Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bolada eskas bikoitza hautsi du Joseluk, Alaves berriro ere garaipenaren bidera eramateko

Joseluk 64. minutuan eginiko gol bati esker eskuratu du Alavesek 2022. urteko bigarren garaipena, oraindik ere salbazioan itxaropena edukitzeko balio diona. Rayo Vallecano hobeto aritu da lehen zatian baina Pachecorekin topatu da. Joseluren jaurtiketan, ordea, ez da fin ibili Dmitrievski. 

Joseluk denboraldiko 13. gola egin du Rayoren aurka.
Joseluk denboraldiko 13. gola egin du Rayoren aurka. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Ale, Glorioso ale, Glorioso ale, Glorioso ale» aspaldiko ozenen entzun da larunbat honetan Mendizorrotzan. Estadioko harmailak ez dira bete –10.165 zale, zehatz-mehatz– baina indartsu bukatu dute partida. Ez da gutxiagorako, zazpi jardunaldiren ostean garaipenaren bidera itzuli baita Alaves eta oraindik ere, tartea dauka salbazioarekin sinesteko. Cadizek astelehenean Bartzelonaren aurka egiten duenaren zain, lau puntura dauka Lehen Mailan jarraitzeko txartela –Mallorcak markatzen du–. 

Joseluk eraman du taldea garaipenera, Pachecok ondo babestuta. Extremadurako atezainak lehendabiziko zatian ez balu geldituko Rayo Vallecanoren aukera argi bana, une honetan partidaren kronika oro penatik abiatuko lirateke. Baina agertu da Pacheco Iraolak zuzendutako taldearen asmo oro zapuzteko –Rayo Vallecano ere bolada eskas batean barneratuta dago– eta Alavesi bigarren bizitza bat emateko. 

Velazquezen estreinakoa izan da Mendizorrotzan. Zortzi partida faltan iritsi zen Gasteizera eta Sadarren, estreinakoan, azken minutuan ihes egin zion puntuak. Larunbat honetan, gaizki hasi du norgehiagoka baina minutuak pasa ahala, indarrak parekatzen joan dira. Eta horrekin konformatu egin behar, Alaves dagoen egoera zahurgarriak txarrenean pentsatzera eramaten baitu. 

Hala, lorpen ona izan da atsedenaldira hutsean iristea eta ordurako Velazquez ohartu da hasierako plana ez zoala ondo bidean. Jasonen parte-hartze urria tarteko –Valentziatik etorritako jokalaria ez da esperotako emaitzak ematen ari–, Manu Garcia zelairatzea erabaki du, honekin zelai erdia indartu eta Edgar hegalera ekarriz. Kausalitatea edo kasualitatea, berdin du, etxekoen minuturik onenak iritsi dira, aipatu kanariarraren erdiraketa Joseluk zutoinera errematatuz. 

Jada zaleek izan dute pisuzko arrazoi bat txalotzeko, ordura arte uskeriak nahikoak baitziren zerbait ospatzeko: Rayok baloia galtzea, aldeko alboko sakea, kornerra... Azkenean, aukera argi bat osatu du Alavesek eta oraindik ere gola urrun ikusten bazen, indarrak eta merezimenduak parekatuta izateak ematen du hauspoa. 

Joseluk ere baloi bat errematatu eta bera zutoinera bideratzean, gertuago ikusi du bolada eskasaren amaiera. Aurrelari galiziarrak zazpi jardunaldi zeramatzan golik egin gabe eta bere bolada eskasena berdintzetik hurbil ibili da. Minutuen kontua izan da dinamika eskasaren bukaera iristea, 68. minutuan urrutiko jaurtiketa batekin 1-0ekoa jarri baitu markagailuan, Dmitrievski atezainaren laguntzarekin. Rayo Vallecanoko atezaina ez da fin ibili Joseluren jaurtiketaren aurrean eta orduan ez bazekien ere, garaipena bideratzea erraztu dio Alavesi. 

Azken minutuetan tentsioa nabaritu da, logikoa den moduan. Zazpi jardunalditan ezin irabazita ibili ostean eta duela ez asko Granadak 2-1ekoa irauli ostean, beste garaipen batek eskuetatik ihes egitea sekulako kolpea litzatekeelako.

Joselu eta Riojak min hartuta bukatu dute neurketa eta ikusi beharko da zenbaterainokoa den, orain garaipena ospatzea ezinbestekoa delako babazorroentzat. Asteartean, beste final bat jokatu behar dute, kasu honetan Mallorcan. Javier Aguirrek entrenatutako taldeak galdu egin du larunbat honetan Elxen aurka eta berak markatzen du salbazioa, Alavesek lau puntura daukana.