NAIZ

Lau gizon atxilotu dituzte indarkeria matxista egotzita, hiru Gasteizen eta bat Iruñean

Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu ditu asteburuan zehar, bikotekideen aurkako hainbat eraso matxistaren egileak direlakoan. Iruñean laugarren gizon bat atxilotu dute, bikotekidea bere borondatearen kontra lokal batean giltzapetzeagatik.

Hilketa matxista bat gaitzesteko kontzentrazioa Iruñean.
Hilketa matxista bat gaitzesteko kontzentrazioa Iruñean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gasteizko eta Iruñeko udaltzaingoek lau gizon atxilotu dituzte asteburu honetan beren bikotekideen aurka indarkeria matxista erabiltzea leporatuta. Zehazki, hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen eta laugarren bat Iruñean.

Lehen atxiloketa ostiraletik larunbaterako goizaldean izan zen, Gasteizko Lakua-Arriaga auzoko Alfontso XI.a kalean. Paisanoz jantzitako patruila batek, 04.30ak aldera, kalean gazte batek bikotekideari egindako erasoa ikusi zuen. Erasoaren lekukoak izanda, 32 urteko gizona atxilotu zuten.

Hurrengo gauean, 01.00ak bueltan, 37 urteko gizon bat atzeman zuten San Martin auzoan. Atxilotuak, bere bikotea jipoitzeaz gain, zenbait objektu bota omen zituen erasoa gertatu zen etxebizitzako leihotik.

Gasteizko hirugarren atxiloketa igande honetako 18.00ak aldera izan zen Pilar auzoan. Gasteizko Udaltzaingoak ohar baten bitartez jakinarazi duenez, emakume batek bere bikotekidea, 52 urteko gizona, salatu zuen indarkeria matxistagatik eta, ondorioz, gizona atxilotu egin zuten.

Giltzapetuta

Laugarren gizon bat atzeman dute asteburu honetan Iruñean bere bikotekidea, honen borondatearen aurka, hiriburu nafarreko lokal batean giltzapetu izana leporatuta. Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, hainbat lekukok eman zuten gertatutakoaren berri, eta suhiltzaileen laguntza behar izan zuten atea ireki eta emakumea askatu ahal izateko.