Ernairen bozeramailea den Ane Alavak Gazte Martxaren ekitaldi nagusian adierazi duenez, «inoiz baino agerikoagoa da herri honen burujabetza beharra, sistema kapitalista zisheteropatriarkalak euskal herritarron bizitzak zentzu guztietan baldintzatzen baitu».
«Herri honek bere buruaren jabe izan behar du. Eta Euskal Herriak estatu bat behar du. Orain. Estatu bat behar dugu, euskarak biziraun dezan. Estatu bat behar dugu, lana eta aberastasuna banatu ahal izateko. Estatu bat behar dugu, aske sentitzeko eta maitatzeko. Estatu bat behar dugu, amalurra suntsituz aberastu nahi dutenei muga jartzeko. Eta estatu bat behar dugu, nola ez, sozialismorako eta feminismorako bidea egiteko. Amesten dugun Euskal Herria posible delako. Eta posible egingo dugulako», adierazi du.
Eta independentziarako aldarria lau haizetara zabaltzea gazteei dagokiela nabarmendu du. Zentzu honetan, gazte independentistek «aktibatu, saretu eta biderkatzeko ardura eta erronka» dutela ohartarazi du: «Euskal Errepublika baten aldeko nahia eta borondatea batu behar dugu, balio eraldatzaileak oinarri izanda. Independentistak baikara abertzaleak garelako, independentistak gara feministak garelako, sozialistak, ekologistak, antifaxistak, euskaltzaleak. Eta zapalkuntzarik gabeko mundu bat nahi dugulako bihurtuko dugu Euskal Errepublika errealitate».
Azpimarratu duenez, «guk, gazteok, egingo dugu hori guztia posible. Euskal Herria eraikitzeko aukera eskaintzen digun toki guztietan egongo gara. Beharrezkoak diren bide guztiak arakatuko ditugu. Gure auzo eta herrietako gaztetxeetan, asanbladetan, neska gazte taldetan, pentsionisten mobilizazioetan, talde ekologistetan, mugimendu euskaltzalearekin batera. Txikitik eta umiltasunez, baina harro. Gogoz. Indartsu».
Izan ere, egun hauetan agerian geratu denez, gazteak prest daude lan egiteko. «Asko gara. Eta zer nahi dugun argi dugu. Desjabetze bortitz bat bizitzen ari gara. Dena kendu nahi digute. Dena lapurtzen ari zaizkigu. Baina guk ez dugu mundu hau nahi. Guk ez dugun horrela bizi nahi. Zuen arauek ez digute balio, ez gaude zuen neurrira eginda. Guk bestelako bizitza bat nahi dugu. Bestelako mundu bat eraikitzen lagunduko dugu, bestelako Euskal Herria bat posible delako», gaineratu du.
Elizondon egindako ekitaldia horren adibidea da. Izan ere, Alavak aipatu duenez bezala, «milaka gazte batu gara egunotan Zugarramurditik Elizondorako bidean. Independentziarako gogoak zutik jarri gaitu. Eta zutik jarri dugu Baztan».
«Bi urteren ostean, berriz elkartu gara. Euskal gazteri independentista batuta, bestelako Euskal Herria irudikatzen, pentsatzen eta aldarrikatzen. Ez da erraza izan honarte ekarri gaituen bidea, baina egindako lanak eta borrokatutakoak eman ditu bere fruituak. Urte zailak izan dira, baina lanean jarraitu dugu. Hori baita gure ADNa: Herria eraikitzea. Egunerokotasunean, txikitasunean. Baina anbizioz. Konstantziaz. Umiltasunez. Dohakiela, ezer baino lehen, anbizioz, konstantziaz eta umiltasunez, Herri honen askatasunaren alde borrokatzeagatik espetxeratuak zein deportatuak dauden euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiei», esan du.
Faxismoaren aurrean tinko
Eta, horrekin guztiarekin batera, Ernaiko eledunak adieradi zu gazte independentistak adi egongo direla faxismoari aurre egiteko. «Kaleak hartzen ari dira. Hemen daude. Eta ez, guk ez dugu ultraeskuina zurituko. Ultraeskuina geldituko dugu. Aske bizi nahi dugulako, aske maitatu nahi dugulako, aske sentitu nahi dugulako, aske egin nahi dugulako larrutan. Argi izan dezatela: ez dira pasako!», ohartarazi du espainiar eta frantziar estatuen autoritarismoa salatu ondoren.
«Herri hau zatitu, mugak inposatu eta muga horietan migranteak, pertsonak, erailtzen dituzten estatuak dira. Herri honen nahia debekatu nahi dute: gu izatea da debekatzen dena. Baina nolakoak izan nahi dugun ere bihurtzen dute debeku. 78Ko Erregimenak eta Frantziar errepublika jakobinoak ez dute inolaz onartuko eguneroko borrokaz eraikitzen ari garen Euskal Herri euskalduna, berdinzalea, ekologista, parekidea», nabarmendu du.