NAIZ

‘L'Hyphotèse Démocratique’ dokumentala iritsi da Ipar Euskal Herriko zinemetara

«Europa mendebaldeko azken gatazka armatuari buruz eta horren amaiera prozesuaren gainean kontakizun koral eta sentikorra ekartzea» xede duen ‘L'Hyphotèse Démocratique-Une Histoire basque’ Thomas Lacoste zinegilearen dokumentala ikusgai da dagoeneko Ipar Euskal Herrian.

Konponbide prozesuaren baitan presoen auziari erantzuteko premia aldarrikatu zuten milaka herritarrek 2017ko abenduaren 9an Parisen.
Konponbide prozesuaren baitan presoen auziari erantzuteko premia aldarrikatu zuten milaka herritarrek 2017ko abenduaren 9an Parisen. (Isabelle Miquelestorena)

2017ko apirilaren 8an iragan zen Armagabetze Egunaren lekuko izan zen Thomas Lacoste zinegileak bere azkeneko lana erakutsiko du apirilaren 13 honetatik landa Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko zinegeletan zein frantses Estatuko hainbat hiritako zinemetan ere.

Dokumentala asteazken honetan estreinatuko da Donibane Lohizune, Urruña, Getaria eta Donapauleko zinemetan. Apirilaren 15ean, berriz, Baionako L'Atalane eta Kanboko L'Aiglon zinegeletan ikusgai izanen da. 

«Europa mendebaldeko azken gatazka armatuari buruz eta horren bukaeraren gainean kontakizun koral eta sentikorra ekartzea» xede duen ‘L'Hyphotèse Démocratique-Une Histoire basque’ arakatze historiko lan sakonaren emaitza da.

Ipar Euskal Herrian eginiko aurreaurkezpen saioetan egileak berak azaldu zuenez, bi urte luze iraun duen lana dago gaurtik aurrera Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan soilik ez, Paue, Uzes, Avignon edota Okzitaniako Tolosako zinema geletan ere publiko zabalak ikusteko parada izanen duen dokumentalaren atzean.

Artxiboko irudiak eta lekukotasunak biltzeaz gain, gatazka horretan, baita konponbide prozesuan ere, protagonista izan diren hamarnaka lagunen hitzak biltzeko parada ukan du Bordelen jaiotako sortzaileak.

‘L'Hyphotèse Démocratique-Une Histoire basque’ dokumentala lehen aldiz erakutsi zuen egileak iragan azaroaren 12an Baionako L'Atalante zinegelan. Azkeneko asteotan, berriz, dozena bat aurreestreinaldi egin ditu Lacostek. 

Izan ere, gaurko estreinaldiak zirrara berezia eragiten diola aitortu du sare sozialen bidez emanaldi ofiziala baieztatu duen sortzaileak. 

Dokumental hau egitasmo zabalago batean kokatzen du Lacostek. Hala, lehenik eta behin Armagabetze Egunaren kontakizuna jaso zuen  ‘La Paix Maintenant, une exigence populaire’ izenburuko laburmetraian. 

Horren ondotik 2020ko apirilaren 27an France3 Nouvelle Aquitaine telebista kateak erakutsi zuen ‘Pays basque et Liberté, un long chemin vers la paix’ filma egin zuen.

Biarritzen ospatzen den Fipadoc aurkezturiko dokumentala EiTBk eman zuen 2020ko urriaren 19an.

Ordurako zinegileak aurreratu zuen bere egitasmoa ez zela gatazka armatuaren amaieraren kontakizuna egitera mugatuko. Hala, azken 80 urteetan gertatutakoari euskal auziaren ibilbide historikoa jorratzeko nahikeria agertarazi zuen.

80 urteko ibilbide historikoa

Gaurtik aurrera ikusgai izanen den dokumental berri horretan 1936ko estatu kolpetik hasi, altxamendu frankistak eragin zuen gerrarekin jarraitu eta ETAren hasi eta desegin bitarteko ibilbidea egin du zinegileak.

Gatazkaren protagonistak, lekukoak, biktimak baina baita historialariak edo konponbideak lortzeari begira jardun duten bitartekariengana jo du Lacostek.

ETAren sorrera bere testuinguru historikoan kokatu eta aldebakartasunetik gatazka armatuari amaiera emateko euskal gizarteak egin duen bidea marraztu nahi izan du Lacostek «izaera pedagokikoa» izan nahi duen proiektu multimedia baten bidez.

200 ordutik gorako grabazioak eta 70etik gora elkarrizketa metatu ditu zinegilearen lan taldeak eta materiala web atari batean ezarri dute bere osotasunean ikusi nahi dituztenek eskura ukan ditzaten.