Ez dakit sekula ‘Amarcord’ ikusi duzuen. Federico Fellini zinegile italiarraren pelikularik autobiografikoena da: pasarte batean jende asko, itsas zabalean, behe lainotan, Rex transatlantikoa ikusteko zain dago. Itxuraz ez da iristen, tentsioa nabarmena da, eta azkenean gizon eta emakume asko, bai nagusiak baita gazteak ere, lo gelditzen dira, esperantzarik gabe. Baina bat-batean, gauean, itsasontzi handi hori agertzen da, denak esnatzen dira eta hunkiturik Rex agurtzen dute.
Korrikaren efektua ere hauxe da: itxaropena, tentsioa, lekukoa ikusteko eta hartzeko gogoa, bizipoza. Edizioz edizio hau ikasten da, honek hunkitzen gaitu benetan. Parte hartzea, bertan egotea: paregabeko bizipena izan da, beste behin ere.
Esan gabe doa, Korrikaren efekturik praktikoena euskaraz entzutea eta hitz egitea da. Balkoietan zein kaleetan, berdin-berdin eragiten du.
Aurten, gainera, minutuz minutuko zuzeneko emanaldia izan dugu, oso ideia polita. Eraginkorra ere, nahiz eta euskal berezitasun batek trabatu duen tarteka: leku askotan estaldurarik ez izatearenak.
Egiari zor, denbora dezentez emanaldia geldirik egon da, irudiak ez zitzaizkigun iristen, Ipar Euskal Herriko barnealdean adibidez, baita Hego Euskal Herriko zenbait gailurren ondoan edo azpian ere. Eskerrak une horietan zuzeneko emisioan Korrikaren abestiak, aurtengoa edota aurreko edizioetakoak, ez zirela eteten. Euskaraz jarraitu dugu orduan ere, ezer ikusi ez arren.
Ez ginateke honekin kezkatu beharko, azken finean Euskal Herria hori baita: leku paregabea, zertxobait aparte eta apur bat isolatua, kobertura osorik gabekoa. Ez dio ezer kentzen Korrikaren xarma eta berezitasunari. Iraganean, Urkiola aldean edota Barazarren zenbat aldiz ezin izan dut deirik egin edo erantzun, nire mugikorrak seinalerik ez zuelako ematen, eta zenbait aldiz ez ote didan baserritar batek aholkatu telefonoa leiho ondoan jartzeko? «Gune bakarra da hori», ziurtatzen zidaten.
Ezetz esaten nien, presarik gabe nenbilela, itxaroteko denbora nuela, Rex transantlantikoaren zain ziren Felliniren pertsonaia haiek bezala.
Hurrengora arte, Korrika maitea, eta biba benetako konexioak! pertsonen artekoak alegia, benetan eragiten dutenak, gaituztenak.