Unibertsitateetako euskararen aldeko borroketan eta gazte mugimenduetan ibiltzen diren euskaltzaleak batu dira Gazte Euskaltzaleak Sarean. Korrikaren testuinguruan aurkeztu dute, ostiral honetan Tolosako Zerkausian, urte eta erdiko asanblada, jardunaldi eta ekimen ugariren isla den mugimendu berria. Bi xede nagusi dituzte. «Alde batetik, euskararen borrokan gazteen ikuspegia txertatzea. Bestetik, belaunaldi oso bat borroka horretara batzea». Amesten duten euskal herri euskalduna lortzeko bidean behar-beharrezko ikusten dituzte biak.
Kezkaz bizi dute «euskararen borrokaren agorpena», baita «hainbat eremutan gure hizkuntzak atxikimendu, bultzada edota erabilerari dagokionez izan duen atzerakada» ere. Azken urteetan frantziar eta espainiar estatuek «euskararen aurkako jarrera zapaltzailea areagotu» izanak ez du lagundu.
«Euskaraz bizi nahi baina ezin duen belaunaldia»
«Arlo ezberdinetatik euskararekiko aurkakotasuna senti dezakegu. Unibertsitateetan euskaraz ikasteko eskubide urraketan, zonifikazioari eustean, sozialki euskararen zailtasunaren inguruan egiten den lobbyan, iparraldeko ikastetxeetako ikasleen borroketan. Eta, batez ere, instituzioek euskararen atzerakadaren aurrean duten pasibotasunean», adierazi dute.
«Belaunaldi berri gisa ari gara aurora egiten, euskaraz bizi nahi duen baina ezin duen belaunaldi gisa. Hizkuntza zapalkuntza estrukturala den momentutik, euskarak aurrera egin dezan, ez da nahiko kontra ezer ez egitearekin, gure hizkuntzan bizitzeko neurriak hartzea da onartu dezakegun jarrera bakarra», erantsi dute.
Kezkak sortu du beharra gazteongan. «Euskaratik beste gizarte bat eraikitzeko ametsa jarraitzen dugu, jakin badakigulako euskara mundua eraldatzeko hizkuntza izan daitekeela. Misio honetan gazteok jokatzen dugun paperaz kontzientzia hartu dugu eta bide horretan laguntzeko sarea sortu. Euskaren borroka fase berri bat berpizteko gaude gaur hemen. Euskaraz bizi ahal izateko egiturak gutxinaka sortzen laguntzeko», azaldu dute.
Manifestazioekin bat
Fase berri baten hasieran ulertzen dituzte Korrikak jasotako erantzuna, maiatzaren 7rako Kontseiluak Iruñean deitutako manifestazioa eta ‘Euskara Aurrera’ lelopean maiatzaren 21ean eginen dena. Gazte Euskaltzaleok Sareko kideak han egongo dira.
Balioan jarri dute azken urtetan euskararen alde sortutako mugimendu horietako bakoitzak euskararentzat espazio bat irabaztea duela helburu. «Hizkuntza bat ezin da soilik dakitenek hitz egiten dutelako bizi. Dakitenek, hizkuntzaren alde egiten dutelako baizik. Hori, hizkuntza jendeari zabaltzea, botereguneetan trinkotzea eta dakitenen artean erabiltzea besterik ez da. Hortara goaz Gazte Euskaltzaleok», nabarmendu dute.