Ramon Sola eta Maider Iantzi

22. Korrikaren arrakasta, bost adierazletan

Amurriotik abiatu zenean, oraindik pandemiaren itzalpean eta elurteak iragarrita, inor gutxik espero zezakeen 22. Korrikak eragin duen astindua. Egunak pasa ahala eragina handitzen joan da, Euskal Herrian zein kanpoan, eta Donostiako bukaerak frogatu du ekimenak gauza asko mugitu dituela herrian.

Korrikaren indarra, Corellan, Tutera eta Cintruenigo artean. Sekula ikusi gabeko irudiak izan direla nabarmendu du Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak.
Korrikaren indarra, Corellan, Tutera eta Cintruenigo artean. Sekula ikusi gabeko irudiak izan direla nabarmendu du Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Eguraldiaren bilakaerak irudika lezake 22. Korrika honek izan duen garapena. Hotz hasi zen eta ezin beroago bukatu. Zalantzak saihestezinak ziren lasterketa abiatu zen egunean: hiru urteko etenaldia zela, herri pultsuaren moteltzea askoren ahotan dela, belaunaldi berrien gaineko zalantzak agerikoak direla, oraindik pandemia egon badela… Lainoak uxatzen joan da euskararen aldeko ekimena, zerua argitzen, Donostiara heldu arte.

Bost adierazgarriotan bil daiteke lortutakoa. Neurtezinak izan daitezke batzuk, baina ukaezinak guztiak.

Bi urteotako mobilizaziorik handi eta anitzena

Jai eta mobilizazio handirik gabeko bi urteren ostean, 22. Korrika hau izan da, dudarik gabe, herri mobilizaziorik jendetsuena. Jakina da lasterketa ez dela hamar egunean eteten, baina nabarmentzekoa da hiriburuetan bereziki inoiz baino jende gehiago bildu duela. Ikaragarria izan zen Bilbon San Inaziotik Zorrotzaraino lau orduz astegun batean batu zuen euskaltzale kopurua, edota igandean Donostian izan zen bost orduko etengabeko korrikalari jarioa.

Lapurdin une batez Josu Urrutikoetxeak lekukoa eraman zuela azpimarratu nahi izan dute zenbait eskuindar espainolek sare sozialetan. Horrela izan zen bai, baina berak bezala PSEko idazkari nagusiak ere hartu zuen eskuetan, esaterako, edota lehendakari batek, Jean-Rene Etchegarayk. Batzuek aipatu dutenez, inoiz ez da halakorik gertatu. Erakunde garrantzitsuenek bat egin dute Korrikarekin, bai eta elkarte xumeenek ere. Guztiona da Korrika eta horregatik izan da hain handia.

Aipatu ohi da milioi bat lagun hurbiltzen dela ekimenera, baina AEK-k ez du hori islatzeko datu zehatzik. «Ia ezinezkotzat dugu parte-hartzea zenbatzea. Hala ere, Donostiako argazkiak, edota aurreko igande goizean Tuteran hartutakoak, sekula ikusi gabekoak iruditzen zaizkigu. Halako adibide asko daude», adierazi dio NAIZi Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak.

Korrikaren amaiera ekitaldia, Donostian. Zoragarria izan zen. (Idoia ZABALETA/FOKU)


«Zuzeneko seinalea tarteko, gainera, okerrik ezean, esan dezakegu Korrikarik jarraituena izan dela. Errepidean sekulako jendetza ibili da eta Youtubeko seinalean datuak izugarriak dira, balorazio zehatzetan sartu ez bagara ere», agertu du.

Bitxikeria esanguratsu bat kontatu du: furgonetan, bigarren eskuko azoka erraldoi bat antolatzeko nahi beste tuper eta termo dituzte. «Inoizko Korrikarik zainduena eta maitatuena izan da, dudarik gabe. Egunero hamaika jaki, salda, tarta eta abar jaso dituzte; ez da berria, baina aurtengoa, hiru urteren ostean, ikaragarria izan da», ziurtatu du.

2.575 kilometrok osatu dute 22. Korrika, baina hor barruan lekuko aldaketa gehiago egon dira. Hilabete luzeetako lana da Korrikaren balorazioa ixtea, baina aldagai batzuek erakusten dute helburu ekonomikoa ere bete dutela. «Batetik, aipatutako kilometro horietako den-denak eskuratu dira, inoiz baino arinago. Bestetik, Korrika laguntzaileen figura dago, alde ekonomikotik harago doana. 9.000 laguntzaile ziren aurreko Korrikaren amaieran. 11.000 izateko helburua jarri genuen Donostiara iristean, eta hori betetzat eman dezakegu», baieztatu du Amondok.

Dena hain ongi atera zedin ehunka boluntario ibili dira lanean. «Ehun Korrika batzorde baino gehiago daude Euskal Herri osoan, hasiera eta bukaera egunek ere antolaketa eskatzen dute, eta beste lagun asko batzen dira boluntario hamaika zereginetan. Zoragarria da!», esan du arduradunak.

Hemen ere bada anekdota bat: «Lehendabiziko ostiralean, elurretan furgoneta bultzaka ikusi genuen, baina gutxiago zabaldu dira bestelako irudiak: goizaldeko hirurak aldera, telefono deia jaso eta Iruñerrira iritsi aurretiko errepidea garbitu zuten hiru boluntariok. Lauzpabost aldiz garbitu zuten tarte bera, gero Korrika pasatzeko, irudi zoragarriak tartean».

Korrikak sortutako zoriona guztiona dela nabarmendu du koordinatzaileak.

Nazio pultsuaren berraktibazioa

Nazioaren taupaden ahuleziari buruzko eztabaida bizian heldu da Korrikaren mirari txiki hau. Nonbait gorderik zeuden sentimenduak azaleratu ditu lasterketak hamar egunez: euskara, Euskal Herria, euskal kirol selekzioaren elastikoak, ikurriñak eta nafar ikurrak nonahi agertu dira berriz. Bide batez, herrialdeen arteko eztabaida antzuak gainditu ditu 22. Korrikak: guztietatik igaro da eta guztietan izan du ikaragarrizko harrera.

Lasterketa, Baionan zehar. Bertze kultura eta hizkuntza gutxiagotuekiko sentikortasuna erakutsi du Korrikak. (Guillaume FAUVEAU)


Berpizte puntual edo iraunkorra den egiaztatzeko aukerarik ez da faltako aurten. Aste honetan bertan Aberri Eguna dator, Iruñean zein Azkainen, eta horren inguruko beste zenbait deialdi. ‘BostEHun eta zutik!’ gazte ekimena, esaterako. Amaiurko batailaren 500. urteurrenak ere mugimendua eragingo du. Uztailean Pirinioak argiztatuko ditu Gure Eskuk Kataluniako zenbait eragilerekin batera, naziotasuna eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Eta udako herrietako jaiak aipa daitezke hemen, Sanferminetatik hasita, aurten berriro kaleak beteko dituztenak eta tradizionalki, gorabeherak tarteko, naziotasunaren erakusle izan direnak.

Belaunaldi batentzako aurkikuntza

Gazte eta haur ugarirentzat harribitxi bat aurkitzea bezala izan da Korrika deskubritzea. Igande arratsaldean Donostiako Zuloaga Plaza betetzen zuten nerabeen eta egunotan Korrika Txikian kaleak hartu dituzten umeen ilusioak garbi adierazten zuen. Ez da harritzekoa. Gaztetxo askori lehenengo festa egun handi gisa geldi dakieke gogoan iltzaturik 22. Korrikaren bukaera hau. Txikiagoei, herri jai handi batean protagonista izateko aukera eman die lehenbizikoz.

Korrika, Azpeitian barna. Udalerri euskaldunetan eta arnasguneetan ere zer egina badela oroitarazi du Korrikak. (Jon URBE/FOKU)


Pandemiaren eragina ikerketa askotan neurtu da dagoeneko. Tarte honetan haur eta gazteen pantailetarako joera nabarmen hazi da. Eta horietan euskal erreferentzien eta euskararen beraren presentzia oso murritza da.

Euskal musikari bultzada

Aurreko aldagaiari lotuta, adierazgarria da euskal musikak Korrikarekin batera izan duen hazkundea. Lasterketaren aurreko 21 edizioetan erabilitako abestiek –asko jada herri ereserki bilakaturik– oihartzun handia izan dute berriz. Hamaika Telebistak beren egileekin espreski egindako elkarrizketek hedapen horretan lagundu dute.

Euskal musikak asko eman dio Korrikari, eta Korrikak euskal musikari. Igandeko Donostiako NAIZ Gunean izandako kontzertuek mukuru bete zuten plaza, eta elkarlana berretsi zuen horrek. Itzela izan zen, jendetza eta giroa.

Gune honetako arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete Korrikari eta AEKri euskararen aldeko ekimen handian modu honetan parte hartzeko aukera emateagatik. NAIZ Gunean bildu ziren lagun guztiei ere bai. Gazte sortzaile pila bat pasatu zen bertatik, eta boluntario ugari aritu zen lanean. «Denen artean sekulako eguna antolatu zen. Bizi izan genuena magikoa izan zen. Bazen bibrazio bat, jendea oso-oso pozik zegoen, tartean gazte pila bat. Leherketa bat izan zen eta momentu gorena ETSren kontzertuan iritsi zen: ez zen pertsona bat gehiago kabitzen Zuloaga plaza osoan», deskribatu dute sustatzaileek.

Mundu osorako eredua

Telebista bidezko zuzeneko emisioak zabalpen handia izan du, inoiz baino handiagoa Iban Lantxo prentsa arduradunaren hitzetan.

Ez soilik Euskal Herrian: mundu osora hedatu du Korrika, ikusleak nonahitik erakarriz. Sare sozialetan idatzitako mezuen bidez, bi sentsazio nagusi aipatu dituzte streaming-en bidez jarraitu dutenek: harridura eta emozioa. Zenbaitek esan dutenez, adiktiboa ere bilakatu da esperientzia, herri baten taupada deskubritu dutelako, paisaia eder eta klima aldakorrarekin batera. Besteren artean, Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohiari eskainitako kontuak ere idatzi du Korrikaz, miresmenez.

Bere txikitasunean ikuskizun handia bilakatu da Korrika zuzeneko emisio horren bidez. Lehen antolatzaileek eta kazetari gutxi batzuek furgonetatik ikusi eta gozatu ahal zutena, horiek baino ez, mundu osoaren eskura dago orain. Kobertura arazoak tarteko baina kalitate handiz. Alaia eta zirraragarria izan da, beste ezeren gainetik.

Hamaika Telebistak kilometro guztiak ikusgai jarri ditu bere webgune berezian.