NAIZ

13/13: Agirreri elkartasuna berretsi eta mobilizazioetarako deia egin dute Zornotzan

13/13 auziko zigor epaia salatuko dute larunbat honetan Bilbon eta Donostia. Ostiralean agerraldia egin dute Zornotzan, horren larritasuna nabarmendu eta mobilizazioetara deitzeko. Saioa Agirre bizilagunak jasandakoa ekarri dute gogora.

Zornotzarrak, Saioa Agirre eta gainerako auzipetu eta zigortuen alde.
Zornotzarrak, Saioa Agirre eta gainerako auzipetu eta zigortuen alde. (NAIZ)

Saioa Agirre zornotzarra errugabe atera da 13/13 auziko epaiketaren ostean baina honek ez ditu bere auzokideak lasai utzi. Ostiral honetan agerraldia egin dute, duela astebete jakinarazitako epaia salatu eta Bilbon larunbat honetan mobilizatzera animatzeko (Jesusen Bihotzetik abiatuko da 17.30etan eta ordu berean Donostiako Saguesetik).

«Larria da sententzia honek utzitako egoera. Erabat larria da, sufrikarioa besterik ez duelako eragiten ebazpen honek. Erabat larria da, zigor hauek konponbide demokratikoa oztopatzen dutelako», adierazi dute dozenaka lagunek.

«Auziperatuentzat ikuspegi pertsonaletik begiratuta, 11 urte hauek jasanezinak izan dira, baita uztailetik pairatutako epaiketa. 13/13 sumario osoaren bilakaerak min amaigabea baino ez du ekarri. Auziperatu, senide eta lagunek krudelkeria segida luze bat nozitu dute. Haientzat gure berotasun, babes eta elkartasuna», adierazi dute. «Saioa Agirre zornotzarra, injustizia guzti hau pairatu ostean azkenean aske atera da baina inork ez dio erreparatzen auzi honek suposatu dion sufrimendua», erantsi dute.

«Mendeku politikoa» ikusten dute zigor epai honen oinarrian eta «dena ETA da» erizpidea oraindik indarrean dutela nabarmendu nahi izan dute. «Sententzia hau injustizia bat dela salatu nahi dugu, irregulartasunez eta eskubide urraketez gainezka (tortura salaketak, abokatuen bulegoen erregistroak, CNIren esku hartzea...) eta berme juridiko oso gutxirekin burututako epaiketa baten ondorioz hartutakoa delako. Non eta Audientzia Nazionalean, alegia, salbuespeneko epaitegi batean, zeinaren funtzioa euskal herritarroi salbuespenezko legalitatea eta salbuespenezko zigorrak ezartzea den».

Azken mezua hauxe izan da, Zornotzako plazan: «Atzerapauso honen aurrean jokoan daude demokrazia, bakea eta gure herriaren etorkizuna. Konpromisoak inoiz baino beharrezkoagoak dira, guztion artean bake eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraikitzeko, euskal gizarteak eskatzen duen norabidean, aurrera egitea oztopatzen diguten iraganeko estrategiak, jarrerak eta jokabideak alboratuz».