‘Samuel eta Slawo’, absurdoaren ipuinak Karlos Linazasororen eskutik

Samuel Beckett eta Slawomir Mrozek idazleen ironia eta umore beltza erreferente izan dira Karlos Linazasororen literaturgintzan. Oraingoan horiei begirada zuzendu die sarkasmoz eta absurdoz betetako 86 ipuin osatzeko. Testu laburrari bertutea ikusten dionez, gehienak mikroipuinak dira.

Karlos Linazasoro ‘Samuel eta Slawo’ liburuaren aurkezpenean.
Karlos Linazasoro ‘Samuel eta Slawo’ liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kontakizun laburrak idaztea gustatzen zaio Karlos Linazasorori, nahiz eta ia genero guztiak landu dituen. Bere liburu berrian, ‘Samuel eta Slawo’ (Alberdania), ipuinak bildu ditu. Jorge Gimenez Bench editoreak aurkezpenean azaldu bezala, 150 orrialdetara nekez iristen den liburua da, baina 86 pieza idatzi ditu. Gainera, Asier Rekondo Laskurainen hitzaurre bat ere badago. Horrek esan nahi du testuak laburrak direla, mikroipuinak gehienak.

«Nire marka pertsonaletako bat hori da. Sotil idazten dut. Zenbat eta laburrago, hobe. Mikroipuinak beti idatzi izan ditut. Askotan zailagoa da; oso biluzik agertzen dira ideiak eta trebezia behar da. beti ibili behar da testua biluzten. Iruditzen zait zenbat eta laburrago, meritu gehiago duela ipuinak, baina horretarako ideia on bat behar da. Normalean, nobelan erdia sobratzen zait», aitortu du egileak bere estiloari buruz mintzaka. Izan ere, ipuinez gain, maite ditu poemak, haikuak eta aforismoak, denak laburrak.

Mikroipuinak ez diren kontakizunak ere badaude ‘Samuel eta Slawo’-n. Ipuin luzexeagoak ere idatzi ditu, baina ez dira «ipuin ortodoxoak, hasiera, garapen eta amaierarekin». Aldiz, elkarrizketa bidez emanak dira, antzerkirako gidoiak diruditenak, hezurdura bat bezalakoak.

Kontakizunak absurdoak dira, ironiaz eta umore beltzez beteak. Izenburuarekin eta azalarekin ematen dio irakurleari pista bat barruan zer aurkituko duen asmatu dezan. «Karlos idazlez gain, margolaria ere bada. Azala egin gabe zegoenez, marrazki batzuk eskatu nizkion eta pare bat aukeratu genituen: absurdoak, karikaturak, garraztasun puntu batekin… liburuaren intentzioak laburtzen dituzte», aipatu du Gimenez Benchek. «Beldurra ematen du portadak», aitortu du Linazasorok berak, nahiko groteskoak diren bi aurpegiei begira.

Horiek izenburuan aipatzen diren bi idazleak irudikatzen dituzte, bere ibilbide literarioan oihartzuna izan dutenak; Samuel Beckett eta Slawomir Mrozek. «Hauek maisuak izan daitezke eta ni diszipuloa», azpimarratu du bere idazketan duten eragina onartuz. Biek lantzen dute absurdoa eta umore beltza. «Liberaturak zure barrenak mugitzeko balio behar du. Literatura mailu bat izan behar du, gauza serioa da. Baina serioa izan arren, umorea niretzako salbabide bat da», adierazi du Linazasorok. Umorea baliatzen du galderak egiteko, finkatuta dauden pentsamenduak zalantzan jartzeko eta kaosa sortzeko.

Umore horri helduz, ezagunak diren istorioen bertsioak egiten ditu, «remake-ak». Mitoak edota Bibliako pasarteak bere erara idazten ditu, gustoko duen sarkasmoa erabiliz. Anatomiako terminologia ere gustatzen zaionez, ipuin luzeetan txertatu du hori, saiakerak izango balira.

Hitzaurrean, badirudi Rekondo Laskurainek Linazasororen heriotza iragartzen duela edo, behintzat, idazteari utziko diola. Horri buruz idazteko baimena hartzen du idazlea ondo ezagutzen duelako, eta horretarako ironia fina erabiltzen du, testu informatiboa izateaz gain, irakurlearentzat entretenigarria ere eginez. Heriotzaren kezka aipatzen du, beraz, baina Linazasorok esan du berari ez diola gai horrek gehiegi kezkatzen. Berriz, aitortu du nahiko lukeela hainbat gaien aurrean bere liburuko pertsonaiek duten jarrera izan. «Nola ez duten konponbiderik, euren jarrera da umorea eta ironia erabiltzea ihes egiteko modu bezala. Nik gauzak beste modu batera hartzen ditut, eta laguntzen dit idazteak eta barre egitea konturatzeko gauzak ez direla hain larriak», azpimarratu du.