okupazio ekimenean parte hartu du Iurgi Arrizabalagak.
Hamar bat lagun sartu dira Ikuskaritzaren egoitzan barnean langileak bazirela.
«Txirrina jo eta sartu gara, eta erran behar da ongi hartu gaituztela, are zerbitzuko hainbat ordezkari gurekin batera eseri dira mahaiaren bueltan gure aldarrikapenei buruz lasiki mintzatzeko eta iritziak elkar trukatzeko», azaldu du.
Piarres Larzabal kolegioa Zokoan kokatzen da. Gauzak horrela Hego Lapurdiko eskualdeko hainbat herrietatik heldutako hautetsiak batu dira okupazio ekimenera.
Bertan dira, hala nola, Annie Poveda eta Iker Elizalde RH Baiko departamendu kontseilariak.
«Urrats bat eman dugu, behar delako azterketen gaineko erabakiak bultzatu», laburbildu du Arrizabalagak, ekimena «giro lasaian» gauzatu dela nabarmenduz.
EEPren biltzar nagusiaren atarian
Dagoeneko iragan astean azterketak euskaraz egiteko eskubidea mahai gainean jartzeko asmoz dozenaka ikasle eta irakasle Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Baionan duen egoitzan sartu ziren, erakunde horrek martxoaren 31an bere biltzar nagusia bildu zuela baliatuz.
Bileran parte hartu zuen François Xavier Pestel Pirinio Atlantikoetako departamenduaren Hizkuntza ikuskariari «harrera beroa» egin zioten, alde batetik, Seaskako ordezkariek eta bestetik Larraineko eskolan murgiltze eredua ezartzeko borroka luzea daramaten gurasoek.
Pestel ikuskariarekin solasaldi laburra izan zuten Seaskako kolegioetako ordezkariek EEPren egoitzaren korridoretan.
Irteeran, Celine Tourreuil Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko zuzendariak adierazpenak egin zizkien bertan bildutako kazetariei. Ikuskariak entzun zituela haien kexak nabarmendu zuen Tourreuilek. Gisa berean baieztatu zuen Pazko Oporren aitzin azterketak euskaraz egiteko eskaerari buruz erantzuna ematea galdetu ziotela Hezkuntza ikuskaritzako ordezkariari.
Denbora aurrera doa. Lizeoaren amaiera markatzen duen Baxoa azterketa maiatzean iraganen da eta kolegioko ikasketak bururatu ondoren eginen den Brebet froga, berriz, hilabete bat beranduago eginen dute Seaskako ikasleek. Gauzak horrela, antolaketa egokia bermatzeko Hezkuntza arduradunen erabakiak behar dituzte garaiz ezagutarazi.
Hain zuzen larritasun hori markatzera etorri da gaur arratsaldean Seaskako komunitateak aurrera atera duen protesta berria.
Hezkuntza ikuskaritzarengana jo dute, lehenbailehen erantzunak jasotzeko.
«Hitzordua finkatzea eskatzen dugu, azterketen antolaketa bermatzeko», laburbildu du Donibane Lohizuneko okupazio ekimenetik bertatik Iurgi Arrizabalagak.
Helburua lortuta, gaua ikuskaritzaren egoitzetan igarotzeko prest ziren lagunak kalean helburu berdinarekin mobilizatu diren ehunka lagunekin elkartu dira. Etxerako bidea hartu aintzin. Bihar Zuberoa, Nasfarroa Beherea eta Lapurdiko ikastolek berriro ere ateak irekiko dituztelako milaka ikasleri euskarazko hezkuntza bermatzeko.