Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ezohiko pertsonen zahartzaroari begira jarri da Arantxa Urretabizkaia

Hendaian dagoen etxe bat lortzearekin tematu da protagonista, bere bizitzako azken bizitokia izan dadin. Bidean, zahartzaroa era desberdinetan bizi duten hainbat emakume eta gizonak ageri dira istorioan, intriga puntua duen ‘Azken etxea’ eleberrian, Arantxa Urretabizkaiaren bosgarrena.

Arantxa Urretabizkaia, gaurko aurkezpenean.
Arantxa Urretabizkaia, gaurko aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zahartzaroan jarri du begia Arantxa Urretabizkaiak bere nobela berrian. ‘Azken etxea’ (Pamiela) lanarekin narrazioa alboratu eta eleberrira itzuli da suspentse puntu bat duen istorio batekin.

Iratxe Retolaza izan da edizioaren arduraduna, eta bere hitzetan, liburu honetan aurreko lanetako hainbat erreferentzia topa daitezke. Alegia, Urretabizkaiak erabili ohi dituen errekurtsoak. Hala nola, giza harremanak lantzen dira eta bizi ibilbideak aztertzen dira; bizitzako erabaki txikiek zein besteen ahotsek pertsonen nortasunean nola eragiten duten ere ikus daiteke. Istorioa pertsonaia desberdinen ikuspuntutik jarraitzen da, eta horri esker jakinmina pizteko gaitasuna du.

‘Azken etxea’-n bizi ibilbide baten azken etapa agertzen da, eta protagonista bere azken etxea izango den hori lortzean tematu den pertsonaia da; Hendaian ikusi duen etxe batekin obsesionatu da. Harekin batera, beste pertsonaia zaharrek osatzen dute istorioa, emakume zein gizonak, bizitza arrunta izan ez dutenak eta, beraz, zahartzaro «arrunta» ere izango ez dutenak. Izan ere, zahartzaroa ikusteko modu desberdinak dituzte. Urretabizkaiaren hitzetan, «ez dira aiton-amon ‘entrañableak’», eta ‘entrañable’ hitza nahita erabili duela adierazi du, berarentzat ez baitu ‘maitagarri’ hitzaren esanahia bera.

Pello Elzaburu izan zen eleberriaren bigarren irakurlea, eta telefonoz esan omen zion «thriller krepuskularra» egin duela. Pertsonaien zein istorioaren inguruan ez du gehiago esan nahi izan, «intriga dagoenez, gaizki legoke spoiler egitea». Rezolak, berriz, pista txiki bat eman du: «pertsonaia guztiak ezagutzean badaude gure imaginario kolektiboan eraiki diren estereotipoak».

Nahi duena idazteko askatasuna

«Sarritan, liburu bat amaitzen dudanean badakit hurrengoari nola heldu, baina honekin ez zait hori gertatu», esan du egileak ezer idatzi gabe denbora asko pasatu zuela aitortu aurretik. Izan ere, ideiarik gabe zegoen eta zerbaitek txinparta sortu zion: «lagun bati beste lagun bati buruz galdetu nion, eta esan ziran azken etxearen bila zebilela buru belarri».

Pandemia aurretik hasi zen idazten, baina itxialdiarekin batera idazteko gogoa galdu zuen. Idaztera itzuli zenean eginda zituen 30-40 orrialdeak berrirakurri zituen eta ia denak baztertu zituen, eta beste ildo batetik jo zuen.

Azpimarratu du fikzio hutsa dela, berak ez lukela protagonista bezala jokatuko eta, hare gehiago, ez litzakela bere laguna ere izango. Hala ere, ez dator bat «zaharrei deskantsatzea tokatzen» zaielaren ideiarekin, eta horregatik idatzi du liburu hau.

Ezohikoa da, ez baitu elkarrizketarik erabili modu tradizionalean. «Elkarrizketak destilatu ditut, eta ahozko hizkeran erabiltzen ditugun bezala sartu ditut», aipatu du, eta kontatu du liburu dendako langile batek esan ziola estilo hori txarra dela. «Irakurleek ez badute marratxo batekin hasten diren esaldiak ikusten, ez dute nahi», azaldu du.

Hori kontutan izanik, eskerrak eman nahi izan dizkio Pamielari bere lana argitaratzeagatik. «Hemendik urtebetera, irakurleak izan dituen edo ez ikusten dudanean, jakingo dut hobeto zer egin dudan», aitortu du parrez. Izan ere, berak esan ohi du: «liburu batek ez badu arrakastarik, nire autoestimuak sufritzen du, baina nire kontu korronteak ez». Horregatik, idazten duenean ez da arrazionala, eta ateratzen zaiona idazten du.