NAIZ

«Egin dugu, oso Korrika garrantzitsua izan da», AEK eta Korrikaren lehendabiziko balantzea

Asier Amondo Korrikaren arduradunak adierazi du hilabete hauetan hamaika ekitaldi antolatu direla han eta hemen, oso Korrika kanpaina bizia izan dela, eta azken egunotakoa, itzela. «Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepidetan gertatu dena zinez indartsua izan da», erran du lehen balantzean.

AEK-ko eta Korrikako arduradunak, ekimenaren biharamuneko balorazioan, Donostian.
AEK-ko eta Korrikako arduradunak, ekimenaren biharamuneko balorazioan, Donostian. (AEK-KORRIKA)

«Egin dugu, oso Korrika garrantzitsua izan da». Hitz horiekin laburbildu dute AEK-k eta Korrikak 22. Korrikaren lehendabiziko balantzea. Urtebete geroago izan bada ere, hagitz garrantzitsua izan da eurentzat «euskararen olatua berreskuratzea, errepidera ateratzea, baita azarotik hona Korrikaren ikasturtea ia normaltasun osoz gauzatzea» ere.

Asier Amondo Korrikaren arduradunak adierazi du hilabete hauetan guztiotan hamaika ekitaldi antolatu direla han eta hemen, oso Korrika kanpaina bizia izan dela, eta azken egunotakoa, itzela: «Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepidetan gertatu dena zinez indartsua izan da». Hasteko, Korrika egin da, eta hori dute pozik handiena, egitea bera. Horrekin, helburuetako bat guztiz lortutzat eman dute: «Euskararen aldeko kontzientzia, herri gogoa, hauspotzea. Herri bat gara, euskararen herria gara».

Korrikak badu bigarren xede bat ere, bizi-bizi segitzen duena: dirua biltzea AEKren eguneroko lana indartzeari begira. Helduen eskalduntzera bideratzen diren baliabideak ez baitira nahikoak. Amondok azaldu duenez, aurrerapausoak izan dira azken hiru urte hauetan, baina harago joan behar da. Bitartean, AEK-k berak egiten du ahalegina. Errate baterako, Euskal Herri osoan orain arteko berdintasun parametroetan ematen segitzeko, AEK-ko kideek erreserba funtsa sortu dute beren ekarpenekin. Esfortzu hori osatzeko, Korrika antolatu da, jendartearen babes ekonomikoa jasotzeko. «Goiz da balorazio zehatz bat egiteko, baina hainbat aldagaik erakusten dute Korrikaren helburu ekonomikoa ere lortu dela», baieztatu du Korrikaren arduradunak.

Segitzea, «inoiz baino argiago»

Euskal jendarteari mezu bat luzatu nahi izan diote ekimen handi honen bultzatzaileek: «Inoiz baino argiago dugu Korrika egiten jarraituko dugula; edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babes izan duen: ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena».

Beraz, edizio berriak eta berrituak egiten jarraitu eta euskal jendarteari Korrika eskainiko zaio euskararen olatua handitzen jarraitzeko. «AEKrentzat, eta, AEKren ustez, gizartearentzat ere, Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko, indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko da euskararen auzian urrats eraginkorragoak egin daitezen».

Eskerrik beroenak eman dizkie Amondok auzolan erraldoi honetan parte hartu duten guztiei. Erran duenez, atseden hartu eta laster buru-belarri ekingo diote 23. Korrikaren prestaketari.

Euskaltegietara gonbitea

Bestalde, Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak hartu du hitza. Korrikatik harago, AEKren eguneroko lanek aitzinera segitzen dutela oroitu du. «Gaur bertan, euskaltegiak zabalik daude Euskal Herriko txoko askotan, eta AEK-k aurrera eramaten dituen beste jarduera asko ere martxan daude».

Korrikaren amaieraren biharamunean, honako mezua luzatu nahi izan die herritarrei AEKren izenean: «Euskaltegiak zabal-zabalik dituzue, euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko, gehiago erabiltzeko». Era berean, deialdi berezia egin die euskaraz jakin ez eta Korrikan parte hartu duten (edota miresmenez segitu duten) horiei. Euskaltegietara gonbidatu ditu haiek ere, «guztiz sinistuta zirraragarria izango zaiela hurrengo edizioan ere parte hartzea, dagoeneko euskara ezagututa».

Administrazio nagusiei eskaera zuzena egin die Iribarrenek. Korrikaren ingurumarian, doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duen dinamika ere abiatu da, ‘Hitzekin. Denok euskara doan’ izenekoa. «Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela. Beraz, administrazioen aldetik erabaki ausartagoak hartu beharko dira: Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea gakoa izango da, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere».

Egunero eta Korrikan AEKren bat egiten duen jendea eskertuz amaitu dute ekitaldia.