Alaia Sierra

Hego Euskal Herriko etxebizitza soziala Europakoa baino hiru aldiz txikiagoa da, ELAren arabera

ELAk aurkeztutako azken txostenaren arabera, etxebizitza soziala Europako batezbestekoa baino hiru aldiz txikiagoa da. Hori salatzeko, EAEko eta Nafarroako gobernuek neurriak har ditzaten eta «gizartean eztabaida sortzeko» kanpaina bat aurkeztu dute: ‘Somos exquisitas, gure auzoan bizi nahi dugu’.

Astelehen honetan Bilboko ELAko egoitzan egindako aurkezpena.
Astelehen honetan Bilboko ELAko egoitzan egindako aurkezpena. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Etxebizitzaren egoera «larria» salatu du ELA sindikatuak ikerketa baten bidez eta erakundeek neurriak har ditzaten kanpaina bat abian jarri du. ‘Etxebizitza Hego Euskal Herrian: diagnostikoa eta alternatibak’ txostenaren arabera, etxebizitza soziala Europako batezbestekoa baino hiru aldiz txikiagoa da Hego Euskal Herrian.

Txostenaren eta kanpainaren aurkezpenean Mitxel Lakuntza, sindikatuko idazkari nagusia; Aitor Murgia, Ikerketa bulegoko egilea eta kidea, eta Leire Gallego, Gizarte Ekintzako arduraduna izan dira, Bilbon.

Etxebizitzaren egoera Hego Euskal Herrian

Murgiak azaldu duenez, etxebizitzaren prezio altuek gazteei bereziki eragiten diete. Izan ere, emantzipatzeko adina 30 urtetik gorakoa da, txostenaren arabera. Gainera, 2008ko krisialdi ekonomikoaren ondoren finantziazio baldintzak «gogortu» egin direla eta «jende askok etxe bat erosteko aukerarik ez duela» adierazi du.

Emakume izateak ere etxebizitzarako sarbidea mugatzen du, txostenaren arabera. Murgiaren esanetan, «soldata arrakalak dakarren desorekak alokairuko sei hilabete suposatzen du», kontuan hartuta alokairuaren batez besteko prezioa 1.000 eurokoa dela.

Bestalde, Hego Euskal Herrian 80.000 etxe hutsik daudela salatu dute, 53.000 EAEn eta 25.000 Nafarroan. Honen harira, Lakuako Gobernuak joan den ekainean onartutako etxebizitza hutsen kanonaren «ondoriorik eza» nabarmendu du ikerketaren egileak: «Jabe batzuentzat errentagarriagoa da metro koadro bakoitzeko hamar euroak ordaintzea alokairuan jartzea baino». Gainera, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak hau ez zuela ezarriko adierazi zuela gogorarazi dute.

2015eko Etxebizitza Legean Lakuak ezarritako etxebizitzarako eskubide subjektiboa ez dela eraginkorra adierazi dute ELAko kideek. Izan ere, indarrean dagoen arauaren arabera, alokairu publikoan dauden etxebizitza kopuruaren menpe dago eskubidea. Hortaz, parke publikoa handitzea «beharrezkoa» dela zehaztu dute aurkezpenean.

Lakuntzaren iritziz, «Euskal Herrian etxebizitzarekin arazo bat dago». Sindikatuak prekarietatearen aurka egindako ekitaldia gogorarazi du, prekarietate soziala ere kontuan hartu behar dela azpimarratuz.

Gaur egungo egoerara heltzeko bi faktore zehaztu ditu idazkari nagusiak. Alde batetik, erakundeen inbertsio publiko «eskasa» eta, bestetik, espekulazio politikak. Bigarren hau energiaren prezioen egoerarekin alderatu du: «Ez dituzte oinarrizko eskubide bezala ikusten, negozio gisa baizik».

«Tamalez, arazo hau ez dago gure agintari politikoen agendan. Aurrekontuak begiratu besterik ez da egin behar, %0,2a EAEn edo %0,29a Nafarroan ez da nahikoa, eta hau erdigunean jarri behar den kontu bat da, instituzioak interpelatuz», adierazi du Mitxel Lakuntzak.

‘Somos exquisitas, gure auzoan bizi nahi dugu’

Leire Gallegok azaldu duenaren arabera, kanpainaren izena Eneko Goia Donostiako alkateak egindako adierazpen bati erreferentzia eginez sortutakoa da. Izan ere, «jaio zaren auzo berean bizi nahi izateko oso fina izan behar da». Hortaz, «jende zaurgarriaren beharrei erantzuten dion exebizitza sistema bat» aldarrikatuko dute kanpainarekin.

Kontzientziatzeaz eta beste eragile sozialekin elkarlana sortzeaz gain, hainbat proposamen zehaztu ditu Gallegok Bilboko aurkezpenean, egoera hobetuko dutelakoan. «Benetako» etxebizitzarako eskubidea; alokairua sustatu eta erosketaren aurretik jarri; hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialera bideratzea; kaleratzeak «berehala» gelditzea; alokairuaren prezioa eta pisu turistikoen eskaintza mugatzea eta etxebizitzara bideratutako aurrekontuaren portzentajea %2ra igotzea.