NAIZ
Iruñea

Iruñeko Gelbentzu kalean okupatutako eraikina hustu du Polizia espainiarrak

Iruñeko Zentro Sozialista sortzeko asmoarekin Kontseilu Sozialistak larunbatean Gelbentzu kalean okupatu zuen eraikina desalojatu egin du Polizia espainarrak. Asteazken arratsalderako elkarretaratzea deitu dute.

Iruñeko Kontseilu Sozialistaren agerraldia, Iturraman.
Iruñeko Kontseilu Sozialistaren agerraldia, Iturraman. (Gedar Langile Kazeta)

Kontseilu Sozialistak Gelbentzu kalean garai batean zinema aretoa zegoen eraikina okupatu zuen joan zen larunbatean, bertan Iruñeko Zentro Sozialista sortzeko asmoarekin. Astearte honetan, goizean, Polizia espainiarrak «indarrez» desalojatu du, arratsaldean Iturraman egin duten prentsaurrekoan salatu dutenez.

Kontseilu Sozialistak azaldu duenez, eraikina okupatu eta biharamunetik, Poliziak «desokupazio enpresen erako sarbide kontrola ezarri zuen, desalojorako agindu judizialik gabe». Salatu dutenez, pertsona bat eraikineko bizilagun gisa identifikatu zen arren, «zaintza poliziala gau eta egunekoa izan da» eta «txandaka ibili dira patruilekin, ingurua etengabe zelatatuz, ateak etengabe kolpatuz, baita leihoetatik sartzen saiatuz ere». Eraikinean sartu nahi zuten edo Poliziaren presentziagatik protesta egitera joan ziren «dozenaka pertsona» identifikatu dituzte, eta «bi eguneko jazarpenaren ondoren», gaur goizean eraikina desalojatu dute, «kautelazko huste-agindu baten bidez».

Horren aurrean, elkarretaratzea deitu du Kontseilu Sozialistak asteazken honetarako, «Desalojoaren aurrean Zentro Sozialistak aurrera! Basta de acoso policial» lelopean, arratsaldeko 19.00etan, Gelbentzu kalean, hustutako eraikinaren aurrean.