NAIZ

Selma Huxleyren izena eman diote Gipuzkoako Artxibo Historikoaren ikerketa gelari

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren ikerketa gelari Selma Huxley izena eman diote, duela bi urte zendu zen historialariaren omenez. Huxleyk XVI eta XVII. mendeen artean Ternuan eta Labradorren izan ziren euskal arrantzaleei buruzko ikerketa eta ekarpen garrantzitsuak egin zituen.

Selma Huxleyren izena daraman gelaren aurrean bere senideak eta Oñatiko Udaleko eta Artxibo Historikoko ordezkariak.
Selma Huxleyren izena daraman gelaren aurrean bere senideak eta Oñatiko Udaleko eta Artxibo Historikoko ordezkariak. (@ElorzaIzaro)

Selma Huxley Barkham historialari eta ikertzaile britainiar ospetsuaren izena ezarri diote asteazken honetan Oñatin kokatuta dagoen Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren ikerketa aretoari. Gainera, izendapenarekin batera, Huxleyri buruzko erakusketa bat zabaldu dute. Historialaria duela bi urte hil zen 93 urte zituela, eta XVI. eta XVII. mendeetako euskal itsas historiaren ezagutzari egin zion ekarpena eskertzeko xedez eskaini diote omenaldia.

Artxibo Historikoaren gela izendatzeko ekitaldi sinbolikoan Harkaitz Millanek, Kulturako foru diputatuak; Izaro Elorzak, Oñatiko alkateak; Ramon Martinek, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren atalburuak; eta Michael Barkhamek, Selma Huxleyren semeak, hartu dute parte.

Huxley Euskal Herrira iritsi zeneko 50. urteurrenarekin bat egin du omenaldiak; baita britainiarrak euskal balea arrantzaleek Ternuan izan zuten presentziari buruz hasitako ikerketekin ere. Huxley 20 urtez bizi izan zen Oñatin.

Historialariak, bere ikerketaren baitan, ehunka dokumentu aurkitu zituen Oñatiko Artxibo Historikoan. Dokumentu horiek aztertuz, Huxleyk Ternuako baleontzi portu gehienen kokalekuarekin jo zuen eta, horri esker, Nao San Juan ontzia, zeina 1565ean hondoratu zen, aurkitu ahal izan zuten Red Bayn (Kanadan). Aurkikuntzaren ildotik, Unescok 2013an Gizadiaren Ondare izendatu zuen Red Bay eta, egun, Nao San Juan ontzia berreraikitzen ari dira Pasaiako Albaola faktorian.

«Bere ikerketaren fokua lehen mailako iturrietan eta jatorrizko dokumentuetan jartzean, Huxleyk agerian utzi zuen Gipuzkoan gordetzen dugun ondare dokumentalaren aberastasuna, eta eragin zuzena izan zuen administrazioek dokumentu horien kontserbazioa, tratamendua eta zabalkundea bermatzen duten artxiboen zerbitzuak hobetu zitzaten», azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean.

Hil aurretik, 2014ko otsailean, Lakuak ‘Lagun Onari’ saria eman zion Huxleyri eta, urtebete lehenago, Donostiako Aquariumak bere Urrezko Dominarekin omendu zuen historialaria.

Red Bay

1977an Huxleyk espedizio arkeologiko bat antolatu zuen Labrador hegoaldera. Bertan, hainbat portu aztertu zituen euskal balea arrantzaleen baseekin jo arte. Horien artean Red Bayrekin, garrantzitsuenarekin, jo zuen, bere hipotesiak berretsiz.

Urtebete geroago, Huxleyren aurkikuntzan oinarrituta, kanadar jatorriko arkeologo talde batek ontzi hondarrak topatu zituen Huxleyk seinalatutako portu guztietan. Hondar horiek XVI.mendeko euskal balea ontzien arrastoak ziren. Horien artean, Nao San Juan nabarmendu zen eta, aurkikuntza horri esker, ontziaren egitura osatzen zuten piezak, ontziko objektuak eta karga atera eta aztertu ahal izan zituzten.

Horretaz gain, Gobernuak Kanadako Gune Historiko Nazional izendatu zuen Red Bay 1979an eta, gainera, Huxleyk egindako ekarpena «azken urteetan nazio honetako historiari egindako ekarpen bikainenetako bat» bezala kalifikatu zuen.