Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevue
Alaine Agirre Garmendia
Idazlea

«Jendea barrutik ikusi nahiko nuke; txikitatik daukadan obsesio edo pasioa da hori»

«Karena» bere azken nobelan berriz ere erakutsi du kanpoko mundua itzali eta barrukoaren argia pizteko duen gaitasuna, minari zuzenean begiratzeko duen ausardia. Jakintza ere bada, mina sendatzeko lehendabizi begiratu egin behar zaiolako.

Alaine Agirre.
Alaine Agirre. (Maialen ANDRES | FOKU)

Alaine Agirre Garmendia (Bermeo, 1990) oso gazte hasi zen literaturan eta dagoeneko ibilbide mamitsua osatu du, kantitatean eta intentsitatean. Pauso oso propioz, irakurlea eutsi eta itsasorantz arrastaka eramaten du, olatuak beldurgarriak izanagatik, minari zuzenean begiratzeko. Berak jarria dauka begiratua horretara. Mingarria da, baina beharrezkoa.

Nondik idazten duzu? Min basatitik?

Generoaren arabera. Haurrentzat idazten dudanean, beste leku batetik da. Baina “Karena” eta lehenagoko nobelak, hortik. Oso-oso-oso barruko leku batetik, isilpean eta ilunpean dauden gauzetatik. Idaztea niretzat minarekin dialogatzea da, dialogo horretatik ateratzen da. Ez dut jakiten oso ondo zer idatziko dudan –gero nobela bakoitza bakarra da eta bizi izan dut modu batean–, baina gertatu izan zait baten batekin banekiela idatzi egin behar nuela, gorputzean sentitzen nuen uzkurduretan nengoela, zerbait atera behar zela, eta ez nekien zer. Askotan idaztea niretzat hori da; gelditzea, kanpoko mundua itzaltzea, barruko munduaren argia piztea eta sartzen-sartzen-sartzen joatea.

Zure pertsonaietan beren buruarekin denbora asko pasatu duten pertsonak igartzen dira, beren burua eta gorputza ondo ezagutzen dutenak.

Ba bai. Nire literaturan badago barruranzko begirada etengabe bat, baita haur literatura edo gazte literatura egiten dudanean ere. Badaude idazleak paisajistak direnak, ingurua, garaia edo lekua deskribatzen dutenak. Ni gehiago naiz erretratugilea. Eta ez idazle modura bakarrik, pertsonalki ere norbait ezagutzen dudanean gustatzen zait pertsona horri pertsonalki begiratzea, gero eta gehiago ikustea, ulertzea… jendea barrutik ikusi nahiko nuke, txikitatik daukadan obsesio edo pasioa hori da; pertsonak ikustea, beren bizitza nolakoa den imajinatzea, beren minak nolakoak diren, isiltzen dituztenak, nola egiten duten aldarri…

Eta jendea barrutik ikusi nahi horretan, ematen du minari zuzenean begiratzen ikasi duzula.

Jendarte modura etengabe ari gara minetik ihesi. Baina nik aspaldi ikasi nuen mina bizitzaren parte bat dela. Pianista bati behin entzun nion bizitza zoriona eta mina dela, harmonia eta disonantzia, musikan bezala. Harmonia definitzen da disonantzia badagoelako eta disonantzia bera definitzen da harmoniaren antitesian. Orduan, bizitzaren parte da mina eta hori onartu ezean, okerrago pasatzen dugu. Orduan dator, orduan harrapatzen gaitu eta askotan eroaten gaitu sufrimenduak. Ni ere ibiltzen naiz beharbada batzuetan minari ihes egin nahian, baina idaztea niretzat minari begira jartzea da, minarekin dialogatzea. Minak asko daki gutaz, guk geuk baino gehiago, baina ez dugu entzun nahi izaten. Bide onetik eraman gaitzake, bide egokitik, guretzat ona denetik. Pista onak ematen dizkigu minak.

Zure liburuen pasarte asko lazgarriak dira, irakurlea astintzen duten egoerak dira. Irakurtzeko gogorrak badira, idazteko ez dira samurrak izango. Idazketa prozesu gogorra imajinatzen dut.

Oso prozesu fisikoa da, basatia. Inoiz ez naiz idazten dudanean bezain bizirik sentitzen. Eta ez dut esan nahi zoriontsu, idaztea ezinegon bat baita, gatazka bat, zeure buruaren kontra ari zara edertasunaren bila eta, aldi berean, hurbildu egiten zara eta urrundu edertasunetik. Edertasunarekin obsesio bat daukat. Batzuek erlijioa behar dute, beste batzuek iraultza behar dute eta nik edertasuna behar dut. Minetik idazten dut eta minari begira, baina aldi berean edertasuna bilatuz, ukituz batzuetan eta etengabe ihes egiten duela sentituz, beharbada zorionak bezala bizitzan. Bada zerbait jarraitzen duguna baina eutsi, ezin dugu eutsi, edertasuna bezala.

Idazteko orduan musika jartzen dut. Musikarik gabe ezin dut idatzi. Gero eta kontzienteago naiz prozesu horiek nola diren eta gero eta gehiago probokatu eta gidatu ditzaket, kontrolatu ez. Musika jartzea da lehen gauza, barrura eramaten nau. Intuitzen dut nora joan behar dudan eta bilatu edo harrapatu behar dudan emozioaren arabera musika bat edo bestea aukeratzen dut.

Negarra egin izan dut, amorrarazi, batzuetan atal bat zerbaiten bila bezala hasten dut, bidea okertzen da eta beste leku batera eramaten nau…

“Karena” idazten, hasieran, amniozentesiaren kapitulua idaztea oso gogorra egin zitzaidan. Gorputzean sentitzen ari nintzen. Bukatu nuenean, ezin nuen hitz egin, ezin nuen ibili, energiarik gabe nengoen. Ezin dut azaldu. Hiru platano jan nituen bata bestearen jarraian eta eguzkitan eseri nintzen kaleko banku batean. Batzuetan gertatzen zait istorioak gaindi egiten didala.

Gatozen «Karena» liburura. Haur hilaz erditu den ama baten istorioa kontatzen da. Latza. Kanpoko bizitza itzali eta barrukoa piztu zenuenean, hor topatu zenuen?

Alabaren doluaren parte bat liburu honi esker egin dut. Sarak (protagonista) bizi izan dituen gauza batzuk ez ditut bizi izan nik, eta alderantziz. Sara ez da ni, ez izaeran, ez bizimoduan… baina nire alabaren dolua egiten laguntzera etorri da. Nik banekien min hori barruan nuela. Nik digeritzeko idazten dut eta nire alabaren dolua ez nuen egin bere garaian. Atzetik-atzetik neukan, baina ez nekien zein forma hartuko zuen. Baneukan amatasunaz hitz egiteko gose bat, hobeto esan, amatasunei buruz, baita ez-amatasunari buruz ere. Hasieran ipuin bilduma bat irudikatu nuen, baina uste dut ez naizela ipuingilea. Ipuingileek errelatoak idazten dituztenean eutsi egiten dute, hitz bakoitza neurtuta dago –nik ere hitz bakoitza neurtzen dut–, errelatoak minimalistagoak dira eta ni ez naiz batere minimalista. Intentsitatea gustatzen zait, pasioa. Hori naiz eta, aldi berean, egunerokoan erreprimitu egiten naiz; nire parte arrazionalagoa ateratzen dut, oso ordenatua naiz, oso diziplinatua, oso autoexijentea, oso perfekzionista… baina idazten dudanean, askatu egiten naiz. Idaztea nire territorio librea da. Nobela hau idazterakoan ere hasieran gehien kostatu zitzaidana mundua itzali eta nire buruarekin konektatzea izan zen. Kanpoko horiek denak itzalita hasi nintzen istorioa nire gorputzean sentitzen eta gero berak hartu zuen forma. Interesatzen zitzaizkidan gai horiek denak hartu dute forma nobelan elkarri korapilatuta.

Jendartean ezkutatu edo behintzat bistara ekartzen ez den dolu mota batez hitz egiten duzu liburuan; hilda jaio diren haurrena. Kopuruz ez dira gutxi, baina ez da horiei buruz hitz egiten.

Nire helburua ez da inoiz izaten dauden tabuei buruz hitz egitea. Ez dut alfonbra altxatzen hor azpian gordetzen ditugunez hitz egiteko. Ez da horrela, atera egiten zait. Beharbada nire buruarekin gai horri buruz hitz egiteko beharra neukan, min horri begiratzeko beharra, ni ere jendarteak eraman ninduelako min hori ezabatzera, ez sentitzera… baina barruan neraman, soinean, arrastaka eta halako batean taupaka sentitzen nuen eta literatura forma hartzen hasi zitzaidan. Beti, min guztiekin, gauza bera gertatzen zait. Minean nagoenean nahi gabe etorri egiten zait literatura. Batzuetan ihes egiten diot eta beste batzuetan, gai hau etorri zitzaidanean bezala, min horri gorputza ematea erabakitzen dut.

«Karena» liburuaren atzean informazio asko dagoela sumatzen da.

Asko irakurri dut eta asko galdetu dut. Eta, batez ere, beste errealitate, gorputz eta minak erakutsi dizkidaten emakumeekin ikasi dut; ama izan nahi zuten eta arrazoi batengatik edo bestearengatik ama izan ez diren emakumeekin. Horien testigantza asko irakurri nituen eta horrek ahalbidetu zidan nire minari begiratzea eta beharbada baita Sarari begiratzea ere. Hasieran beste amaiera bat nuen Sararentzat, haurdunaldia berriro, eta gero sentitu nuen behar nuela ez izatea amaiera zoriontsua, ez delako beti. Gaur egun gutxi dakigu infertilitateaz eta laguntza bidezko teknikez. Dokumentazio lan handia egin behar izan dut eta lagun ginekologo bati galdera asko egin. Gutxi dakigu eta asko isiltzen dugu. Horretaz dakigun apurra da –transmititu digutena– infertilitate arazo bat baldin baduzu eta klinika batera joaten bazara, haurdunaldia lortuko duzula, eta hori ez da egia. Uste duguna baino emakume gehiagok ez dauka umerik; nahi izan ez dutelako edo nahi izan arren ezin izan dutelako. Zorionez bagoaz amatasuna erabaki modura hartzera eta feminismotik ere bagaude horren alde borrokatzen. Baina, hala ere, erabakia hartuta ere, batzuetan ez dator. Elkarrizketa hori ez dugu izan, gai hori ez dugu zabaldu.

Liburuan bada hiztegi berezi bat; haurdun geratzeko tratamenduen zehaztasun eta izen teknikoz osatutako hitz ilara. Gogortasuna adierazteko modu gordina eta bikaina.

Mundu guztiak aipatzen dit. Hitzen zerrendaketa batekin bakarrik beste mundu bat adierazten da, ezezagunak zaizkigun gauza asko, eta pentsatzen duzu: Jendea hau dena ari da bizitzen? Hau den-den-dena? Horrenbeste arazo existitzen dira?

Gorputzetik idazten duzu. Azala, izerdia, odola, kulero zikinak, sofan botatako gorputz indargea…

Batzuetan ez da atsegina, baina niretzat beharrezkoa da gorputzetara beste bide batzuetatik iristea, gure gorputzen beste modu, momentu, egoera batzuk ezagutzea. Batez ere emakumearenak ezabatuta daudelako. Emakumea ezabatu egiten da, ezabatzen ez denean epaitu, eta epaitzen ez denean, idealizatu egiten dira prozesu batzuk, adibidez amatasunarena. Amatasunaren inguruko diskurtso bakar eta hegemoniko bat dago, non ama super zoriontsu dagoen, ez zaio txiza ateratzen, zoru pelbikoa bere tokian dauka, haurra oso osasuntsu dago, ez dago traumarik, bikotekidearekin primeran dago… uste dut inor ez dela hor kabitzen eta gorputzekin gauza bera gertatzen zaigu. Gizonek ez daukaten bortizkeria daukagu guk, etengabe, mila lekutan kabitzeko. Ni erakarri egiten nau gorputzaren alde tapatu horrek.

Amatasunaz ari garela, Rigoberta Bandiniren «Ay Mama» abesti sonatua, gustatu omen zaizu, baina…

Bai, gustatu zait, baina. Ni joan naiz kantu hori entzutera ‘emakumeen himnoa’ zelakoan, horrela definitu dutelako, eta ez dut hori topatu. Nik sekulako lanketa egin behar izan dut indibidualki terapian eta baita kolektiboan emakume talde batean ere. Amatasuna bilatu eta amatasuna topatu ez dugunontzat, ez da erraza amatasunaren desioa askatzea minik gabe, oso mingarria da. Hor beste dolu bat dago, amatasunaren ideiarekiko dolua. Niretzat oso mingarria izan da eta ari da izaten. Nire bizitza umerik gabe imajinatzen ari naiz. Nik sekulako lanketa egin behar izan dut nire buruari ‘ez-ama’ bezala begiratzeko eta, hala ere, ahaldunduta, beteta, zoriontsu, banaizela sentitzeko. Ama izan gabe ere emakumea banaizela sentitzeko. Emakume talde horretan horrelako elkarrizketak izaten genituen eta gure ahalduntze prozesua izan zen ohartzetik emakume izanda, ama izan gabe, zapalduta zaudela. Jendarteak eraso egiten dizu ez zarelako ama eta kasu horietan mina bikoitza da, ama izan nahi zenuelako eta ezin duzulako izan. Gure elkarrizketa asko norabide horretan joaten ziren, aldarrikatzetik bagarela ama izan gabe ere.

Horregatik emakume asko minduta sentitu ginen emakumeen himnotzat saldu zenean abesti hori eta gure buruak ez genituenean hor ikusi. Zoragarria iruditzen zait, baina barru-barruan, isilpean, labankada bat ere izan nuen. Normalean gehiago interesatzen zait gutxien begiratzen diogun horretaz hitz egitea hegemonikoa den horretaz hitz egitea baino.

Honekin ohartxo bat egin nahiko nuke: iruditzen zait amatasunari ez diogula nahikoa lekurik ematen. Nik ez diot amatasunari kendu nahi ez-amatasunari emateko. Nik emakume izateko modu guztiei ikusgarritasuna eta ahotsa eman nahi diet.

Buru osasunaz galdetu nahi dizut. Zuk modu argian hitz egin duzu horri buruz. Azkenaldian gehiago hitz egiten da gaiaz, baina iruditzen zait ez dakigula nondik eutsi…

Buru osasunaz hitz egiten dugu atzamar batekin seinalatuta, kanporantz. Buru osasuna denongan dago, erridikulua da horrela hitz egitea. Buru osasunaz hitz egiten dugunean, inoiz ez dugu lehenengo pertsonan hitz egiten, beti besteen buru osasuna da. Twitterren duela gutxi erabiltzaile jator batek, intentzio onenarekin, suizidioaz ari zela bota zuen, ‘zerbait behar baduzue, esan egin behar duzue’. Nik gehituko nuke, esan dezagula, lehenengo pertsonatik. Irudipena daukat buru osasuna batzuek daukaten edo ez daukaten arazo bat bezala ikusten dela, batzuen kontua bakarrik dela. Eta ez da. Denok daukagu buru osasuna. Adibidez, suizidioaz ari garela, suizidioak bi alde dauzka eta denok egon gaitezke alde batean edo bestean, suizidioa ez dago han, urrun, suizidioa mahai honetan dago eta baita alboko mahai horretan ere.

Tapatuta zegoena ateratzen hasi da, baina diskurtso guztiekin gertatzen den bezala, hasieran usain txarra dauka, kiratsa; hipokrisiarena, erakundeen esloganena eta guri geuri kostatu egiten zaigu normaltasunez hitz egitea. Gaur egun niretzat terapiara zoazela esatea politikoa da, zaurgarritasunetik aritzea politikoa da.

Buru osasuna esapideak berak ere zalantzak sortzen dizkit. Ez dakit burua den, gorputza ere bada, osasun mentala, emozionala, psikologikoa… ez dakit nola deitu, niretzat dena da bat. Osasuna dena da bat.

Buruko gaitzez oso modu irekian hitz egin izan duzu inork gutxik egiten zuen garaian. Kaltea ekarri al dizu?

Bai. Leku askotatik deitu ninduten horri buruz hitz egiteko eta ezetz esan nien. Nik une horretatik hitz egin nuen. Orain oso beste modu batera hitz egingo nuke, askoz gehiago dakit eta diskurtso politikoagoa daukat. Une batean hori bakarrik bihurtu nintzen eta zama bat izan da. Non jarri muga? Niretzat garrantzitsua da militatzea, baina aldi berean ezin duzu zure gorputza, zure bizitza, zure izena etengabean trintxeran jarri. Ezta zure liburuak ere. Une batean sentitu dut nire liburuak ere kaltetuak izan direla.

Orain ez nago hor, hitz egiten dut terapiara joateaz, ondoezaz, ondoezak har ditzakeen formez… ondoezak forma bat hartu dezake zugan eta beste bat nigan. Are gehiago, une batean forma bat hartu dezake nigan eta beste une batean, beste bat. Dagoeneko ez dut hitz egin nahi psikiatriak erabiltzen dituen hitzekin, ezin dut, beste leku batetik hitz egingo nuke orain. Ez daude zoroak alde batean eta normalak bestean, denok daukagu barruan mina, eta ezkutatzen dutenek min handiagoa daukate.

Dikotomiaren diktadura.

Neska ala mutil, zoroak ala normalak, homoak ala heteroak… dena dikotomia horietan sartu behar dugu eta ez dut sinisten horretan. Zergatik beti kajoietan? Ez gara konturatzen konbentzioek ito egiten gaituztela? Hil egiten gaituztela? Ni hil egiten naute. Bi urte edo gehiago neramatzan idatzi gabe eta orain konturatu naiz mugan nengoela, ez niolako sormenari ateratzen uzten. Eta sormena ez da bakarrik liburu bat idaztea edo artea egitea, sormena da jendartean, munduan, beste leku batean kolokatzea. Eta ‘Karena’ idaztea bada beste leku batean kolokatzea. Ez dut besteentzat egiten, niretzat behar dut. Baina egia da feedbacka brutala izan dela. Zenbat besarkada eman ditudan! Kontatu dizkidaten istorio guztiak sostengatzen aritu naiz ni. Nik sentitzen dut ‘Karena’ dela nigandik irakurlearenganako zilbor hestea eta hori sekulakoa izan da. Aspaldi esan nuenez, nitaz idaztea da zutaz idazteko nire modua.

[Hizketan ari garela, itxitako terraza batean, txantxangorri baten kantua sumatu dugu ondo-ondoan. Barrura sartu da eta ezin atera dago]

Ikusi, hau da edertasuna eta aldi berean, mina, hemen barruan dagoelako. Edertasuna eta mina batera doaz.