Idoia Eraso

Seaskaren eskaerei entzungor, Bordeleko errektoreak ez ditu azterketak euskaraz baimendu

Asteazken honetan Seaskako ordezkariek Bordeleko Errektoretzan zuten bilkuran ez dute beraien eskaerak onartzea lortu, hau da, baxoa eta brebeta azterketa ofizialak euskaraz egin ahal izatea. Ikastolen federazioa auzitegi administratibora jotzea aztertzen ari da.

Azterketak euskaraz aldarrikatzeko Donapaleun 2021ean egin zen manifestazioa.
Azterketak euskaraz aldarrikatzeko Donapaleun 2021ean egin zen manifestazioa. (GUILLAUME FAUVEAU)

Baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izatea lortzeko bilkura izan dute Seaskako ordezkariek Bordeleko Akademiako errektorearekin asteazken honetan, baina honek ez du eskaera onartu. Hori dela eta, auzitegi administratibora jotzea pentsatzen ari da ikastolen federazioa.

Anne Bisagni-Faure errektorearen kolaboraziorako gogo eza lehenagotik ageria zen, bilkura honetako hitzordua lortzeko Hezkuntza Ikuskaritzaren hiru egoitza okupatu behar izan baitzituzten ikastoletako guraso eta langileek apirilaren 7an. Seaskako presidente Peio Jorajuriak bilkuran eskaera guztiak entzun dituela baina ez duela iritziz aldatuko esan diela nabarmendu du.

Orain bidea epaitegiak seguruenik, prentsa eta mobilizazioak izanen direla adierazi du lehendakariak. Kanpaina nola egituratuko den aztertuko dute Seaskako guraso eta langileek: «Bilkura lortzeko behar izan ditugu medio bereziak erabili; entzunak izateko orain ikusiko dugu, auzitegi administratiboarena bide bat da, baina mobilizazioekin segitu beharko dugu».

Baxoan eta brebetan ikasgai gehiago euskaraz egitea lortu ez bada, egoerak okerrera ere egin duela azaldu du Jorajuriak. Seaskak sinatutako hitzarmenean baxoko ahozko handia azterketaren parte handi bat euskaraz egiten ahalko zutela emana da, baina hori ere ez omen du aplikatu nahi errektoreak.

«Erabaki beharko dugu epe aski laburrean epaitegi administratibora joanen garen, bederen hitzarmen horren parte hori aplikarazteko. Idatzia genuen gauza bakarrari buruz gibelapena izatea onartezina zaigu» ziurtatu du. Kontzertazio esparru bakarra zen hitzarmena galtzen ari direla salatu du, eta errektoreak prentsaren bidez esaten dituztenak bakarrik entzuten dituela.

Azterketak

«Gure ikasleek brebeteko zientzietako azterketa euskaraz pasatzea ez du nahi gure errektoreak, azaldu diogu oreka bat atzemateko zela, eta horren eza ikasleen kaltetan zela, baina ez da mugituko» adierazi du Jorajuriak. Azken 25 urteetan bezala historia eta geografia eta matematikak besterik ez dute euskaraz egiten ahalko.

Baxoan hizkuntza hautatu dutenek, azterketa horren parte bat egiten ahalko dute ahoz, besteek ez. «Ikasgaietan oreka izan dadin eskatu diogu, zeren eta momentu honetan hizkuntzen arteko orekarik ez da» azaldu du Seaskako ordezkariak.

Azterketak euskaraz egitearen aldeko aldarrikapena Euskal Herrian ematen ari da: «Beste eskualdetan ez dute gure indarra, gu aitzindari ginen eta horregatik gure kontra jo egiten dute, gu ez aitzinatzeko». Bide horretan ikasturte honetan izan den urrats txiki bakarra, okzitaniarrek brebetan matematika euskaraz egiten ahalko dutela da: «Aurten beraien zazpi ikasleek okzitanieraz egiten ahalko dute matematika, baina guk hori aspaldi lortu genuen».

Okupazioa

Baionako, Donapaleuko eta Donibane Lohizuneko Hezkuntza Ikuskaritzak okupatu zituzten Seaskako langileek eta gurasoek Errektoretzarekin hitzordua lortzeko. Ordu batzuk besterik ez zituen iraun ekintzak, asteazken honetarako bilkurarako data eman zitzaielako.

Okupazioa egin baino lehenago elkartzeko hitzordua eskatu zioten Bisagni-Faureri, helburu horrekin beste ekintza bat ere burutu zuten martxoaren 31n Euskararen Erakunde Publikoak Baionan duen egoitzan sartu zirelarik, biltzar nagusia kari errektorea bertara hurbildu zelako, baina ez zuen erantzunik eman.

Azterketak euskaraz lortzeko aldarrikapena eta borrokan ari direla hamarkadak dira jada, baina aurreko ikasturtean indar berezia hartu zuen desobedientzia zibil ekintzen bitartez.

Donapaleun herriko kolegioa hiru egunez okupatu zuten brebeta azterketak euskaraz zuzenduak izan zitezen aldarrikatzeko, eta ondoren 1.500 pertsona bildu zituen manifestazioa egin zutelarik. Baxo azterketa egin zuten 40 bat ikaslek filosofia euskaraz egin zuten, zuzenduak izanen ez zirela jakinik.

Ikasturte honetan ere mobilizazio anitz izan dira azterketak euskaraz egin ahal izatearen alde. Otsailaren 4an Baionan 1.500 pertsona elkartu ziren hiriko tren geltokia eta suprefetura elkartzen zituen giza-kate bat osatzeko.