NAIZ

Lau egunez urdailak asetzeko aitzakia eskaintzen duen Xingar Feria abian Baionan

Txerriaren atalik preziatuena ohorean ezartzen duen Xingar Feriak ateak zabaldu ditu gaur goizean. Lau egunez Merkatuaren Plaza eta Roland Barthes zabalgune artean banatzen den merkatuak Baiona erdiguneko karrikak girotuko ditu.

Xingar saltzailea bere produktoa dastatzeko gonbidapena eginez gazte talde bati, gaur goizean, Baionan.
Xingar saltzailea bere produktoa dastatzeko gonbidapena eginez gazte talde bati, gaur goizean, Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Xingar Feriaren 559. edizioa abian da eta, osasun krisiari loturiko arazo guztiak ez badira desagertu ere, finean bere ohiko datetan, Pazkoko garaian, eginen da aurten lau egunez  sabelak asetzeko aukera paregabea eskaintzen duen merkatua.

Baionako Xingarra izendapena duen mozkinaren konsortzioko kopresidentea den Pierre Harambatek feria aurkezteko agerraldian aitortu zuenez pandemiaren ostean sektorea bere jarduera berreskuratzn ari zela nazioarteko testuinguruari loturiko itzalak azaldu dira.

Ukranian pizturiko gerrak lehen gaiei buruzko prezioen igoerak eragin zuzena du nekazaritzaren sektorean, era orokorrean, eta txerrien hazkuntzar eragiten dio baitaere.

Edonola ere, azken bi urtetan osasun egoerak ezarritako mugak hein handi batean gainditu ondoren Xingar Feria bueltan da.

Gaur goizeko 10.30tan ateak zabaldu ditu eta igande bitartean urdaitegiko produktuak dastatzeaz gain hamaika animazioz gozatzeko parada izanen da Baionan.

Usaian Pazko asteburuan ospatzen den feria ezin izan zen egin 2020an covid19ak eragindako pandemiagatik.

Udazkenean ospatu zen, 2021ean, molde berezi batekin. Iazko edizioa hiru egunez luzatu zen. Xingar ekoizleek erakusmahaiak ezarri zituzten eta ohiko lehiaketa egin zen. Alta, merkatuan sartzeko osasun agiria behar zen erakutsi.

Aurten, berriro ere, Xingar Feria kari Merkatuaren Plaza eta Roland Barthes zabalgune (Xaho kaia) artean banatuko dira ekoizle eta bezeroak.

Egunean zehar, osasun krisia ez delako atzean

Edonola ere, feria berruskuratu bai baina gaueko giroa mugatzeko erabakia hartu du udalak. Finean, Covid19 ez baita guztiz desagertu. Osasun krisiak askoz oihartzun apalagoa badu ere, Akitania Berriako agentziak emandako datuen arabera atzo 16 herritar zaintza berezian ziren Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduko erietxetan.

Gauzak horrela, Herriko Etxeak ostatuen ordutegia murriztu du. Gaueko 01.00etan itxi beharko dituzte ateak.

Tabernariek ez dute gogoz hartu murrizketa baina Herriko Etxeak azaldu duenez osasun krisia ez da guziz gandituta eta zuhurtziaz jokatu behar da jende pilaketak saihestuz.

«Gure biziak arrunt inarrosi dituen osasun krisia azken bi urtetan jasan ondotik, azkenik etorkizuna argitzen zaigu molde eraginkorrean, espero dezagun» azaldu du Jean-Rene Etchegarayk feriaren egitaraua aurkezteko idatzitako sar hitzan.

«Pozten naiz baldintza guztiak berreskuratu direlako Baionan bere mozkin nagusiaren inguruan bilduko den lurralde oso baten eskulangintza ohitura behar den gisara ospatzeko, kalitatea bermatzeko eta ingurumena zaintzeko grina duen laborantza mota bat balioan ezarriz», gaineratu du Baionako auzapezak.

Sektore baten erakuslehioa

Gero eta gehiago aisialdi ekimenaren jitea hartu badu ere, finean, Xingar Feriak sektore oso batentzat erakuslehioa badela oroitarazi du hitz horiekin Baionako auzapezak.

Txerriki-egilearen lanbideari jarraipena emateko bidean ezinbestekoa da formazioa.

Baionako Ofizialen Eskolan urdategintzan jardun nahi duten gazteak ez dira falta.

Baionako Xingar konsortzioaren kopresidente den Pierre Harambaten ustez «hurbileko elikadura-zirkuituene garapenari loturiko lanbideak erakargarritasuna irabazi dute».

Eskolan jasotako irakaspenak agerian jartzeko aukera izanen dute ikasleek ostiral goizean Roland Barthes zabalgunean antolaturiko erakustaldian.

Feriak iraunen dituen lau egunetan era guztietako animazioak izanen dira (ikus egitaraua hemen ). Esaterako, gaur eguerdian egin da etxeko xingar onena hautatzeko lehiaketa. 39 xingarren artean Marcel Uhalde aldudearrak Baionara ekarri duenak jaso du sariak.

Bigarren saria Dominique Onchalo uztariztarrak eraman du eta hirugarrena Nicolas Etcheverria saratarrak.

Xingarraren lehenengo dastaketa egina, bazkaldu ostean, berriz, pilotazalek hitzordua izanen dute San Andreseko txinketean.

Bestalde, kantuak eta musikak tokia badute, azinbestean, Xingar Ferian.

Eguerdiro abesbatzen kontzertua izanen da Roland Barthes zabalgunean eta, arratsaldero, Jazz emanaldia.

Larunbat iluntzean, berriz, cabaret gaualdia iraganen da 20.00tik goiti Elkarteen Etxean.

Etxeko fazadak atontzeko gonbidapena

Igandean, kofradien desfilea izanen da ekimenik esanguratsuena. Goizeko 10.00etatik aurrera iraganen da.

Horretaz gain gastromiaren gaiari lotutako mezuak etxeko fazadetan jartzeko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek Xaho kaian bizi diren auzoei.

Bestalde, txerria eta xingarra erdigunean kokatzen dituzten erakusketak ere zabalik izanen dira eta hiriaren gaindik ibilbideak antolatu ditu Turismo Bulegoak.

Xingar Feria kari 250.000 bisitari inguru espero dira ondoko egunetan Baionan.