Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Torturaren aurkako atxikimendu bila Nafarroan: «Inori, inoiz, ez dakiola berriro gerta»

Nafarroako Torturatuen Sareak mobilizazioa deitu du Iruñean, ekainaren 25erako «errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» eskatu asmoz. Gaur aurkeztu duten manifestuari atxikimenduak bilatzeko lanari ekin diote.

Nafarroako Torturatuen Sareak agerraldia egin du gaur.
Nafarroako Torturatuen Sareak agerraldia egin du gaur. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Otsailaren 12an aurkeztu zuen Berriozarren Nafarroako Torturatuen Sarea, Foru Erkidegoan motibazio politikoengatik tratu txarrak eta torturak jasan dituzten nafarrentzat «errekonozimendua, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea» eskatu asmoz.

Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren bezperan, ekainaren 25ean, Iruñeko kaleak betetzeko deia egin dute. Eta gonbidapen hori atxikimendu zerrenda garrantzitsu batez lagundu dute.

Gaurko agerraldian 60. hamarkadatik 2012 arte torturak jasan dituzten hainbat nafarrek hartu dute parte. Egin duten manifestuarekin atxikimenduak bilatuko dituzte gizartean, «hainbeste hamarkadatako inpunitatearekin amaitzea» helburu.

Gaur, hauen ordezkaritza bat izan da. Juan María Feliu 1960ko hamarkadan atxilotua, Jesus Comes eta Gloria Bosque, 1970eko hamarkadan atxilotuak, Mertxe Gonzalez eta Joxe Lacalle 1980ko hamarkadan atxilotuak, Esteban Nuin eta Marilo Gorostiaga, 1990eko hamarkadan atxilotuak, Anika Gil Perez-Nievas eta Jorge Chocarro, 2000ko hamarkadan atxilotuak eta Eneko Villegas Amezketa eta Ainara Bakedano 2010eko hamarkadan atxilotuak.

«Azken urteotan aurrerapausoak ematen ari dira Nafarroan Estatuko Segurtasun Indarrek torturatutako pertsonak aitortzeko eta erreparatzeko bidean, baina hori lortzeko oraindik bide luzea dugu aurretik», adierazi du gaur Iruñean egindako agerraldian.

Gaur berretsi egin dute haien eskaera: «Nafarroan 1960tik 2012ra arte izan diren tortura kasuak ofizialki aitortzeko urrats sendoak ematea, hainbeste hamarkadatako inpunitatearekin amaitzeko».

Eta berriro ez errepikatzeko bermea lortzea jarri dute jomugan. «Gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu gertatutakoa argitzea, hori baita praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena. Inori, inoiz, ez dakiola berriro gerta guri gertatu zitzaiguna».

Prentsaurreko honetan irakurritako testuak Nafarroako erakunde eta gizarte eragileen, sindikatuen, antolakunde politikoen eta arduradun instituzionalen atxikimendua izatea nahi dute. Horretarako, datozen egunetan idazki zabaltzeko eta ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko lan egingo dutela nabarmendu dute.