Amaia Zurutuza eta Ainara Rodriguez
Entrevue
Bakartxo Ruiz
EH Bilduko parlamentaria

«Herri honek dituen erronkei aurre egiteko burujabetza behar dugu»

Aberri Eguna Iruñean ospatzeko deia egin du EH Bilduk. Amaiurko gazteluko batailaren bosgarren mendeurrenarekin bat dator aurtengo hitzordua. Horretaz aritu da Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentaria solasean NAIZ Irratian.

Bakartxo Ruiz, EH Bilduko parlamentaria.
Bakartxo Ruiz, EH Bilduko parlamentaria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Aurtengo Aberri Eguna urteurren bat gogoratuz, Amaiurko gazteluarena, egingo duzue. Zer garrantzia izan zuen batailak Euskal Herriarentzat?

Bizirik irauteko eta bere burujabetzaren alde borroka egiteko herri honen nahiaren erakusle da Amaiur. Herri honek, oztopoak oztopo, borroka egin izan du bere historian zehar burujabetza mantentzeko, hizkuntza eta izaera mantentzeko. Eta hori da Amaiurko gazteluak ematen digun adibidea. 500 urte atzera begira jarri gara, baina ez iragana errepikatzeko, etorkizuna eraikitzeko baizik. Nafar Estatua izan da Euskal Herriko lurraldeek izan duten egitura juridiko-administratibo nagusia eta orain dela 500 urte hori galdu zen arren, herri honek aurrera egin du, herri hau bizirik dago, euskara bizirik dago. Aurtengo Aberri Egunak badauka berezitasun hori. Ez da bakarrik Amaiurko gertaeren urteurrena.

Nafarroako ikuspegitik orain dela 40 urte onartu zen egun herrialdeak duen estatus juridiko-administratiboa ezartzen duen legea, LORAFNA edo Foru Hobekuntza. Duela 40 urte eliteek hartu zuten erabaki hori, neurri handi batean, Nafarroa Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetatik aldentzeko hartu zen.  

Aurtengo Aberri Egunean argi eta garbi erakutsi behar diegu Iruñea dela Euskal Herriko hiriburua, Euskal Herria bizirik dagoela eta euskaldunok ez gatozela inondik, euskal herritarrak garela nafarrak izategatik.

Amaiurrera itzuliz, luzaroan ezkutatu nahi izan den sinboloa dela esan genezake. Hartatik zein arrasto gelditzen dela esango zenuke? Eta zergatik da garrantzitsua gertatutakoa gogoratzea EH Bildurentzat?

Esan bezala, egun bizi dugun errealitatea, orainaldia interpretatzea eta burujabetza berreskuratzeko prozesuan etorkizunaren alde borrokatzeak nondik gatozen ulertzea eskatzen du. Luzaroan bizi izan gara garaileen idatzitako historiarekin. Eta horrela izan da Nafarroako Estatuaren izaerari edo Amaiurren gertatu zenari dagokionez. Ez gintuzten guk nahita anexionatu, ez zen paktuaren teoriak dioena gertatu. Borroka itzela egin zuten hainbat eta hainbat nafarrek eta borrokarako grina gaur arte heldu da.

2022an burujabetza eta erabakitzeko eskubidea urrun daudela esan daiteke. Baina ezinbestekoak direla argi esan duzue. Nola uztartu hori?

Bi urteko pandemia bizi izan dugun honetan, inoiz baino argiago agertu da hainbat herritarren begietara zer den burujabetzarik ez izatea. Erabakiak beste batzuek hartzen dizkigute eta horrek ondorio latzak ditu. Horrek eragina izan du osasun sistemen kudeaketan, jendarteak behar izan dituen baliabideak esleitzeko momentuan. Nafarroatik begiratuta, hainbat lege baliorik gabe utzi dizkigute Auzitegi Konstituzionalean. Herritarren eskubideak bermatzeko legeak ziren, etxebizitza eskubideari lotuak adibidez. Hori da burujabetza galtzeak dakarrena. Inoiz baino gaurkotasun handiagoa duen gaia da. Estatu espainola krisi estruktural itzelean bizi da. Euskal Herriak dituen erronkei erantzuteko burujabetza ezinbestekoa da.

Burujabetza lortzeko euskal eredua aurkeztu berri duzue Bilbon. Aliantzak beharrezkoak izango direla aipatu duzue.

EH Bilduk ezin du bidea bakarrik egin. Agerikoa da Euskal Herriak gainontzeko herriek dituzten erronka berberak dituela. Historiak erakutsi digu herri honek energia kolektibo eta komunitario izugarri duela, eta amaitu berria den Korrika horren isla da. Herri gisa erronka itzel horiei aurre egiteko elkarlana, auzolana, sinergiak biltzea ezinbestekoa da. Eraldaketa sakonak egin behar dira eta anbizio horrekin ‘euskal eredua’ deitu diogun marko orokorra proposatu dugu. Hori, argi eta garbi, jendartearekin batera eta hainbat eragilerekin egiteko bide bat da.

Elkarlan hori norekin gauzatu beharko litzateke?

Herri honek soluzio berriak behar dituela planteatzen dugu. Eta soluzio berriak bilatzeko gehiengo berriak eta lidergo berriak behar dira. Ohituta gaude politika egiteko modu jakin batekin, instituzioak gobernatzeko modu jakin batekin. Guk fokua munizipalismoan jarri genuen. Udalgintzan ditugun hainbat eta hainbat ereduk erakusten digute herritarren parte hartzearekin aurre egiten denean gauzak beste modu batean egin ahal direla. Eredu hori beste erakundeetara zabaldu behar da, desberdin pentsatzen duen jendearen arteko minimoak identifikatuz. Hori da une honetan inoiz baino beharrezkoa dena eta egiten dugun eskaintza.