NAIZ

Durangok eta Iurretak airearen kalitateari buruzko mahai tekniko bat eskatu diote Lakuari

Durangoko eta Iurretako udalek airearen kalitateari buruzko mahai tekniko bat sortzeko eskatu diote Lakuari ostiral honetan. Egungo neurriek eraginik ez badute, neurketak bi herrietako hainbat puntutara zabaltzeko eskatu dute.

Durango eta Iurretako ordezkariak.
Durango eta Iurretako ordezkariak. (DURANGOKO UDALA)

Durangoko eta Iurretako udaletako ordezkariek, Ima Garrastatxu eta Iñaki Totorikaguena buru dituztela, bilera bat izan dute ostiral honetan. Bertan parte hartu dutenek erabaki dute bi udalerrietako airearen kalitatearen egoera aztertzeko mahai tekniko bat sor dezala eskatzea Lakuako Gobernuari.

Ohar batean azaldu dutenez, Gasteizko Gobernuaren eta Durangoko Udalaren azterlanek lortutako datuen ebidentzia ikusita, aipatutako mahai teknikoaren lehen helburua izango da orain arte Durangoko hainbat enpresatan egindako neurketen eta ekintza planen «azterketa zehatza» egitea, ondoren bi udalei helarazteko.

Neurketak zabaldu

Era berean, bi udalek erabaki dute lehen fase honetako epeak mugatzea eta, «ekintza planek eta neurriek eraginik ez badute», Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari eskatzea neurketak bi herrietako hainbat enpresatara zabaltzeko, «kutsadura foku posibleak bilatzeko».

«Hizpide dugun eta kezkatzen gaituen gaia da, eta horregatik uste dugu ezinbestekoa dela erakundeen arteko elkarlana. Lanean jarraituko dugu bentzeno fokuak detektatzeko eta bi herrietako airearen kalitatea hobetzeko», nabarmendu dute bi udalerrietako ordezkariek.

Otsailean Durangoko Udalak neurriak berehala hartzeko eskatu zion Lakuari, azken hamabi hilabeteetako bentzenoaren batez bestekoak baimendutakoa gainditzen duela ondorioztatu ondoren.