NAIZ

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek lehen greba eguna egin dute

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek lehen greba eguna egin dute ostegun honetan lan baldintza duinak eskatzeko eta hauek Osasun Zerbitzuko beste langileekin homologatzea defendatzeko. Bihar eta etzi beste bi greba egun egitera deituta daude.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen elkarretaratzea.
Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen elkarretaratzea. (ELA sindikatua)

ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek lehen greba eguna egin dute ostegun honetan.

Aldarrikapen nagusien artean honako hauek daude: 2012tik aurrera karrera profesionalean sartzea; lanaldi partzialak saihesteko lanpostu hutsen estaldura arautzea; txanda kontratuari lotutako erretiro partziala eskuratzea; anbulatorioetan ere plantillen inguruko akordioak ezartzea; lan kargak saihesteko ordezkapenak egitea; eta Osakidetzako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berberak aplikatzea homologazio printzipioan oinarrituta.

Salatu dutenez, Osakidetzako garbitzaileek lau urte daramatzate sektoreko hitzarmenik gabe, eta enpresekin hainbat bilera egin arren, «egoerak hasieran bezala jarraitzen du».

Negoziazio mahaia blokeatuta dagoela esan dute, eta Osakidetzako zuzendaritza ere egin dute errudun: «Badirudi Osakidetzak babesten duela blokeo hori, eta ez die erantzun egin diren bilera eskaerei».

Osasun sistema publikoa pixkanaka «ahultzen» ari dela esan dute, eta garbikuntza zerbitzua gero eta prekarioagoa dela, «bai lan baldintzei dagokienez, bai eskaintzen den zerbitzuari dagokionez ere».

Esan dutenez, langileek «nazkatuta» daude enpresek eta Osakidetzak erakutsitako «utzikeriaz». «Erakundeek hitz hutsalak esaten dituzte behin eta berriz, kolektibo horrek pairatzen dituen lan baldintza eskasei buruz hitz egiten denean beste alde batera begiratzen duten bitartean», azaldu dute.

Horregatik, sindikatuek eta langileek «justiziazkoa dena» lortu arte borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute. Bihar eta etzi greba egingo dute ere.