NAIZ

«Genozidio» hitza erabili du Bidenek lehen aldiz Ukrainari buruz; «onartezina» Moskurentzat

Aurreko astean Ukrainan genozidiorik gertatzen ari denik ez zuela uste esan zuen AEBetako presidenteak baina bart kontzeptu hori erabiltzera pasa da. Aipamena ez zaio Emmanuel Macron frantziar presidenteari gustatu. Kremlinek «onartezintzat» jo ditu Bidenen hitzak.

Biden eta Macron ez dira ados Ukrainan gertatzen ari dena definitzeko orduan. (Ludovic MARIN/AFP)
Biden eta Macron ez dira ados Ukrainan gertatzen ari dena definitzeko orduan. (Ludovic MARIN/AFP)

Joe Biden AEBetako presidenteak Ukrainan «genozidioa» egitea leporatu dio Vladimir Putin Errusiako presidenteari, orain arte AEBetako Administrazioak saihestu duen kontzeptua alegia. Astearte gauean egin ditu adierazpenok, Iowako aireportuan.

Bidenen Administrazioak gerra krimenak leporatu dizkio Putini, baina orain arte ez ditu Ukrainako ekintzak «genozidiotzat» hartu. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak erabili du termino hori.

Geroago, prentsaren aurrean egindako iruzkinetan, Bidenek baieztatu du hitz hori nahita erabili duela, eta zehaztu du «gero eta argiagoa» dela «Putin ukrainarra izatearen ideia ezabatzen saiatzen ari dela».

«Frogak gero eta ugariagoak dira. Lehengo astean ez bezala. Errusiarrek Ukrainan egin dituzten gauza izugarrietatik ebidentzia gehiago ateratzen ari dira», esan du agintari estatubatuarrak.  «Triskantza honi buruz gehiago eta gehiago ikasiko dugu», aurreikusten du

Ildo horretan, argi utzi du nazioarteko erakundeek erabakiko dutela ekintza horiek «genozidiotzat» jo ala ez. «Hala iruditzen zaigu guri», berretsi du Bidenek.

Kontzeptuen erabileran gora egin du, beraz, AEBetako Administrazioak, Buchan edota Kramatorsken gertatutakoaren harira. Duela astebete, prentsak Bideni galdetu zionean ea uste zuen Buchan gertatutakoa genozidioa zela, agintariak ezetz erantzun zuen, ordea: «Ez, gerra krimena dela uste dut», esan zuen.

Putini eginiko akusazioen gorakada honek arrisku batzuk badituela adieraztera eman du, entzun bezain laster, Emmanuel Macron frantziar presidentea, orain berriz hautatua izateko hauteskunde prozesuan dela.

«Zuhurtzia» eskatu du Macronek

«Hitzak zuhurtziaz erabili behar ditugu –adierazi du Macronek, France2 telebista kateari emandako elkarrizketan–. Genozidio hitzak zentzu zehatz bat du, eta ukrainar herria eta errusiar herria anaitutako herriak dira».

Hori esanda, «gerrako krimenak» egin izanaren akusazioa nahiago duela argi utzi du Macronek: «Bistan da Errusiako Armadak gerrako krimenak egin dituela. Orain beren arduradunak aurkitu behar ditugu eta Justiziaren aurrean jarri, eta hori da ukrainarrekin batera egiten ari garen lana», erantsi du.

Bere aldetik, «gerra geldiarazten eta bakea eraikitzen» ahaleginduko dela esan du berriz Macronek; orain arte Putinekin interlokuzio zuzena izan duen agintari bakarrenetakoa da.

Kremlin: «Onartezina»

«Onartezintzat» jo ditu Kremlinek Bidenen hitzak. «Ez gaude, inolaz ere, ados adierazpen hauekin eta onartezintzat jotzen ditugu egoera desitxuratzeko saiakera hauek», esan du Errusiako Presidentziako eledun Dmitri Peskovek telefonoz egunero egiten duen prentsaurrekoan.

«Are gehiago, ezin da onartu hitza hauek Estatu Batuen presidentearenak izatea. Herrialde honek gaitzesgarriak diren ekintzak egin ditu historia moderno eta hurbilean», erantsi du Peskovek.