NAIZ

Lesakako zerrategi bat kiskalita gauez, inor zauritu gabe

Sute larria gertatu da astelehenetik astearterako gauean Lesakan, bertako zerrategi bat guztiz kiskalita utziz. Suhiltzaileak iritsi orduko, eraikinetan zabalduta zeuden sugarrak.

Sugarren indarraren erakusle da irudia.
Sugarren indarraren erakusle da irudia. (Nafarroako Suhiltzaileak)

Sute batek Lesakako Frain auzoko zerrategi bateko eraikinak eta makinak suntsitu ditu astearte honen ordu txikietan, baina ez da inor zauritu.

Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, 00:46an 112 telefonoan jasotako dei batek ohartarazi du sutan zeudela Maderas Pikabea enpresaren instalazioak, NA-4000 errepideko 0,9 kilometroaren parean.

SOS Nafarroak Lesakako suhiltzaile boluntarioak eta Oronoz eta Cordovillako parkeetako unitateak mobilizatu ditu. Iritsi direnean, suak enpresa osoari eragiten ziola ikusi dute, eta, beraz, eraikinen kanpoaldean zegoen materiala babestu dute, sugarrak ere ez harrapatzeko.

Sutea 02:45 aldera jarri dute kontrolpean, baina Oronozko parkeko langileek guztiz amatatzeko burubelarri jarraitu behar izan dute lanean.



Bertaratu den anbulantziak ez du parte hartu behar izan, ez baita inor zauritu, eta Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

Sute gehiago izan da

Gainera, Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuak landarediko hamar bat sutetan esku hartu behar izan du azken orduetan, oro har garrantzi gutxikoak. Haize bortitzak eta tenperatura altuek hauspotuta, sua itzaltzeko ekipoen lana zaila izan da. Hala ere, gauean bota duen euriak suhiltzaileen eta basozainen lana erraztu du.

Suteak Auzan (Baztan), Eugin, Gaztelu mendian, Ezkarozen, Legasan, Bertizaranan, Izaban, Esteribarren eta Burgeten izan dira, eta itzaltzeko Oronoz, Burguete, Cordovilla eta Nabaskozeko parkeetako suhiltzaileak eta Izabako boluntarioak bertaratu dira, baita Basozaintzako eta Foruzaingoko langileak ere.