NAIZ

Hezkuntza akordioaren aurka lanuztea eta elkarretaratzeak egin ditu Steilasek

Steilasek kritikatu egin du Gasteizko Legebiltzarrean onartutako Hezkuntza legearen dokumentua, «ikastetxe pribatuen patronalentzako erreskate bat baino ez dena». Elkarretaratzeak eta lanuzteak antolatu ditu horren aurka. Dioenez, %100eko eragina izan dute ikastetxe publiko eta haurreskoletan.

Steilas sindikatuak Gasteizko Legebiltzarrearen aurrean egindako elkarretaratzea.
Steilas sindikatuak Gasteizko Legebiltzarrearen aurrean egindako elkarretaratzea. (Raul BOGAJO | FOKU)

Steilasek elkarretaratzeak eta lanuzteak egin ditu gaur EAEko ikastetxeetan Legebiltzarrean onartutako hezkuntza akordioaren aurka. Izan ere, sindikatuak salatu duenez, «hezkuntza itun honek ez du publifikazio prozesu sendo bat ezarriko».

«Ikastetxe pribatuen patronalentzako erreskate bat baino ez da, itundutako ikastetxeen biziraupena ziurtatzeko lege bat, alegia», adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzak gogoratu aurretik.

«Berak azaldu du: ‘Itunpeko ikastetxeen finantzazioa bermatuta dago datozen hamabi urteetarako’. Hezkuntza publikoaz, aldiz, ezer gutxi adierazi du lehendakariak», kritikatu du, eta Euskal Eskola Publikoaren alde mobilizatzen jarraituko direla adierazi du, «ezartzera doazen lege honek ez baititu asebetetzen eskola publikoak dituen erronkak».

Lanuzteen eragina

Ostegun honetako mobilizazioari dagokionez, ikastetxe publiko eta Haurreskolak Partzuergoan Steilasek lanuzteek «%100eko eragina» izan dutela azpimarratu du. «Ikastetxe denetan izan da nabaria, maila handiagoan edo txikiagoan», ohartarazi du.

Hala ere, Lakuak eta Haurreskoletako gerentziak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla salatu du, «ez dutelako langileen greba eskubidea bermatzen».

«Haurreskolak Partzuergoari dagokionez, zerbitzu minimoak egunerokotasunean dauden hezitzaile ratioak baino handiagoak dira. Hau ulergaitza da. Horrez gain, haur eskoletako  ordutegien ondorioz ia-ia ezinezkoa da bertan lanuztea egitea. Hezkuntza Laguntzako Espezialisten sektorean, bestalde, gela egonkorretako langileen %50 da zerbitzu minimoa», azaldu du.