NAIZ

Eskuin muturraren aurkako mobilizazioa Baionan bigarren itzuliaren atarian

Dozena bat eragilek eskuin muturraren aurka eta justizia eta berdintasun sozialaren aldeko mobilizazioa deitu dute ostegunerako, Baionan, igandean iraganen den frantses Presidentetzarako bozetako bigarren itzuliaren atarian.

Marine Le Penen afixak ezabatu zituzten Parisen eskuin-muturraren aurka asteburuan eginiko mobilizazioen testuinguruan.
Marine Le Penen afixak ezabatu zituzten Parisen eskuin-muturraren aurka asteburuan eginiko mobilizazioen testuinguruan. (Joel SAGET | AFP)

Dozena bat eragilek babestu dute oraingoz frantses Presidentetzarako bozetako bigarren itzuliaren atarian Baionan iraganen den mobilizazioa.

Ostegun honetan, Askatasun Plazan, arratsaldeko 18.00etan, eman dute hitzordua eskuin muturraren aurka eta justizia eta berdinasun sozialaren alde antolaturiko mobilizazioaren deitzaileek.

ATTAC, CGT, FCPE, FSU, LDH, Ligue de l'enseignement, MRAP, SAF, NousToutes, Solidaires eta Solidaires Etudiant.es eragileek agiri bateratua plazaratu dute protesta horrekin bat egiteko gonbidapena luzatuz herritar orori.

Berriz ere frantses Presidentetzarako bozketaren bigarren itzulira heldu dela eskuin muturra «inoizko boto kopururik handiena lortuta» azaldu dute Marie Le Penek ordezkatzen dituen ideiak «boterera heltzea» errefusatzen duten eragileek.

Eskuin muturraren hazkundearen arrazoiak «aspaldikoak eta askotarikoak» direla gaineratu dute, preseski frantses Estatuan «azkeneko urteotan garaturako muturreko politika liberalak» aipagai izan dituztela.

Gizartearen alor ezberdinetan jarduten duten elkarte eta sindikalgintzako ordezkariek oroitarazi dutenez, gobernu kudeaketa mota horrek eragin dituen «injustizia eta gizarte desberdinasunak» jomugan izan dituzte eta, gehitu dutenez, «aurrera begira ere horiek salatuko ditugu etsipenean erori gabe».

«Gure baloreak berrestea»

Izan ere, «gaur egun urjentzia bestelakoa da, batzen gaituzten ideiak eta baloreak berrestea, demokraziaren oinarrian daudela satea eta guztiz bateraezinak direla eskuin muturreko mugimenduek defendatzen dituzten gorrotoa, xenofobia, demagogia nazionalista eta denok denon aurkako posizioekin» esateko ordua dela nabarmendu dute aipaturiko eragileek.

Frantziar Errepublikaren leloa -«Askatasuna, Berdintasuna eta Senidetasuna»- «inoiz baino gehiago erdigunean egon behar dela» deritzote, «izaera eta jardueren aniztasunak aintzat hartuta etorkizun amankomuna eraikitzeko» bokazioa mahaigaineratu duten gizarte eragileek.

Justizia soziala, eskubideen berdintasuna, eztabaida demokratikoa, errepublika laikoa eta elkarkidea eta askatasunak bermatuko dituen zuzenbide Estatuaren aldeko engaimenduak aletu dituzte ondoren mobilizazioaren deitzaileek.

«Eskuin muturrak boterea hartuko balu anbizio amankomun hori lanjeran jarriko luke» oharraraziz frantses Estatuaren hiri anitzetan bezala Baionan mobilizazioa egiteko deia zabaldu dute adierazpenaren bultzatzaileek.

80 hautetsiren deialdia

Bestalde, mobilizazoaren bezperan, hainbat hautetsik eskuin muturraren aurkako bozketa sinboliko batean parte hartuko dute. Orotara 80 bat hautetsik babestu dute Askatasun Plazan, Baionan, gauzatuko den bozketa berezi hori.

Modem, Les Républicans, Martxan zein Alderdi Sozialistaren hautetsiak, besteak beste, agertzen dira Macronen gehiengoaren partaide den Vincent Bru diputatuaren kontutik igorritako zerrenda horretan, baita alderdirik gabeko zonbait ordezkari ere.

Bozketa sinboliko bihar, azteazkenarekin, arratsaldeko 18.00etan iraganen da.

Ekimenean parte hartzeko deialdia bultzatu duten hautetsiek azaldu dutenez apirilaren 24an iraganen den bigarren itzulia erabakigarria izanen da «askatasunentzat, frantses Estatuaren etorkizunarentzat eta Europako oreka geopolitikoarentzat».